Lazkao Txikik bedeinkatu zuen sariketa
Dozenaka bertsolari eta bertsozaleren bilgune izan den Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketak 20 urte bete ditu. Haren sorreraz, ibiliaz eta geroaz hitz egin dute Argi Berri elkartekoek Goierriko Bertso Eskolaren X. urteurrenaren harira sortutako ekimena da Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki-ren izena daraman bertsopaper lehiaketa. 1992. urtea da. Bertso Eskola kudeatzen duen Ordiziako Argi Berri elkarteko kideek «gerorako zerbait utzi» nahi zuten urteurren horren bueltan, eta bertsopaper lehiaketa bat antola zezaketela pentsatu zuten. Joxe Mari Barandiaranek ondo gogoan ditu garai haiek. Pastorala egin berria zen Ordizian, bertso eskolako umeekin grabazio bat ere egina zuten, eta Hamar urteko uzta izenburupean liburuxka bat atera zuten Argi Berrikoek, baina beste zerbaiten nahia ere bazuten: «Garai hartan ez dakit modan zegoen, baina leku askotan hasi ziren bertsopaper lehiaketak antolatzen. Baserrirena martxan zegoen, Balendin Enbeitarena ere bai, Joxe Lejarretarena… Ordurako mordoxka bat bazegoen, eta guk ere antolatzea erabaki genuen», gogoratu du. Behin erabakia hartuta, lehiaketa bataiatzea zen hurrengo urratsa. Barandiaranen esanetan, hasiera batean 1936ko txapelketan parte hartu zuten bi ordiziarretako baten izena, Artxanberri –jaiotzez zaldibiarra zen– edo Mintegirena, jartzea zerabilten buruan, baina Mikel Mendizabal bertsolariak «erraza» zutela esan zien, eta Lazkao Txikiren izena erabil zezaketela azaldu. «Lazkao Txikik ondo hartu zuen proposamena, baina baldintza bakarra jarri [...]
Dozenaka bertsolari eta bertsozaleren bilgune izan den Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketak 20 urte bete ditu. Haren sorreraz, ibiliaz eta geroaz hitz egin dute Argi Berri elkartekoek
Goierriko Bertso Eskolaren X. urteurrenaren harira sortutako ekimena da Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki-ren izena daraman bertsopaper lehiaketa. 1992. urtea da. Bertso Eskola kudeatzen duen Ordiziako Argi Berri elkarteko kideek «gerorako zerbait utzi» nahi zuten urteurren horren bueltan, eta bertsopaper lehiaketa bat antola zezaketela pentsatu zuten.
Joxe Mari Barandiaranek ondo gogoan ditu garai haiek. Pastorala egin berria zen Ordizian, bertso eskolako umeekin grabazio bat ere egina zuten, eta Hamar urteko uzta izenburupean liburuxka bat atera zuten Argi Berrikoek, baina beste zerbaiten nahia ere bazuten: «Garai hartan ez dakit modan zegoen, baina leku askotan hasi ziren bertsopaper lehiaketak antolatzen. Baserrirena martxan zegoen, Balendin Enbeitarena ere bai, Joxe Lejarretarena… Ordurako mordoxka bat bazegoen, eta guk ere antolatzea erabaki genuen», gogoratu du.
Behin erabakia hartuta, lehiaketa bataiatzea zen hurrengo urratsa. Barandiaranen esanetan, hasiera batean 1936ko txapelketan parte hartu zuten bi ordiziarretako baten izena, Artxanberri –jaiotzez zaldibiarra zen– edo Mintegirena, jartzea zerabilten buruan, baina Mikel Mendizabal bertsolariak «erraza» zutela esan zien, eta Lazkao Txikiren izena erabil zezaketela azaldu.
«Lazkao Txikik ondo hartu zuen proposamena, baina baldintza bakarra jarri zigun, politikarik ez zuela nahi. Badakigu hura nolakoa zen, eta guk lasai egoteko esan genion, horrelakorik ez zela egongo», zehaztu du Barandiaranek. 1992ko martxoan Argi Berriko orduko presidente Manolo Gorospek eta Lazkao Txikik hitzarmena sinatu zuten, lehiaketaren izaera eta nondik norakoak idatzita utziz. Urte bereko irailean egin zen lehen lehiaketa, eta Oihane Enbeita, Aitor Albistur eta Rufino Iraola izan ziren irabazleak. Lazkao Txiki bera izan zen ekitaldian. Aurreneko eta azkeneko sari banaketa ekitaldia izango zen Lazkao Txikirentzat, hurrengo urtean, 1993ko apirilaren 3an, hil baitzen Donostiako erietxean.
Txikia oroigarria saritzat
Lehiaketa antolatu bai, baina finantzatu ere egin beharra zegoen. Udaletxera jo zuten, eta diru laguntza jaso zuten. Gauza bera egin zuten hurrengo urtean, baina pentsatu zuten «tristea» zela urtero diru eske ibiltzea, eta Argi Berri elkarteak eta Ordiziako Udalak oraindik ere indarrean dagoen elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten 1994. urtean.
Lehen hamarkada aberatsa ezagutu zuen lehiaketak. Garaiko Goierriko bertsolari gazte gehienek irabazi zuten lehiaketa mailetakoren batean, eta tarte horretan Rufino Iraola zaldibiarra bost aldiz nagusitu zen. Lehiaketak 10 urte beteko zituenerako beste bereizgarri bat txertatu nahi izan zuten, eta Antton Mendizabal eskulturgileari oroigarri bat prestatzeko agindu zioten. «Goierri, Txindoki eta Lazkao Txiki batzen dituen oroigarria da Txikia eskultura, eta erabilitako materialak Aralarrekin du lotura, kareharriz eta egurrez egindako baita», nabarmendu du Aitor Calvillo Argi Berriko kideak.
Laugarren liburuxka kalean
Bigarren hamarkada ere «osasunez ondo» bete du bertsopaper lehiaketak. Goierritarren presentzia, beharbada, ez da izan horren nabaria, baina jasotako lan kopuruak itxaropentsu egoteko arrazoiak ematen ditu. «Egonkortutako lehiaketa bat da, garai hartan sortutako lehiaketa guztiek ez baitute aurrera egin», adierazi du Calvillok. Udalaren partetik jasotako babesa ezinbestekoa izan da bide horretan, eta lankidetza horren ondorio da aurten kaleratu duten laugarren liburuxka. Azken bost urteotan saritutako bertsoak bildu dituzte ale horretan.