«Parte hartze kultura sustatzen saiatuko gara; itxaropentsu gaude»
Kepa Urzelai (Legazpi, 1976) Legazpiko alkatea da pasa den ekainetik. «Esperientzia berria» dela dio eta Bildu koalizioarekin gehiengoa lortzea «ezuste handia» izan zela. Jasotako babesak, ordea, «aurrera egiteko» indarra eman diela dio. Nola ikusi duzu zure burua alkate postuan? Orain arte nahiko ondo, lanpetuta baina gustura. Probatu gabe ezin duzu jakin hau zer den. Espero zenuena aurkitu al duzu? Espero baino gauza gehiago daude. Karguak lan asko zuela banekien, baina hala ere, zeregin kopuru handiak harritu egin nau. Bizitza guztiz aldatzen dizu. Dena berria denez, hasieran gaindituta sentitzen zara. Sentitu al duzu esperientzia falta? Bai. Inoiz mundu honetan sartu gabe nengoen. Herri batean dauden gaiak oso zabalak dira. Herritar gisa, gai batzuk ezagunagoak egiten zaizkizu, baina udaletxe baten funtzionamendua ez duzu ezagutzen. Esperientzia berria da. Denborarekin, asteak pasa ahala, hasieran baina kokatuago zaudela ikusten duzu. Hala ere, oraindik asko dut ikasteko. Karguan eman duzun denbora honetan zer egiteko astia izan duzu? Hasteko, egunera jarri gara, lehendik martxan zeuden proiektuak ezagutu ditugu eta aurrera jarraitu dugu. Bestalde, gure proiektuak aztertzen eta aurrera nola eraman pentsatzen ari gara. Udal hauteskundeetan lortutako gehiengoak harritu al zintuen? Ez dakit harritu den hitza… Aurrekoek lan polita egin zuten eta herrian hau kontuan hartuko zela aurreikusten [...]
Kepa Urzelai (Legazpi, 1976) Legazpiko alkatea da pasa den ekainetik. «Esperientzia berria» dela dio eta Bildu koalizioarekin gehiengoa lortzea «ezuste handia» izan zela. Jasotako babesak, ordea, «aurrera egiteko» indarra eman diela dio.
Nola ikusi duzu zure burua alkate postuan?
Orain arte nahiko ondo, lanpetuta baina gustura. Probatu gabe ezin duzu jakin hau zer den.
Espero zenuena aurkitu al duzu?
Espero baino gauza gehiago daude. Karguak lan asko zuela banekien, baina hala ere, zeregin kopuru handiak harritu egin nau. Bizitza guztiz aldatzen dizu. Dena berria denez, hasieran gaindituta sentitzen zara.
Sentitu al duzu esperientzia falta?
Bai. Inoiz mundu honetan sartu gabe nengoen. Herri batean dauden gaiak oso zabalak dira. Herritar gisa, gai batzuk ezagunagoak egiten zaizkizu, baina udaletxe baten funtzionamendua ez duzu ezagutzen. Esperientzia berria da. Denborarekin, asteak pasa ahala, hasieran baina kokatuago zaudela ikusten duzu. Hala ere, oraindik asko dut ikasteko.
Karguan eman duzun denbora honetan zer egiteko astia izan duzu?
Hasteko, egunera jarri gara, lehendik martxan zeuden proiektuak ezagutu ditugu eta aurrera jarraitu dugu. Bestalde, gure proiektuak aztertzen eta aurrera nola eraman pentsatzen ari gara.
Udal hauteskundeetan lortutako gehiengoak harritu al zintuen?
Ez dakit harritu den hitza… Aurrekoek lan polita egin zuten eta herrian hau kontuan hartuko zela aurreikusten genuen. Bestalde, gure zerrenda, politika munduan inoiz ibili gabeko jendeak osatzen genuen eta ez genekien herritarren erantzuna nolakoa izango zen. Ilusioa genuen, baina ezuste handia izan zen gehiengoa lortzea. Eskertzekoa da herritarrek gugan jarri duten konfiantza. Babes horrek, bizi dugun egoera honetan, aurrera egiteko indarra ematen digu.
Zein dira zuek markatu dituzuen legealdirako erronkak?
Gure programan azaldu genituen hainbat proiektu, hala nola, Kale Nagusia oinezkoentzako bihurtzea, zaborraren kudeaketa egoki bat, euskararen normalizaziorako pausuak… Horiek guztiak legealdirako proiektuak dira baina gaur egungo egoera ekonomikoa dela eta, lehentasun batzuk markatu beharrean aurkitzen gara. Epe motzean, erronka nagusia, herri barruko autobusaren ezarpena da. Euskararen normalizazioan ere aurrera egin nahi dugu, elebitasun faltsu honetatik irten eta euskarazko elebitasuna praktikan jarriz. Aurrera begira, industrialdean dugun biribilgunearen proiektua exekutatu nahi dugu. Hala ere, badakigu Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoera ekonomikoak eragina izango duela. Proiektu guztiak aztertzen ari dira eta ondorioz, biribilgunea atzeratu egin daiteke.
