Sasieta Mankomunitateak egoitza berria du
Orain arteko eraikina txiki geratu zaie Sasietako langileei. Hainbat urtez Martina Maiz kaleko bulegoetan egon dira, Beasainen, baina eskaintzen dituzten zerbitzuak sakabanatuta zituzten, han eta hemen, herriko pabilioi ezberdinetan. Leku arazoa, ordea, konpondu dute nuerri handi batean. Izan ere, eraikin berria egin dute Beasaindik Ormaiztegira aldeko bidean, zabortegirako sarreraren parean. Bertan eskainiko dituzte aurrerantzean zerbitzu guztiak. Eraikin berezia da gainera, ingurumena oso kontuan hartuta eraiki baitute. Hainbatek, «eraikin berde» gisa ere izendatu du, Ihobek ingurumen proiektu bezala saritu baitzuen. Egoitzak 2.000 metro koadro ditu guztira, hiru solairutan banatuta. Langileen egoitzak biltzeaz gain, kamioiak gordetzeko lekua ere izango dute aurrerantzean, dena gune berean batuta. Eraikinak dituen bereizgarrien artean energia kontsumo baxua duela da. Behar baino argi gehiago ez gastatzeko, sakontasun gutxiko gelak eraiki dituzte, hala, argi naturala ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Berogailua aurrezteko, tximinia efektua deitutakoa eragiten duten sistema eta leihoak jarri dituzte. Enrike Enparantza Sasietako teknikariak azaldu du nola funtzionatzen duen sistema horrek: «Eraikinaren fatxadak konbentzio bikoitza du, hau da, leiho antzeko batzuk ditu, guk barrutik ireki eta itxi egin ditzakegunak. Udan beroa egiten duenean ireki egiten ditugu, barruan dagoen airea mugitzeko, eta neguan alderantziz, itxita haize-lasterrik ez delako egoten, eta beroa mantendu egiten delako». Sistema honi esker, berogailuan eta [...]
Orain arteko eraikina txiki geratu zaie Sasietako langileei. Hainbat urtez Martina Maiz kaleko bulegoetan egon dira, Beasainen, baina eskaintzen dituzten zerbitzuak sakabanatuta zituzten, han eta hemen, herriko pabilioi ezberdinetan. Leku arazoa, ordea, konpondu dute nuerri handi batean. Izan ere, eraikin berria egin dute Beasaindik Ormaiztegira aldeko bidean, zabortegirako sarreraren parean. Bertan eskainiko dituzte aurrerantzean zerbitzu guztiak.
Eraikin berezia da gainera, ingurumena oso kontuan hartuta eraiki baitute. Hainbatek, «eraikin berde» gisa ere izendatu du, Ihobek ingurumen proiektu bezala saritu baitzuen. Egoitzak 2.000 metro koadro ditu guztira, hiru solairutan banatuta. Langileen egoitzak biltzeaz gain, kamioiak gordetzeko lekua ere izango dute aurrerantzean, dena gune berean batuta.
Eraikinak dituen bereizgarrien artean energia kontsumo baxua duela da. Behar baino argi gehiago ez gastatzeko, sakontasun gutxiko gelak eraiki dituzte, hala, argi naturala ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Berogailua aurrezteko, tximinia efektua deitutakoa eragiten duten sistema eta leihoak jarri dituzte. Enrike Enparantza Sasietako teknikariak azaldu du nola funtzionatzen duen sistema horrek: «Eraikinaren fatxadak konbentzio bikoitza du, hau da, leiho antzeko batzuk ditu, guk barrutik ireki eta itxi egin ditzakegunak. Udan beroa egiten duenean ireki egiten ditugu, barruan dagoen airea mugitzeko, eta neguan alderantziz, itxita haize-lasterrik ez delako egoten, eta beroa mantendu egiten delako». Sistema honi esker, berogailuan eta aire egokituan aurreztuko dutela esan du Sasietako teknikariak.
Zaborra eta bestelako gaiak biltzen ibiltzen diren kamioiak gauean gordetzeko biltegia egin dute beheko solairuan. Enparantzak azaldu duenez, orain arte, kamioiak gordetzeko Salbatoreko industrigunean pabilioi bat zuten, alokairuan. Orain, berriz, «kamioiak egoitza berrian egongo dira, eta alokairu hori aurreztuko dugu». Zabortegian lana amaitu eta errepidea gurutzatzea besterik ez dute egin beharko aurrerantzean langileek.
Bulegoak eta bilera gela
Kamioien egoera zaintzeko eta aztertzeko aukera ere izango dute hemendik aurrera, eta egin beharreko konponketak ere bertan egingo dituzte. Langileentzako aldagelak ere solairu berean egin dituzte.
Eraikin berriko lehen eta bigarren solairuetan Sasietako teknikarien eta zuzendarien bulegoak egongo dira, eta bilerak eta batzarrak egiteko erabilera anitzeko gela bat ere bai. Ikastetxeetatik zabortegia ikustera eta ezagutzera joaten diren ikasleei lehen azalpenak emateko ere erabiliko dute gela. Alboan, beste bi gela txikiago atondu dituzte, Mankomunitateko bilerak egiteko. Sasietarekin lotutako gaien aurkezpenak ere bertan egingo dituzte aurrerantzean, orain bi aste Ontziratu zaitez programarekin egin zuten moduan.
Mankomunitatearekin lotutako dokumentuak eta bestelako argitalpenak gordetzeko, artxiboa ere izango dute aurrerantzean eraikin berrian. Beste hainbat gela, ordea, hutsik daude oraindik, horiei zein erabilpen emango dieten ez baitute zehaztu. Hala ere, baliteke, gela horietakoren batean, ikastetxeei azalpenak emateko erakusketa gela antzeko bat egitea.
Euria eta eguzkia
Eraikin berriarekin, euria ere aprobetxatuko dute Sasietakoek, ura aurreztuz. Izan ere, eraikinaren atzealdean, teilatua baino maila bat beherago, gune berezia eraiki dute, euria egiten duenean ura biltzeko. Enparantzak azaldu duenez, «depositu antzeko bat da, ura biltzen duena, eta ondoren kamioiak eta edukiontziak garbitzeko erabiliko dena».
Harriz estalita dagoen ohial berezi baten bidez iragazten da ura depositura, eta bertan gorde daiteke erabili behar den arte.Ingurugiroa kontuan hartutako eraikina izanik, eguzkiaren indarra ere aprobetxatzen dute. Sarrera nagusia hartzen duen fatxada, hegoaldera begira eraiki dute, gainaldean eguzki plakak jarri eta ahalik eta ordurik gehienetan eguzkiaren indarra aprobetxatzeko. Teilatuan ere jarri dituzte eguzki plakak.
Eraikin berria zabortegirako sarreran egonda, kamioien joan etorria ere kontrolatu ahalko dute Sasietako arduradunek. Kamioiak pisatzeko pisua ondoan dute, eta datuak eskuratzeko erraztasun gehiago izango dituzte. Aurrerantzean kanpoaldetik ere margotu nahi dute, «oraingo gris kolore tristea kentzeko». Momentuz, Sasietaren adierazgarri diren koloretako edukiontzien irudiak jarri dituzte, «jendeak eraikina identifikatzeko».