Zer da zesio-137a?
Olaberriko Arcelor Mittal altzairu fabrikan zesio-137aren erradiazioa gertatu izanak alarma sortu du. Herenegun jakin zen altzairu artean isolatuta iritsitako isotopo nuklear hori galdaketa-labe batean urtu eta erradiazioa isuri duela kanpora. Atzo jakin zen, bestetik, zesio-137arekin kutsatutako hauts-hondarrak Olaberriko fabrikatik Erandiora (Bizkaia) garraiatu zituela kamioi batek. Han detektatu zuten erradioaktibitatea, eta atzera Olaberriara itzularazi zuten kamioia, Ertzaintzak eskoltatuta. Joan-etorria 194 kilometro da, errepidez. Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko (CSN) arduradunek eta politikariek “kalterik ez” duela eragin ziurtatu dute, ez ingurumenean, ez pertsonengan. Baina, zer da zesio-137a? Zesiotik (Cs) fisio nuklearrez eratorritako isotopo erradioaktiboa da. Kantitate oso txikitan ere oso kaltegarria da osasunarentzat. Ingurunera jariatu ondoren, batez beste 37 urte behar du erradioaktibitatearen indarra erdiraino gutxitzeko. Beta partikulak eta bario-137m isomero nuklearra geratzen dira desegiten denean; bario-137m isomeroak, bere aldetik, eraginaldi oso laburra du, baina gamma izpiak isurtzen ditu, azkenean bario-137 materia —nuklearki egonkorra— utzi aurretik. Zesio-137 materia ospitaleetan minbiziaren aurkako tratamendu erradioterapikorako erabili ohi da, baina kontrolik gabe jasoz gero minbiziaren eragile ere bada. Uretan disolba daiteke, eta airean ere barreiatzen da. Gorputzera janetan, likidoetan edo aire bidez sar liteke. Barneratzen denetik 5, 10, 20 edo 30 urtera minbizia eragin dezake. Potasioaren antzera zabaltzen da gizakien gorputzean, uniformeki; giharre-zuntzetan erasan handiagoa egiten [...]
Olaberriko Arcelor Mittal altzairu fabrikan zesio-137aren erradiazioa gertatu izanak alarma sortu du. Herenegun jakin zen altzairu artean isolatuta iritsitako isotopo nuklear hori galdaketa-labe batean urtu eta erradiazioa isuri duela kanpora. Atzo jakin zen, bestetik, zesio-137arekin kutsatutako hauts-hondarrak Olaberriko fabrikatik Erandiora (Bizkaia) garraiatu zituela kamioi batek. Han detektatu zuten erradioaktibitatea, eta atzera Olaberriara itzularazi zuten kamioia, Ertzaintzak eskoltatuta. Joan-etorria 194 kilometro da, errepidez. Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko (CSN) arduradunek eta politikariek “kalterik ez” duela eragin ziurtatu dute, ez ingurumenean, ez pertsonengan.
Baina, zer da zesio-137a?
Zesiotik (Cs) fisio nuklearrez eratorritako isotopo erradioaktiboa da. Kantitate oso txikitan ere oso kaltegarria da osasunarentzat. Ingurunera jariatu ondoren, batez beste 37 urte behar du erradioaktibitatearen indarra erdiraino gutxitzeko. Beta partikulak eta bario-137m isomero nuklearra geratzen dira desegiten denean; bario-137m isomeroak, bere aldetik, eraginaldi oso laburra du, baina gamma izpiak isurtzen ditu, azkenean bario-137 materia —nuklearki egonkorra— utzi aurretik.
Zesio-137 materia ospitaleetan minbiziaren aurkako tratamendu erradioterapikorako erabili ohi da, baina kontrolik gabe jasoz gero minbiziaren eragile ere bada. Uretan disolba daiteke, eta airean ere barreiatzen da. Gorputzera janetan, likidoetan edo aire bidez sar liteke. Barneratzen denetik 5, 10, 20 edo 30 urtera minbizia eragin dezake. Potasioaren antzera zabaltzen da gizakien gorputzean, uniformeki; giharre-zuntzetan erasan handiagoa egiten du hezurretan baino.
Txernobilen (Ukraina) 1986an gertatu zen hondamendi nuklearraren ondotik, 2005etik aurrera zesio-137a da erradiazio iturri nagusia. Berriki, Fukushimako (Japonia) zentral nuklearra desegin zenean, aurtengo martxoan, zesio-137a izan zen ingurunera zabaldu zen gai kutsagarrietako bat. Cadizen (Espainia) 1998an “istripua” eragin zuen aste honetan Olaberrian gertatu den jarduera berberak: Acerinox altzairutegian errorez zesio-137a urtu zuten, altzairu artean zetorrena.