Igartubeiti baserri museoa
Aste berezia da inondik inora ere, abenduaren 5etik 11ra bitartekoa. Batzuk aste osoa dute jai, beste batzuk astearen lehenengo zatia, eta gainerakoek bigarrena. Guzti horrek eragina izan du turismoan ere, bisitariak sakabanatzea ekarri baitu. Dena den, Goierriko turismo eragile desberdinei galdetuta dirudienez bigarren zubia izango da jende gehiago mugiaraziko duena.
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoan esaterako lehen zubiari dagokionean, asteburuan eta jai egunetan izan zuten bisitari gehien. Zuhaitz Akizuren hitzetan asteazkenean jende gutxi ibili zen.
Igartubeitira hurbildutako bisitari gehienak kanpokoak ziren, Kataluniakoak zehazki esateko, eta batez ere, bikote gazteak beraien seme-alabekin. Gipuzkoarrak ere hurbildu ziren, ordea, XVI. mendeko baserria ikustera. “Agian, krisia da arrazoia baina bertakoak etxe inguruan geratzen dira askotan, eta inguruak bisitatzen dituzte”.
Bigarren zubiari dagokionean ez dakite zehazki zenbat jende ibiliko den, bisitari guztiek ez baitituzte erreserbak egiten, baina lehendabizikoan baino jende gehixeago mugituko dela pentsatzen dute. “Gaur [osteguna] baserri museoa ireki eta handik ordu erdi eskasera, kotxe mugimendua nabaritzen zen, jada, Igartubeitin”, dio Akizuk. Goizean 31 bisitari izan zituzten atzo, eta arratsaldean ere ez zitzaien lanik falta izan.
Igartubeitiren kasuan, bisitariak erakartzeko gozokia zaharberritutako XVI. mendeko Euskal Herriko baserria bera da. “Aukera ona eskaintzen du landa eremuko bizimodua eta historia modu erraz batean ezagutzeko”. Gainera, interpretazio zentroa eta bazkaltzeko lekutxo bat ere baditu, nahiz eta azken hori uda partean gehiago erabili. Akizuren hitzetan bisitariak guzti hori baloratzen du.
Turismoaren joerari buruz galdetuta, Akizuk esan du 2010a esaterako oso bajua izan zela, eta datu horiekin alderatuta aurten igo egin dela.
Ondarre nekazalturismoa
Ondarre nekazalturismoko Karmele Muruaren hitzetan aste hau “oso arraroa” izan da. “Batzuentzat joan den asteburuan hasi zen zubia, eta ostiraletik gaur arte [osteguna] hemen egon dira. Beste batzuk larunbatetik astelehenera edo asteartera bitartean egon ziren”. Lehendabiziko zubian kanpotarrak izan ziren Ondarren: besteak beste, Katalunia, Soria, Madril eta Zaragozatik joandakoak. Bikote gazteak edo barru aldea ezagutu nahi zuten bikote helduak ziren gehienak. Aurten lehendabiziko zubiko bisitari guztiak berriak izan dira, hau da, aldez aurretik Ondarren egon gabeak.
Hasi berria den zubi honetarako ere jendea espero dute baserrian, lehendabizikoan baino gehiago. “Erreserba jada eginda dute. Gaur [osteguna] etorriko dira, eta igandera bitartean egongo dira hemen”. Astebukaera honetakoak Euskal Herrikoak dira, Iruñeakoak, hain zuzen.
Muruaren ustez, zubi hauek beti izaten dira arraroak. “Jendea jada Gabonetako gauzekin hasita egoten da, eta hilabete hau ez da izaten oso ona guretzat. Bestalde, normala da bigarren zubian jende gehiago ibiltzea, Konstituzio egunean Euskal Herrian jende askok lan egiten baitu”.
Goierrira eta zehazki Ondarrera jendea lasaitasun bila etortzen dela dio Muruak, “batez ere hiri handietan bizi dena. Bazterrak ikustea gustuko duen jendea ere etortzen da, noski”. Prezioari ere begiratzen dio jendeak bere ustez, “barrualdea beti merkeagoa baita kostaldea baino”. Ondarren egon eta inguruak ezagutzeaz gain, ardiak eta arkumeak erakusten dizkiete, eta gazta nola egiten den ere bai.
Muruaren arabera datorren urtean krisiaren eragina “okerragoa” izango da, baina berak ez du beldur handiegirik. “Pentsatzen dut irtetzen denak hemen leku merkea eta lasaia aurkituko duela. Zentzu horretan, guk agian hotel handiek baino aukera gehiago dugu”.
Castillo hotela
Olaberriako Castillo Hotelarentzat data hau ez da ona izaten. Hotel horrek enpresetako jendearekin lan egiten du, eta egun hauetan fabrikak itxita daudenez, jende gutxi dute bertan. Hori bai, dituzten erreserbei erreparatuta esan bigarren zubian jende gehiago egongo dela Castillon. Bertara joango direnak gehien bat Kataluniakoak dira. Castillokoen hitzetan jendea lasaitasun bila etortzen da Goierrira, “baina gero mugitu egiten dira, hara eta hona. Bestalde, geroz eta egun gutxiago igarotzen du jendeak leku finko batean ostatu hartuta”.
Mirandaola
Legazpiko Mirandaolako turismo bulegokoek aipatu dute asteburuan jende asko izan zela bertan, burdinola martxan jarri baitzuten. “Horrek bisitari ugari ekartzen du, zubia izan ala ez. Astelehenetik asteazkenera bitartean, ordea, mugimendu gutxi izan dugu. Gaurtik [osteguna] aurrera ematen du hasiko dela jendea hurbiltzen”.
Bisitarien artean momentuz gehiengoa gipuzkoarra izan da, baina, besteak beste, Bartzelonako eta Mallorcako turistak ere izan dituzte bertan.
Mirandaolara hurbiltzeko amua burdinola dela diote turismo bulegokoek “nahiko ezaguna baita”. Bertara joan diren kanpotar gehienek ere informazioa esku artean zuten. “Gehienek informazioa bilatuta izaten dute, eta zer ikusi nahi duten jakiten dute”. Badira, ordea, bertan zehazki zer aurkituko duen ez dakien jendea ere.
Beste urteetako turista kopuruari buruz galdetuta, aurten pixka bat jaitsi egin dela diote. “Ez dakit arrazoia zein den, baina aitortu behar da aste arraroa izan dela. Egun hauetan Mirandaolara etorri den jendeak ez zekien ziur irekita edo itxita aurkituko zuen”.
Eguraldia izan da jendea harritu duen elementuetako bat, nonbait. “Berokiak eta aterkiak hartuta etorri dira asko, eta eguzkiak ezustean harrapatu ditu”. Turismo bulegokoen ustez, horrek asko laguntzen du. “Kostan badaude eta eguraldi txarra badago ez dira mugitzen, eguraldi onarekin, berriz bai”.