Erguin eta Urizar garaile Solsonako mendi duatloian
Erguin, podiumean Asteburu honetan Herrialde Katalanetan jokatu den Solsonako mendi duatloia irabazi du Jon Erguin atleta beasaindarrak. 01:29:07ko denborarekin. Beteranoen mailan, berriz, Lusi Mari Urizar izan da garailea, biak Trigoi taldekoak. Eu...
Asteburu honetan Herrialde Katalanetan jokatu den Solsonako mendi duatloia irabazi du Jon Erguin atleta beasaindarrak. 01:29:07ko denborarekin. Beteranoen mailan, berriz, Lusi Mari Urizar izan da garailea, biak Trigoi taldekoak. Euskal Herriko selekzioarekin parte hartu dute biek, beste bederatzi kirolarirekin batera. Horien artean izan da Goio Mujika ere, baina zulatua izan zuen eta ezin izan zuen proba amaitu.
Guztira, 250 parte hartzaile inguruk parte hartu zuten proban. Euskal Herriko selekziotik adierazi dutenez, gora-beherako handiko proba izan zen Solsonakoa. Bizikletan lan bikaina egin zuten Erguinek eta Urizarrek, eta bizikletan egindako lanagatik lortu zuten garaipena. Selekziokoek Urizar jarri dute adibidetzat: “Urizar 22.a izan zen bizikleta hartzen, eta laugarrena uzten, btt-ko sektorean 18 parte hartzaile atzean utziz”.
Proba hasi baino lehen, Euskal Herriko Selekzioarekin Solsonan izan zirenek, Euskal Herriko Selekzioaren ofizialtasuna eskatu zuten. Erguinekin, Urizarrekin eta Mujikarekin batera, Endika Gartzia, Julen Larruzea, Eneko Gurrutxaga, Xabier Ugarte, Liher Etxeberria, Mikel San Juan eta Amaia Luquin izan ziren duatloian parte hartu zuten selekzioko kideak.