Herri eraikinen berrantolaketa bat ere egingo duzue…
Hori beste proiektu garrantzitsu bat da. Herri mailan, jendeak udal eraikinen erabileraz zein iritzi duen jakin nahi dugu. Agirre-Etxeberri, Bikuña, kultur etxea, musika eskola… udalaren herriko eraikinen berrantolaketa bat egin nahi dugu. Aurreko legealdian elkarteekin egin zen lanari jarraipena emango diogu. Bestetik, hirigintza eremuetan, geldituta dauden lanak aurrera atera nahi ditugu, eta sustatzaileak eta eraikitzaileak prest izanez gero eta beharra egonez gero, proiektu berrietan sartzeko aukera ere bideratuko dugu.
Herritarren inplikazioan ere eragin nahi duzue, ala?
Gure apustua elkarlanaren alde egitea da. Dagoeneko era honetako zenbait froga egin dira, hala nola, mugikortasun planaren inguruan, gazte lokalen kudeaketaren gainean… Beste gai batzuekin ere bide hau jorratzen jarraitu nahi dugu. Diru asko ez dagoenez, ahalik eta diru gutxienarekin ahalik eta gehien egitea da gure asmoa. Horrek elkarlana, auzolana eta jendearen parte hartzea eskatzen ditu.
Zaborraren gaiak ere zeresana emango du legealdi honetan…
Kontu handiz landu beharreko gaia da. Gu ahalik eta hondakin gehien birziklatzearen alde gaude. Gai honetan, gaur egun martxan dauden sistema guztiak ondo aztertu, horien inguruko datu errealak bildu, herriari informazioa zabaldu eta ondoren parte hartze prozesu batean erabakia hartuko da.
Legazpi herri kolpatua izan da krisiarekin. Industria ekonomia berpizteko bideren bat aurreikusi al duzue?
Hemen, Sidenorren lantokiaren itxiera izan da eragin handiena izan duena. Itxierak lanpostu asko eraman ditu herritik; batzuk langabezian daude eta beste askok hemendik kanpo egin behar dute lan. Zaila izango da, baina Sidenorrek utzi duen lurzorua errekuperatu eta erabilera egoki bat ematen saiatu behar gara. Horretarako lurra deskontaminatzea ezinbestekoa da eta horrek diru-kostu handia du. Bestalde, ez dut uste Legazpi beste herriak baina okerrago dagoenik. Egoera hau orokorra da, eta gu, herriko industria sustatzen saiatuko gara.
Zein behar ditu Legazpik?
Behar ugari ikusten ditugu, edozein herritan bezala. Gure proiektuak behar hauei erantzun nahi die. Hala ere, hauek osatzeko herritarrengana joko dugu. Jakin badakigu parte hartze kultura ez dela erraza baina gu itxaropentsu gaude eta horretan saiatuko gara.
Zein dira datorren urterako aurrekontuen indarguneak?
Iazkoarekin alderatuta, 2012ko aurrekontuek ez dute aldaketa handirik izan. Aldunditik datorren diru kopuruaren jaitsiera garrantzitsua da eta honek eragina du, derrigorrez murrizketak egitera behartzen gaitu. Hau gehien bat inbertsioetan nabarituko da. Bestelakoan, orokorrean batzorde guztietan egin ditugu murrizketak, baina ongizate arloan aurrekontu orokorra mantendu egingo da. Bestalde, apustu berri bat egin dugu: herri barruko autobusa jartzea. Aurrekontuak urtarrilaren erdialdera herritarrei aurkezteko asmoa ere badugu.
Zertan da Agirre Etxeberri eraikinaren hitzarmena?
Hitzarmena 2010eko azaroan sinatu zen eta orain hitzarmenaren aldaketa udalbatzarrak onartzea falta da. Gure asmoa, gai hau abenduko bilkuran gauzatzea da. Eraikinaren erabilera udal eraikinen berrantolaketan sartuko da. Lehen aipatu dudan bezala, aurreko legealdian egindako lanari jarraipena emango diogu eta horretarako ezer erabaki aurretik herritarren iritzia jaso nahi dugu.
Eta zertan da kamioien aparkalekua?
Azaroaren 30eko bilkuran egin zen kamioiak aparkatzeko garraiorako oinarrizko eremua antolatzeko planaren lehen aldaketaren behin betiko onarpena. Ahalik eta azkarren hasiko balitz herriarentzat hobe litzateke, beharra dagoenaren seinale izango baitzen. Hala ere, lan horiek oraingoz ez dute hasiera datarik.
Zure kargutik zerbaitek harritu al zaitu?
Gehienbat, alkateari eskakizun zuzenak egitera zenbat jende etortzen den ikusteak harritu nau. Alde horretatik gure disposizioa ona da baina beti ezin dugu nahi genukeen bezala erantzun. Egia esan, herria beste begi batzuez ikusten duzu. Herritarrak informatzeko beharra, beraien inplikazioa eta auzolana ezinbesteko gaiak direla ohartzen zara.