Gazta eta abere lehiaketak egingo dituzte larunbatean Zegaman, San Martin azokaren barruan
Larunbatean, azaroak 12, beste zenbait ekitaldiren artean, Aizkorri eta Urbiako Artzainen Arteko XIII. Gazta Lehiaketa eta Herriko Abereen Lehiaketa egingo dituzte Zegaman, San Martin azokaren barruan. Herriko abereak goizeko bederatzietatik aurrera egongo dira ikusgai, pilotalekutik Urgainberriko eremuan, eta bertatik pasatuko dira epaimahaiko kideak abereak baloratu asmoz. Eguerdiko ordu batean banatuko dizkiete abeltzainei sariak. Gazta Lehia pilotalekuan egingo dute 11:00etatik aurrera. Gazta Latxa arrazako artesne gordinarekin egin beharko dute parte hartzaileek, eta gazta egiteko erabilitako esnea berriz, lehiakideak jabetzakoa duen artaldearena izatea eskatzen dute antolatzaileek. Artaldearen larre eremua berriz, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko partaide diren udalerrietan kokatuta egon behar du, eta derrigorrezkoa da artzaina udalerri horietakoren bateko biztanlea izatea. Gaztak gutxienez bi hilabete izan behar ditu. Gazta Txapelketako sariak 13:30ean banatuko dituzte frontoian. Lehiaketaren irabazleak 260 euro, txapela eta garaikurra etxeratuko ditu. Bigarrenak, 140 euro eta hirugarrenak berriz, 110 euro. Artisau produktuen azoka Bi lehiaketa horiez gain, beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da bihar, Zegaman. 09:00etatik 14:00etara bitartean esaterako, artisau produktuen azoka egongo da Aitxuri herri eskolako patioan, pilotalekuan eta plazan. Besteak beste, landareak, fruituak eta barazkiak, xaboi naturalak, kaikuak… ikusteko eta erosteko aukera izango da. Zenbait erakusketa ere egingo dituzte. Gazta lehen nola egiten zuten ikusi ahalko da esaterako, [...]
Larunbatean, azaroak 12, beste zenbait ekitaldiren artean, Aizkorri eta Urbiako Artzainen Arteko XIII. Gazta Lehiaketa eta Herriko Abereen Lehiaketa egingo dituzte Zegaman, San Martin azokaren barruan.
Herriko abereak goizeko bederatzietatik aurrera egongo dira ikusgai, pilotalekutik Urgainberriko eremuan, eta bertatik pasatuko dira epaimahaiko kideak abereak baloratu asmoz. Eguerdiko ordu batean banatuko dizkiete abeltzainei sariak.
Gazta Lehia pilotalekuan egingo dute 11:00etatik aurrera. Gazta Latxa arrazako artesne gordinarekin egin beharko dute parte hartzaileek, eta gazta egiteko erabilitako esnea berriz, lehiakideak jabetzakoa duen artaldearena izatea eskatzen dute antolatzaileek. Artaldearen larre eremua berriz, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko partaide diren udalerrietan kokatuta egon behar du, eta derrigorrezkoa da artzaina udalerri horietakoren bateko biztanlea izatea. Gaztak gutxienez bi hilabete izan behar ditu.
Gazta Txapelketako sariak 13:30ean banatuko dituzte frontoian. Lehiaketaren irabazleak 260 euro, txapela eta garaikurra etxeratuko ditu. Bigarrenak, 140 euro eta hirugarrenak berriz, 110 euro.
Artisau produktuen azoka
Bi lehiaketa horiez gain, beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da bihar, Zegaman. 09:00etatik 14:00etara bitartean esaterako, artisau produktuen azoka egongo da Aitxuri herri eskolako patioan, pilotalekuan eta plazan. Besteak beste, landareak, fruituak eta barazkiak, xaboi naturalak, kaikuak… ikusteko eta erosteko aukera izango da.
Zenbait erakusketa ere egingo dituzte. Gazta lehen nola egiten zuten ikusi ahalko da esaterako, eta gaztaina erretze erakustaldia ere egingo dute.
Goizeko bederatzietatik aurrera, La Seu D’Urgellen (Katalunia) XVII. Pirinioetako Artisau Gazteen Lehiaketako gazta sarituak jarriko dituzte erakusgai, eta 14:00etatik aurrera gazta horiek dastatzeko aukera izango da.
Horrelakoetan Euskal Herrian ez da falta izaten jatekorik eta edatekorik, eta beraz, Kataluniako gaztaz gain, Eusko Labela duen Tolosako babarrunak ere dastatu ahal izango dira goizeko hamaiketatik aurrera, Aitxuri herri eskolako patioan. XIII. Gazta Lehiaketako sariak banatu ondoren, txapelketara aurkeztutako gaztak partituko dituzte bertaratutako jendearen artean, herriko elkarte gastronomikoen laguntzarekin. Sari banaketak bukatutakoan berriz, txakoli dastaketa egingo dute, Tartalo elkartearen eskutik.
Buru handiak eta partidak
Behin azoka bukatuta, arratsaldean ere izango da zertaz gozatua. 17:30ean haurrek eta gaztetxoek buruhandien aurretik ibili ahalko dute, eta ordu erdi beranduago herritarren arteko San Martinetako XIII. Eskuz Binakako Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte pilotalekuan.
Iganderako, Guraso Elkarteak Pupu eta Loreren bideo emanaldia eta txokolate jana antolatu dituzte. Bideoa ikusi nahi duenak arratsaldeko bostetarako Aitxuri herri eskolako gimnasiora agertu behar du. Azkenik, azaroaren 19an, Orkatz eta Orkatz Txiki abesbatzek saioa egingo dute 20:00etan elizan, eta elizako organoak 100 urte bete dituenez, Fernando Gonzalok organoa joko du.