La Leze gaztandegiak irabazi du Gazta Lehiaketa, Zegaman
La Leze (Ilarduia, Araba) gaztandegiak irabazi du San Martin azokaren barruan, Zegaman egindako Aizkorri eta Urbiako Artzainen Arteko XIII. Gazta Lehiaketa. Bigarren, Aizpea gaztandegia geratu da (Olaberria) eta hirugarren, Aixtra S.D. gaztandegia (Araia, Araba). Goizeko hamaiketan hasita egin zuten gazta txapelketa. Hamalau gaztagile aurkeztu ziren. Epaimahaia berriz, sei lagunek osatu zuten: Rafa Rueda musikariak, Iker Zubeldia Zegamako bertsolariak, Antoni Viñals La Seu D´Urgelleko (Katalunia) zinegotziak, Josep Maria Ribas Sant Sadurni D ´Anoiako (Katalunia) alkateak eta Iñaki Etaio eta Jose Ramon Agiriano Idiazabal Jatorri Izendapeneko ordezkariek. Gazta guztiak dastatu eta gero, lehendabiziko saria Jose Mari Jauregi lazkaotarraren eta Eli Gorrotxategi beasaindarraren La Leze gaztandegiari ematea erabaki zuten. Gustura hartu zuten goierritarrek epaimahaiaren erabakia. Herriko Abereen Lehiaketa Urteroko moduan, herriko Abereen Lehiaketa ere egin zuten San Martin azokaren barruan. Goizeko bederatzietatik ordu bietara bitartean, pilotalekutik Urgainberriko eremuan eduki zituzten abereak, eta bertatik pasatu ziren zeregin horretarako aukeratutako epaimahaiko kideak, animaliak baloratzera. Oihana Zubizarreta Zegamako kultur teknikariak jakitera eman duenez, herritarrek, beste urte batzuetan baino abere gehiago aurkeztu zituzten lehiaketara. Ordu batean banatu zituzten abere lehiaketako sariak, pilotalekua jendez beteta zela. Ardietan Joxe Etxeberriak jaso zuen lehendabiziko saria, bildotsetan Ibai Aizpeoleak, Pirenaika behietan Jon Antiak, Behi mestizoetan Juan Karlos Arrizabalagak, behi suizoetan Juanito [...]
La Leze (Ilarduia, Araba) gaztandegiak irabazi du San Martin azokaren barruan, Zegaman egindako Aizkorri eta Urbiako Artzainen Arteko XIII. Gazta Lehiaketa. Bigarren, Aizpea gaztandegia geratu da (Olaberria) eta hirugarren, Aixtra S.D. gaztandegia (Araia, Araba).
Goizeko hamaiketan hasita egin zuten gazta txapelketa. Hamalau gaztagile aurkeztu ziren. Epaimahaia berriz, sei lagunek osatu zuten: Rafa Rueda musikariak, Iker Zubeldia Zegamako bertsolariak, Antoni Viñals La Seu D´Urgelleko (Katalunia) zinegotziak, Josep Maria Ribas Sant Sadurni D ´Anoiako (Katalunia) alkateak eta Iñaki Etaio eta Jose Ramon Agiriano Idiazabal Jatorri Izendapeneko ordezkariek. Gazta guztiak dastatu eta gero, lehendabiziko saria Jose Mari Jauregi lazkaotarraren eta Eli Gorrotxategi beasaindarraren La Leze gaztandegiari ematea erabaki zuten. Gustura hartu zuten goierritarrek epaimahaiaren erabakia.
Herriko Abereen Lehiaketa
Urteroko moduan, herriko Abereen Lehiaketa ere egin zuten San Martin azokaren barruan. Goizeko bederatzietatik ordu bietara bitartean, pilotalekutik Urgainberriko eremuan eduki zituzten abereak, eta bertatik pasatu ziren zeregin horretarako aukeratutako epaimahaiko kideak, animaliak baloratzera. Oihana Zubizarreta Zegamako kultur teknikariak jakitera eman duenez, herritarrek, beste urte batzuetan baino abere gehiago aurkeztu zituzten lehiaketara.
Ordu batean banatu zituzten abere lehiaketako sariak, pilotalekua jendez beteta zela. Ardietan Joxe Etxeberriak jaso zuen lehendabiziko saria, bildotsetan Ibai Aizpeoleak, Pirenaika behietan Jon Antiak, Behi mestizoetan Juan Karlos Arrizabalagak, behi suizoetan Juanito Azurmendik, zezenetan Imanol Ruiz de Eginok, zaldietan Joxe Mari Esnaolak, etxe behorretan Jabier Arrondok eta mendi behorretan Joxe Mari Esnaolak.
Produktuen azoka
Bi lehiaketa horiek burutzeaz gain, artisau produktuen azoka ere egin zuten. Postuak Aitxuri herri eskolako patioan, pilotalekuan eta plazan zeuden jarrita. Guztira 50bat zeuden, beste urte batzuetan baino gehiago. Kultur teknikariak jakitera eman duenez, jendeak «oso txukun» erantzun zion Zegamarrek egindako deialdiari, herriko zein inguruko herrietako jende asko hurbildu baitzen San Martin azokaz gozatzera. «Hori bai, eguraldi ona egin zuenez, beste urte batzuetan baino gehiago sakabanatu zen jendea herrigunean zehar». Horrenbestez antolatzaileek balorazio positiboa egin dute.
Salmentei dagokionean ekoizle batzuk gustura geratu ziren, beste batzuk berriz, ez horrenbeste. «Jendea ikusmiran ibili da, baina askok ez dute ezer erosi. Nire ustez krisiak eragina izan du», zioen kandela saltzaile batek. Aukera dena den, handia zen. Besteak beste, landareak, baratzeko produktuak, fruituak, eztia, gazta, kremak, harigintza lanak, artilezko galtzerdiak, xaboi naturalak, kaikuak eta taila lanak ikusi eta erosi zitezkeen. Hainbat erakusketez ere gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Gaztainak nola erretzen zituzten eta gazta antzinako eran nola egiten zuten ikusi ahal izan zuten, esaterako.
Goizean 09:00etatik 14:00etara bitartean La Seu D´Urgellen egin zuten XVII. Pirinioetako Artisau-Gazten Lehiaketako Gazta sarituak eduki zituzten erakusgai. 14:00etatik aurrera gazta horiek zein Aizkorriko eta Urbiako Artzainen Arteko Gazta Lehiaketara aurkeztutako gaztak partitu zituzten jendearen artean, herriko elkarte gastronomikoen laguntzarekin. Goizeko hamaiketatik aurrera berriz, Eusko Labela duen Tolosako babarrunak dastatu ahal izan zituen jendeak, eta sari banaketen ondoren, txakolina, Tartalo elkartearen eskutik. Ez zen beraz, aspertzeko aukerarik izan larunbatean Zegaman, eta goiz pasa ederra eginda etxeratu zen jendea.