Ondo errotutako ekitaldia
Eguraldi hezea egin arren, jende asko bildu du aurten ere Zerainen Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren azokak. Aitziber Makazaga Zeraingo turismo bulegoko kideak jakitera eman duenez «gainera, asko izan dira produktu ekologikoak erosi dituzten lagunak» eta beraz, gustura daude produktugileak zein azokaren antolatzaileak. Goizeko bederatzietan ireki zuten azoka igandean, baina horrelakoetan ohikoa den moduan eguerdi partean ibili zen jende gehien. Bisitari gehienak gipuzkoarrak izan ziren, besteak beste, Goierriko herrietatik, Oñatitik, Arrasatetik, Donostiatik, Hernanitik eta Tolosatik gerturatutakoak. Adinari dagokionean berriz, aniztasuna izan zen nagusi, gurasoak euren seme-alabekin, gazteak eta helduak ikus baitzitezkeen bertan. Jendeak erosi zituen produktuen artean berriz, besteak beste, barazkiak, pasteltxoak eta bestelako gozoak, ardoa, gazta, fruta, ogia, eztia, irasagarra eta marmelada zeuden. Makazagak aipatu duenez, produktuak erosteaz gain, aurten eguraldiarengatik turismo bulegoan eta museoa ikusten jende gehiago ibili da beste urte batzuetan baino. Erakustaldiak eta tailerrak Nekazaritza ekologikoko produktuak ikusi eta erosteaz gain, antzinako eran, tolarean, sagarrei ateratako muztioa edateko aukera ere izan zuen bertara hurbildutako jendeak. Hori bai, beste urte batzuetan ez bezala, etenaldi txiki bat edo beste egin behar izan zuten euriarengatik bertan lanean aritu zirenek. Erakustaldiez gozatzeko aukera ere izan zuen jendeak. Julian Muñoa artzain ohia eta Jon Harregui artzaina esaterako, behorren buztaneko ileekin zurda-sokak egiten aritu [...]
Eguraldi hezea egin arren, jende asko bildu du aurten ere Zerainen Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren azokak. Aitziber Makazaga Zeraingo turismo bulegoko kideak jakitera eman duenez «gainera, asko izan dira produktu ekologikoak erosi dituzten lagunak» eta beraz, gustura daude produktugileak zein azokaren antolatzaileak.
Goizeko bederatzietan ireki zuten azoka igandean, baina horrelakoetan ohikoa den moduan eguerdi partean ibili zen jende gehien. Bisitari gehienak gipuzkoarrak izan ziren, besteak beste, Goierriko herrietatik, Oñatitik, Arrasatetik, Donostiatik, Hernanitik eta Tolosatik gerturatutakoak. Adinari dagokionean berriz, aniztasuna izan zen nagusi, gurasoak euren seme-alabekin, gazteak eta helduak ikus baitzitezkeen bertan.
Jendeak erosi zituen produktuen artean berriz, besteak beste, barazkiak, pasteltxoak eta bestelako gozoak, ardoa, gazta, fruta, ogia, eztia, irasagarra eta marmelada zeuden. Makazagak aipatu duenez, produktuak erosteaz gain, aurten eguraldiarengatik turismo bulegoan eta museoa ikusten jende gehiago ibili da beste urte batzuetan baino.
Erakustaldiak eta tailerrak
Nekazaritza ekologikoko produktuak ikusi eta erosteaz gain, antzinako eran, tolarean, sagarrei ateratako muztioa edateko aukera ere izan zuen bertara hurbildutako jendeak. Hori bai, beste urte batzuetan ez bezala, etenaldi txiki bat edo beste egin behar izan zuten euriarengatik bertan lanean aritu zirenek.
Erakustaldiez gozatzeko aukera ere izan zuen jendeak. Julian Muñoa artzain ohia eta Jon Harregui artzaina esaterako, behorren buztaneko ileekin zurda-sokak egiten aritu ziren. Biei laguntzen berriz, Xabier Dorronsoro Zeraingo aguazila aritu zen. Azoka ekologikoaren barruan erakustaldi berria da hori. Makazagak aipatu duenez, galtzen ari zela ikusita erabaki zuten berreskuratzea. Jakinminak bultzatuta, jende dezente inguratu zen Muñoarengana eta Harreguirengana.
Aintzinako eran Lixiba egiten aritu zirenek ere piztu zuten jendearen arreta.
Erakustaldiez gain, hainbat tailer ere burutu zituzten goiz-eguerdi partean. Haurrak esaterako galleta ekologikoak egiten aritu ziren eliz atarian. Tinta eta kandela tailerrak ere burutu zituzten. Xapre trikitilariak berriz, giro bikaina jarri zuen herrigunean eta beraz, ez zen aspertzeko aukerarik izan igandean Zerainen.
Herri kirolak arratsaldean
Arratsaldean herri kirolak egin zituzten. Hasiera batean plazan lehiatzekoak ziren, baina eguraldiarengatik saioa frontoian egiteko erabakia hartu zuten antolatzaileek.
Bi proba egin zituzten kirolarien artean. Lehendabizikoan Ion Muñoa eta Iosu Etxezarreta zeraindarrek, Joseba Arakama eta Mikel Larrea Xito zegamarrak izan zituzten aurkari. Apostua osatzeko bi bikoteek harri jasotzen eta korrika aritu behar izan zuten, lau aldiz. Aldiko 20 aldiz altxatu behar izan zuten 50 kiloko harria, eta korrika kilometro bat osatu behar izan zuten. Zeraindarrek irabazi zuten norgehiagoka korrika ateratako aldearengatik.
Ondoren aizkora saioa egin zuten. Xabier Dorronsorok (Zerain) eta Iñaki Lakiolak (Legazpi) Aitor Urteagaren (Idiazabal) eta Imanol Berasategiren aurka (Zegama) neurtu zituzten indarrak. Kanaerdiko lau enbor eta 60 ontzako bi enbor zeinek azkarrago ebaki zegoen jokuan. Dorronsorok eta Lakiolak irabazi zuten lehia. Urteaga eta Berasategi kortetan asmatu ezinda ibili ziren. Bukatzea kostatu egin zitzaien eta hor atera zieten aldea beste biek.
Ikusleen artean jendea parte hartzera animatu zedin 40 kiloko txingak jarri zituzten gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat berriz, 25 kilokoak. Zeinek plaza gehiago egin zegoen jokoan. Gizonezkoetan Zeraingo Ander Goitiak irabazi zuen proba. Emakumezkoetan pertsona bakarra animatu zen parte hartzera, Azpeiti aldeko Oihana, eta beraz, bera izan zen txapeldun.
Frontoia beteta zela egin zituzten herri kirolak, eta gustura zegoen Xabier Dorronsoro Zeraingo aguazila eta herri kirolaria. «Eguraldi hezea egin arren jendeak erantzun egin du, eta giro oso ona sortu da pilotalekuan. Azokari bukaera emateko modu polita izan da».