Felipe Areizaga (Urretxu, 1921) urretxuarra da, Etxaburu baserrikoa. Duela 75 urte, Lizarriturri iturria jarri zutenean, gora eta behera ibili zen anaiarekin batera, astoa kargatu eta zama igoz. Ordutik iturriarekin harreman handia izan du; asko, lanari lotuta.
Nolatan jarri zen iturri bat Irimoren magalean?
Federacion Vasca de Alpinistas-ekoek jarri zuten iturria, Txindoki Mendigoizaleen taldearekin. Benito Etxeberria, Benito Perez, Antolin Aristegi… ibili ziren hor. Lan gehiena alpinistek egin zuten. Han denean ura zegoen, pausu bat ere ezin zen eman. Lizarriturrin bertan dago manantiala. Hala hasi ziren. Langileak, eta besteak orduz kanpo lanean. Gure aita eta ondoko etxebizitzako gizon bat ere ibili ziren han. 1936ko ekainean izan zen hori. Gero gerra etorri zen eta dena nahastu zuen. Ordundik berritu ere egin dute, 1986. urtean kasu,
50. urtemuga ospatu zenean. Eserlekuak jarri zituzten orduan eta hondeamakina ere orduan iritsi zen. Lehenago eskuz egin behar zen guztia, pikotxarekin, palarekin eta karretilaz.
Nola eraiki zuten iturria?
Errepiderik ez zegoen han, Santa Barbararaino erromatar bidea deitzen geniona zegoen, eta guk haraino idiekin eta gero astoekin igotzen genuen zama. Hondarra zakuetan igotzen zen. Idiekin mendiko bideetatik generoa ekar daiteke, goitik behera, baina alderantziz, igotzeko, ez. Behetik gora gurdia jaso ezinda ibiltzen ziren.
Zenbat denbora iraun zuten lanek?
20 egunean edo amaitu zen. Behin hasita, jarraitu egin zuten.
Inauguraziorik egin al zen?
Santa Barbaran, behean egin zen. San Joan eguna igaro, eta hurrengo igandean. Alpinista jende horrek egin zuen. Orduan mendirako gogoa bolo-bolo zegoen eta.
Zu ere mendira joatearen zalea al zinen?
Arditara joaten nintzen, egunero. Irimoko buelta egiten nuen, Antzuolako mugarriraino, seigarren puntan. Maiatzean hasi eta Santiago bitartean, uztailaren 25era arte. Marmitekin ardiak jaistera joaten ginen. Iluntze aldera joaten ginen, seietan igo, gaztai koskorren bat eta ogi pusketaren bat jan, eta ardi bila joaten ginen. Inork ez zekien non zebiltzan.
Iturriak gerra ere ezagutu zuen…
Irimon parapetoa egon zen, gurutzea dagoen lekuan. Lizarriturriko etxolatan egon ziren goardiatan. Goikalde hartan jende pila bat ibiltzen zen. Orain pinua dago, baina lehen guztia arrasoa zen, pagadiren bat edo beste zegoen, baina bota egin zituzten.
Gero falangistak ere etorri ziren…
Hauei jana eramaten genien mendira. Hiru hilabetez egon ziren gurutzean. Eguraldi txarra zegoenean Ipiñarrietara jaisten ziren. Astoekin bazkaria eramaten genien eta gure astoa horregatik libratu zen, besteenak eraman egin zituzten. Jaietan joaten nintzen ni normalean. Oilaskoren bat edo besteren bila ere etortzen ziren. Eskatu egiten zuten, eta eman egin behar, lehenbaitlehen joan zitezen. Orduan jana bazegoen, gerra ondorenean etorri zen gosea.
Iturria Urretxuren sinbolo bihurtu da. Espero al zenuen halakorik?
Ez nuen halakorik espero. Alpinisten zerbait zen, mendizaleena.
Berezia izango da zuretzat…
Beti da berezia. Lehenago ere han sailak baditugu eta hara joaten ginen, bazkaltzera ere behin baino gehiagotan. Artean mahairik ere ez zegoen. Leku polita da.
Beti lanari lotuta ezagutu duzu…
Hementxe jaio ginen, eta horixe ikasi genuen. Ferrolen soldaduskara hiru urtez joan nintzen, eta fabrikan ere zerbait ibili naiz. Egunean 1.000 bonben armazoiak egiten genituen Aparizionean. Hemendik Valladolidera bidaltzen zituzten, kargatu zitzaten. Hegazkinetarako bonbak ziren. Hegalak Legazpin egiten zizkieten. Hala ere, gerra amaitu zenean, hiru erreleboetatik bi etxera bidali gintuzten. Ordutik, baserrian egin dut lan, beti idiak izan ditut lagun. Laborea egiteko denboran gora eta behera, hara eta hona ibiliz. Urteren batean artoa 8 edo 9 etxetan lantzera iritsi nintzen. Orduan hori zegoen eta guk ez genuen besterik ikasi: lana eta lana.
Zer da Lizarriturri zuretzako?
Egoteko toki ederra.
Orain igotzen al zara iturrira?
Bai, aurten ere izan naiz, 75. urteurrenaren egunean. Ez nuen joateko ideiarik eta koinatuak animatu ninduen. Igo ginen, eta han ikusi nituen txistulariak eta gainontzeko guztiak. Begi zabalik. Koinatak bazekien ni han ibilitakoa nintzela. Zeinek esango zion hari ba! Iturria jarri zenean astoarekin materiala igo besterik ez nuen egin nik. Etxekoarekin eta beste bi-hiru astorekin, tartean Ipiñarrietakoa. Kargatu eta gora joaten ginen.
Iturri hori jarri zenetik zertan aldatu da Urretxu?
Lehen lau baserri ziren, eta kalean beste lau bizi ziren. Guztiok ezagutzen genuen elkar. Esne-partitzen ibiltzen nintzen eta kaleko jende denak ezagutzen ninduen. Orain Urretxuk Donostia ematen du! [barrez].