Goiekiko ordezkariak aldatu ditu udalak, eta Eguren eta Maiza izendatzea erabaki du
Goierrin ordezkaritzarik zabalena duten bi alderdien artean ez dago akordiorik Goiekiko izendapenen inguruan, eta horrek, gorabehera ugari ekarri ditu azken hilabeteetan. Azkena, Ordiziako udalbatzan izan zen, herenegun. Hasiera batean onartutako izendapenak atzera bota, eta Bilduko Igor Eguren eta Belen Maiza izendatu dituzte herri horren ordezkari izateko. Erabaki horrek eztabaida piztu zuen osoko bilkuran, EAJko eta Bilduko ordezkarien artean. Bilduk, akordioetara iristeko borondate falta leporatu zion EAJri; alderdi horrek berriz, mendekuz jokatzea eta EAJ Goiekitik kanpo uztea egotzi zion udal gobernu taldeari. Iban Asenjo Bilduko zinegotziak azaldu zituen azken erabaki horren arrazoiak. Bere esanetan, «azken udal hauteskundeetan herritarrek emandako babesaren arabera, Bilduri sei ordezkari dagozkio Goiekin. Ordizian ahalegina egin zen EAJri ordezkari bat emateko. Baina Beasainen, EAJk H1 eta PP alderdiei ordezkari bana oparitu zien», Bildu eta EAJ bera ordezkaririk gabe geldituz. Beasainen EAJk agertutako jarreraren atzean, «hango udala oztopatzeko apustu bat» dagoela esan zuen Asenjok. Bere aldetik, Jose Migel Santamaria EAJko zinegotziak, izendapenak aldatzeko erabakiarekin «EAJ Goiekitik kanpo» utzi nahi izan dutela eta horren atzean, Beasainen hartutako erabakiaren gaineko «vendeta edo mendekua» dagoela salatu zuen. Bilduri gai honen inguruan «utzikeriaz» jokatu izana egotzi zion; «Goiekiri ez diozue duen garrantziarik ematen». Santamariaren ustez, «arduragabekeria da gehiengo osoa duen alderdiak, bi ordezkari [...]
Goierrin ordezkaritzarik zabalena duten bi alderdien artean ez dago akordiorik Goiekiko izendapenen inguruan, eta horrek, gorabehera ugari ekarri ditu azken hilabeteetan. Azkena, Ordiziako udalbatzan izan zen, herenegun. Hasiera batean onartutako izendapenak atzera bota, eta Bilduko Igor Eguren eta
Belen Maiza izendatu dituzte herri horren ordezkari izateko.
Erabaki horrek eztabaida piztu zuen osoko bilkuran, EAJko eta Bilduko ordezkarien artean. Bilduk, akordioetara iristeko borondate falta leporatu zion EAJri; alderdi horrek berriz, mendekuz jokatzea eta EAJ Goiekitik kanpo uztea egotzi zion udal gobernu taldeari.
Iban Asenjo Bilduko zinegotziak azaldu zituen azken erabaki horren arrazoiak. Bere esanetan, «azken udal hauteskundeetan herritarrek emandako babesaren arabera, Bilduri sei ordezkari dagozkio Goiekin. Ordizian ahalegina egin zen EAJri ordezkari bat emateko. Baina Beasainen, EAJk H1 eta PP alderdiei ordezkari bana oparitu zien», Bildu eta EAJ bera ordezkaririk gabe geldituz. Beasainen EAJk agertutako jarreraren atzean, «hango udala oztopatzeko apustu bat» dagoela esan zuen Asenjok.
Bere aldetik, Jose Migel Santamaria EAJko zinegotziak, izendapenak aldatzeko erabakiarekin «EAJ Goiekitik kanpo» utzi nahi izan dutela eta horren atzean, Beasainen hartutako erabakiaren gaineko «vendeta edo mendekua» dagoela salatu zuen. Bilduri gai honen inguruan «utzikeriaz» jokatu izana egotzi zion; «Goiekiri ez diozue duen garrantziarik ematen». Santamariaren ustez, «arduragabekeria da gehiengo osoa duen alderdiak, bi ordezkari bakarrik tokatzen zaion alderdi bati leporatzea ardura ». Gainera, alderdi guztiekin ez dutela hitz egin esan zien. Beasainen hartutako erabakia, «aniztasunetik» hartu zutela defendatu zuen, «sinisten dugulako alderdi guztiok egon behar dugula Goiekin ordezkatuta».
Asenjok, gezurretan aritzea leporatu zion; «gezur bat askotan errepikatu arren, gezurra izaten jarraitzen du». Orain arte EAJk ordezkaritza D’Hondt legea aplikatuz erabaki duela eta azken osoko bilkuran, lege horren arabera EAJri bi ordezkari dagozkiola esan zuela gogorarazi zion Santamariari. «Hor ez zenuten beste alderdirik aipatu». Gainera, aniztasuna defendatzerako garaian, ez dituztela alderdi guztiak kontuan hartu esan zien Asenjok; «Aralar adibidez, kanpoan utzi duzue». Goierriko udal askotan ordezkaritza duten hainbat herri plataforma ere aipatu zituen, horiek ere ez dutela Goiekin ordezkaritzarik izan gogorarazteko.
Santamariak, Bilduko kideei ere gezurretan aritzea egotzi zien. «Zuek hemen esandako hitzak sinistu egin nituen, denok ordezkaritza eta ahotsa izatea nahi zenutela esan zenutenean. Baina hasieratik ez da hori egin, eta bukaeran ere ez». Azken urteetan, ordezkaritza D’Hondt legearen arabera banatu bada ere, beti beste alderdiei ere tokia egin zaiela gogorarazi zuen.
Eztabaida ixte aldera, Igor Eguren alkateak hartu zuen hitza. «Jakitera eman nahiko nuke, egunotan EAJrekin bilera bat izan dela eta berretsi diegula gure eskua luzatuta dutela akordio batera iristeko». Beasainen, «Goiekiko estatutuetan agertzen ez den irizpide bat» erabili dutela esan zion Santamariari. «Argi dago guk gehiengoa izan nahi dugula Goiekin, hauteskundeetan jasotako babesaren arabera hori dagokigulako, baina formulak bilatzeko prest gaude alderdi guztiek Goiekin ahotsa izan dezaten». Azken hilabete eta asteetan bilerak izan direla, eta beraien asmoa, «EAJ hor egotea» dela berretsi zuen; «ondo bidean, bideratuko dugu egoera hau».
Goiekiren osaketa, 30ean
Goiekiren administrazio kontseilua osatzeko batzarra, azken orduko aldaketarik ezean, hilaren 30erako dago deituta. Igor Egurenek azaldu duenez, «egungo egitura errespetatuz» hartuko dituzte karguak, eta horrela osatuko dute kontseilua. Hala ere, etorkizunari begira, lege aldetik egon daitezkeen formula ezberdinak aztertzen ari dira; izan ere, «gure asmoa, hasieran esan genuen bezala, parte hartzea ahalik eta zabalena izatea da, eta baita erabakitzeko ahalmena ere, eta horretarako formulak, egon badaude».
Osoko bilkuran, beste gai batzuk ere landu zituzten. Familia ugarien hobaria dela eta, hainbat erreklamazio jaso dituzte; hala, «gaia lasaixeago aztertzea» erabaki du gobernu taldeak; horrenbestez, beste erabaki bat hartu bitartean, lehengo baldintzak aplikatuko dituzte. Euskara tekni- kariaren lanpostua sortzea berriz, aho batez onartu zuten.