Uda badoa, udazkena dator
Uztaileko azken asteazkeneko feriaren berri eman genuenetik urtaro aldaketaren gertutasuna ageri zaio asteazken goizari. Udaberriz geroztik aipatu izan dugun produktuen aurrerapenaren joerak jarraitzen du. Beste urte batzuekiko aldea handia da kasu batzuetan, babarrunak eta intxaurrak esate baterako. Jadanik atzoko ferian babarrun beltza, Bizkaikoa, aletua bazuen Lasak, 13 euroan kiloa. Intxaurrak ekarri zituen Berrobiko Mapi Telleriak. «Joan zen astean bildu nituenak dira, baina oraindik hezeak daude», zioen arren, iaz baino hiru aste lehenago jarri dituzte salgai. Gaztainak berriz aukeran ziren Aramakoak «San Bartolome gaztaina, txikia eta sanoa» –Miren Jauregiren hitzak– eta Oriotik propio etorri den Lurdes Eizagirrerenak: «Betitik ezagutu ditut nik gaztainondo hauek etxean eta goizeko gaztaina da baino izenik ez dakit», adierazi zuen. Horiek M. Lasaren postuan eros daitezke. Frutetan mota berri dezente aurkeztu zizkieten bezeroei atzo Idiazabalgo Kalbarioko Amaiak eta Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk bereziki: konferentzia eta xirimiri udareak, irasagarrak, erreineta grisa, red star eta hiru izkina motako sagarrak. Azken horren berezitasunari buruz honakoa zioen Aizpuruk: «Erretzeko da hau oso ona, erre ahala azalak alde egiten baitio». Errezil edo Ibarbia sagarra Hala bildutakoa omen zen saski bete sagar errezil. Izan ere «adarra puskatu eta ardiak jan ordez bildu eta Ordiziara ekartzea pentsatu nuen» kontatu duk. Bitxikeria moduan aipatu, Errezilen [...]
Uztaileko azken asteazkeneko feriaren berri eman genuenetik urtaro aldaketaren gertutasuna ageri zaio asteazken goizari. Udaberriz geroztik aipatu izan dugun produktuen aurrerapenaren joerak jarraitzen du. Beste urte batzuekiko aldea handia da kasu batzuetan, babarrunak eta intxaurrak esate baterako. Jadanik atzoko ferian babarrun beltza, Bizkaikoa, aletua bazuen Lasak, 13 euroan kiloa.
Intxaurrak ekarri zituen Berrobiko Mapi Telleriak. «Joan zen astean bildu nituenak dira, baina oraindik hezeak daude», zioen arren, iaz baino hiru aste lehenago jarri dituzte salgai. Gaztainak berriz aukeran ziren Aramakoak «San Bartolome gaztaina, txikia eta sanoa» –Miren Jauregiren hitzak– eta Oriotik propio etorri den Lurdes Eizagirrerenak: «Betitik ezagutu ditut nik gaztainondo hauek etxean eta goizeko gaztaina da baino izenik ez dakit», adierazi zuen. Horiek M. Lasaren postuan eros daitezke.
Frutetan mota berri dezente aurkeztu zizkieten bezeroei atzo Idiazabalgo Kalbarioko Amaiak eta Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk bereziki: konferentzia eta xirimiri udareak, irasagarrak, erreineta grisa, red star eta hiru izkina motako sagarrak. Azken horren berezitasunari buruz honakoa zioen Aizpuruk: «Erretzeko da hau oso ona, erre ahala azalak alde egiten baitio».
Errezil edo Ibarbia sagarra
Hala bildutakoa omen zen saski bete sagar errezil. Izan ere «adarra puskatu eta ardiak jan ordez bildu eta Ordiziara ekartzea pentsatu nuen» kontatu duk. Bitxikeria moduan aipatu, Errezilen Ibarbia esaten diotela Goierrin errezil esanez ezagutzen den sagar mota preziatu horri.
Abuztuko azokei buruzko oso balorazio baikorra entzun diegu batzun batzuri. Eta iraila hasiz bat, datorren asteko feria bereziari begira, prestatzen hasiak dira saltzaileak, batzuk ilusioz hartzen dute, beste batzuei «pasatua balitz hobe» entzuten zaie.