Ipuinak
Gizakia, jaiotzen den unetik, inguratzen duen jendartearen parte izateko prozesu konplexu batean murgiltzen da. Prozesu horren bidez, bizi den inguruneko kide izateko beharrezkoak dituen gaitasun, arau, jarrera eta balore ezberdinak geureganatzen ditu.
Beasaingo Sehaska haur eskolak antolatuta, Berdintasunean hezten lelopean tailerra eman zuen Urtxintxako kideak, Leire Ercillak, jakitera eman duenez, elementu askok dute eragina jendarteratze prozesu desberdindu horren eraikuntzan. «Pentsa dezagun jaioberri batean espero ditugun gauzetan, proiektatzen diogun bizitzan. Berdina al da neska edo mutilaren kasuan? Ez». Desberdintasun horiek eragiten dituzten elementuak asko direla dio Ercillak; «pentsa dezagun, jolasetan, liburuetan, ipuinetan, jostailuetan edota marrazki-bizidunetan; edota ikasketetan; edota burutzen ditugun lanetan».
Sexu-genero sistema, pertsonaren jendarteratze prozesua gorpuzten duten heziketa gune ezberdinen markoaren barruan eratzen da, Ercillaren arabera: familia, aisialdia, eskola, komunikabideak eta abar. «Prozesu horretan zehar, neska-mutikoei hainbat rol eta balore esleitzen zaizkie, eta gaitasun ezberdinen garapena bultzatzen da, sexuaren arabera».
Eredu arauemailea
Ercillaren hitzetan kultur eta jendarte guztien antolaketan eragiten du sexuak, «eta jendarte guztietan eredu arauemaile bat dago sexu bakoitzari atxikita: feminitate eta maskulinitate ereduak, hain zuzen». Horiek, jendarte bakoitzak rol, jokabide, interes… zehatz batzuekin eratutako molde batzuk bezalakoak dira. «Gizonak maskulinoak izatera eta emakumeak femeninoak izatera behartzen gaituzte, eta ondorioz, populazioa bi taldetan banatzen da». Ercillak adierazi du gizon eta emakumeen arteko elkar harremanak desberdintasunean oinarritzen direnean, emakumeak diskriminazio egoera batetan geratzen direla. «Bi generoak ez dira parekoak, bata bestearen gainetik agertzen da, gizona emakumearen gainetik, hain zuzen».
Orain dela gutxi arte, neska mutilek zituzten portaera ezberdinak berezkoak zirela uste zen, naturalak edo biologikoak zirela, alegia. «Gaur egun argi dago gizarteratzearen prozesuaren ondorioz neska eta mutilek heziketa prozesu ezberdinduak jasaten dituztela. Horren ondorioz, bakoitzak modu batean edo bestean jokatu behar duela ikasten du.
Jendarte guztiek, sexu bakoitzarentzat ezaugarri, eginkizun eta jokabide desberdinak (eta gehienetan kontrajarriak direnak) erabakitzen edo egokitzen dituzte. Baina generoa kulturatik kulturara aldatzen den eraikuntza soziala da. «Horregatik, Bilbon edo Marokon emakume edo gizon izatea ez da berdina», gehitu du Ercillak.
Jendarte guztia saiatzen da arau horiek justifikatzen desberdintasun biologikoekin, eta desberdintasun biologiko horietan oinarrituz funtzio desberdinetara bideratzen gaituzte. Horrela desberdinak garenaren ideiarekin justifikatuz, eginkizun desberdinetara behartzen gaituzte horretarako prestatuak (biologikoki) gaudenaren aitzakiaz.
Neurriak hartu
Behin horretaz guztiaz kontzienteak izanda, neurriak hartu eta aukera berdintasuna bultzatu behar da; sexuen arabera «hierarkizatuta» ez dauden baloreak bultzatu behar dira, Ercillaren arabera. «Kontzientea den heziketa prozesua da hezkidetza; ezberdintasunak kontutan hartu eta errespetatu egiten dituena, sexu estereotipoak alde batera utziz». Hezkidetzak gizabanakoaren ahalmen guztien garapena bilatzen du. «Autonomoa, justua, tolerantea, solidarioa izango den pertsona bat sortzea du helburu, azken batean».
