Jatorrizko Euskal Animalia Espezieen XII. Erakusketa igandean egingo dute, Ormaiztegin
Igandean (urriak 9) egingo dute Ormaiztegin Arrastoak, Jatorrizko Euskal Animalia Espezieen Erakusketa goizeko hamarretan hasita. Ormaiztegiko Udalak eta Euskal Herriko Abere Autoktonoen elkarteek antolatu dute, eta aurtengoa egiten duten 12. aldia izango da. Euskal Herrikoak diren animalia arrazak egongo dira erakusgai. Asko desagertzear dauden arrazak dira, gainera. Euskal Herrian ezaugarri horiekin egiten den erakusketa bakarra da, eta ekimen horren helburuak Euskal Herriko animalia arraza autoktonoak ezagutzera ematea, eta mantentzeko egiten den lanaren berri ematea dira. Erakusketa horren garrantziaz hitz egin dute gaur Donostian Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak, Rosa Maria Urkia Ormaiztegiko alkateak eta Haritz Maiz Ormaiztegiko Nekazaritza zinegotziak. Lizarralderen ustez ardi latxak eta larreak “oso garrantzitsuak” dira lehen sektorean. Baserritarren ekonomia altxatzeko “ezinbestekotzat” jo zituen. “Ardi latxaz gain, beste arraza ugari daude ezagutzen ez ditugunak eta desagertzeko zorian daudenak. Horiek babestu egin behar ditugu, eta horretarako lehendabizi ezagutu egin behar ditugu. Aukera bikaina izango dugu igande honetan horretarako”. Informazioa emango dute Goizeko hamarretatik aurrera egongo dira ikusgai jatorrizko euskal animalia espezieak, erakusketara egokitutako gune berezietan. Elkarte bakoitzak jatorrizko euskal animalia espezietatik ekoiztutako produktuak ere salduko ditu. Goizeko hamaiketatik aurrera gune bakoitzean megafoniaren bitartez elkartekideek arraza horiek azken urteetan izan duten garapenari eta ezaugarriei buruzko azalpenak emango dituzte. [...]
Igandean (urriak 9) egingo dute Ormaiztegin Arrastoak, Jatorrizko Euskal Animalia Espezieen Erakusketa goizeko hamarretan hasita. Ormaiztegiko Udalak eta Euskal Herriko Abere Autoktonoen elkarteek antolatu dute, eta aurtengoa egiten duten 12. aldia izango da.
Euskal Herrikoak diren animalia arrazak egongo dira erakusgai. Asko desagertzear dauden arrazak dira, gainera. Euskal Herrian ezaugarri horiekin egiten den erakusketa bakarra da, eta ekimen horren helburuak Euskal Herriko animalia arraza autoktonoak ezagutzera ematea, eta mantentzeko egiten den lanaren berri ematea dira. Erakusketa horren garrantziaz hitz egin dute gaur Donostian Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak, Rosa Maria Urkia Ormaiztegiko alkateak eta Haritz Maiz Ormaiztegiko Nekazaritza zinegotziak. Lizarralderen ustez ardi latxak eta larreak “oso garrantzitsuak” dira lehen sektorean. Baserritarren ekonomia altxatzeko “ezinbestekotzat” jo zituen. “Ardi latxaz gain, beste arraza ugari daude ezagutzen ez ditugunak eta desagertzeko zorian daudenak. Horiek babestu egin behar ditugu, eta horretarako lehendabizi ezagutu egin behar ditugu. Aukera bikaina izango dugu igande honetan horretarako”.
Informazioa emango dute
Goizeko hamarretatik aurrera egongo dira ikusgai jatorrizko euskal animalia espezieak, erakusketara egokitutako gune berezietan. Elkarte bakoitzak jatorrizko euskal animalia espezietatik ekoiztutako produktuak ere salduko ditu.
Goizeko hamaiketatik aurrera gune bakoitzean megafoniaren bitartez elkartekideek arraza horiek azken urteetan izan duten garapenari eta ezaugarriei buruzko azalpenak emango dituzte. Kalifikazioa ere jarriko diete. Betizu behien, sasi-ardien eta ahuntz azpigorrien kasua izango da hori. Beste arraza batzuk ere izango dira ikusgai: terreña eta pirenaika behiak, Enkarterrietako astoak, pottokak, oiloak, latxa ardiak, euskal txerriak, erleak eta Euskal Herriko mendiko zaldiak. Guztira, 180 burutik gora ikusi ahalko dira erakusketak hartzen duen 7.000 metro koadroko azaleran.
Egitarauaren barruan bi txapelketa egingo dituzte: pottoka lehiaketa eta ezti lehiaketa.
Pottoka Arrazaren Gipuzkoako VIII. Txapelketa Morfologikoa, Gipuzkoako Pottokazale elkarteak antolatuko du. Lehiaketa lau atal desberdinetan banatuko dute: sementalak, 3 urtetik gorako behorrak, 6tik 36 hilabete barteko behokak eta 6tik 36 hilabete arteko zaldikoak. Sail bakoitzean hiruna pottoka sarituko dituzte.
Bestalde, Eskualdeko XIV. Ezti Lehiaketa, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak antolatuko du. Epaimahaiko kideek eztiaren aurkezpena, hezetasuna, usaina eta dastamena hartuko dituzte kontuan produktuak baloratzerako garaian. Lehiaketaz gain erle kaxa eta panelak jarriko dituzte erakusgai, eta eztia dastatu ahalko da yogurtarekin batera.
Helduez gain, haurrek ere izango dute zertaz gozatua, arraza desberdineko animaliak ikusteaz gain, pottoka gainean eta astoei jarritako otarretan ibiltzeko aukera izango baitute.
12:30etatik aurrera goizean zehar erakus gunean erreko duten betizu behiaren pintxoak dastatzeko aukera izango da. Horrelakoetan ohikoa den moduan, talogileak ere bertan izango dira, eta baita trikitilariak ere giroa alaitzen. Arraza autoktonoak ikusi eta beraiei buruz hainbat xehetasun jakiteaz gain, goiz-eguerdi parte ederra pasatzeko aukera izango da, beraz, igandean Ormaiztegin.