Tresna garrantzitsuak
Bizitzako lehenengo urteetan jendarteratze prozesuan berebiziko pisua hartzen dute jolasek, jostailuek eta ipuinek. Haurrak berdintasunean hezteko garaian esaterako, tresna garrantzitsu bilakatzen dira eta beraz, interesgarria da horiei erreparatzea. Ercillaren esanetan, «ipuinen bidez, esaterako, familian, eskolan edo gizartean, belaunaldiz belaunaldi mezuak zabaltzen joan izan dira, arrakasta handiz. Kontatzen diren istorioek beti helburu hezitzailea dute, ikasbide bat helarazi nahi dute».
Umeen literaturak jendarteratze prozesuan duen funtzio argienetariko bat eredu femenino eta maskulinoen igorpena da. «Neska-mutilei paper sexualak helarazten zaizkie, arrakasta handiz; sexu bakoitzarentzat rol, gaitasun eta portaera batzuk markatuko dituzte», dio Urtxintxako kideak. Horrela, ipuin askotan mutilak «aktiboak, azkarrak, trebeak eta dinamikoak» direla dio; «neskak, berriz, pasiboak, garbiak, ederrak, atseginak eta lasaiak». Ipuinetan agertzen diren emakumeen eta gizonen irudi estereotipatuek neskentzako eta mutilentzako ereduak markatzen dituzte; «simetria adierazteko sexu bati markatzen zaizkion ezaugarriak besteari kentzen zaizkio».
Ercillaren hitzetan, egungo ipuinetan «esfortzu nabariak» egiten ari diren arren, oraindik «asko falta da benetako berdintasunera» heltzeko. Eredu modernoagoak betiko pertsonaia eta istorioekin nahasten dira: printze eta printzesak, sorgin eta amandre gaiztoak, mutil trebeak. Nesken protagonismo handiagoa, askotan, «betiko estereotipoetan erortzeko» erabiltzen da.
Hainbat irizpide
Ipuin bat erosteko edo haurrari irakurtzeko garaian gurasoek edo hezitzaileek ondo begiratu behar dituzte testuak zein irudiak, marrazkien bidez ere informazio asko jasotzen baitute etxeko txikiek. Ipuin horiek haurrentzako direla ere ziurtatu behar dute, ilustrazio batzuk helduentzako izan arren, marrazkiak edukitze hutsagatik haurren apaletan egoten baitira.
Bestalde, ipuin bat sexista den ala ez jakiteko hainbat arloren aurrean hausnarketa egitea interesgarria izan daiteke: titulua (gizonezko protagonistari edo emakumezkoari egiten dio erreferentzia?); protagonismoa (ipuineko protagonistak, gizonezkoak ala emakumezkoak dira? Edo biak? ); pertsonaia maskulinoen eta femeninoen kopurua; emakumezkoen eta gizonezkoen lanbideak; aisialdiko ekitaldietan gizonezkoen eta emakumezkoen parte hartzea; harreman gune desberdinetan sexu bakoitzak jokatzen duen papera (Zein ekintzetan parte hartzen dute gizonezkoek? Zeinetan emakumezkoek? Zeintzuk dira zaintzaileak? Zeintzuk zainduak? Nork hartzen du iniziatiba?); erreferente maskulinoak eta femeninoak; familia motak; harremanak; deskripzio fisikoa eta jantzien deskripzioa; ezaugarri psikoafektiboak eta portaera; agertzen diren arriskuak; lenguaiaren erabilpena; boterea duten pertsonaiak; bukaera mota; marrazkiak.
Adituek diotenez, haurrei «askeak izaten» utziko dien ipuinak aukeratu behar dira. «Sexistak eta arrazistak ez direnak. Pertsona guztiekiko eta bizi garen ingurunearekiko adeitsuak diren ipuinak. Menpekotasuna sortzen duen hierarkiarik sustatzen ez dutenak eta biolentziara bultzatzen ez dutenak». Ercillaren arabera, horrek ez du esan nahi «ipuin aspergarriak» izango direnik eta bere magia galduko dutenik. «Ez dugu dena den arazorik agertzen ez den ipuinik proposatuko, errealitatearen, eta beraz, gure bizitzaren parte baitira».