Lazkaoko Udalak 7,5 milioiko diru saila izango du 2012an, aurtendik %31 igoa
Lazkaoko Udalak aurten baino %31,23 haziagoa izango du 2012ko aurrekontua: 7.545.333,75 euro denera. Urteko azkeneko udalbatzarrean, bihar 19:30ean, onartuko du Udalbatzak diru saila, 2011koa baino 1.795.933 euro gehiagokoa. Inbertsioen atalak jasango duen hazkundeak eragingo du aurrekontuaren handitzea. Inbertsioetarako guztira 2.349.443,50 euro bideratuko ditu Lazkaok datorren urtean. Aurtengo ekitaldirako 410.000 euro zeuden bereizita helburu horretara. Saihesbidean, herriguneko bi sarrera-irteeratan eraikitzeko asmoa dagoen errotondek eramango dute puska handiena: Iturgaitzagan, Lazkaomendiko bidegurutzean, biribilgunea egiteko 1,4 milioi euro daude, eta Kanpandegiko errotondarako 350.000 euro. Bidegorri sarea Ataun alderantz luzatzeko, berriz, Kanpandegi aldean 178.193,50 euroko inbertsioa egingo du Udalak. Joxemiel Barandiaran Kiroldegia berritzeko eta handitzeko hurrengo faserako 407.000 euro jarriko ditu udalak aurrekontutik. Hiribarrenen bidegorriaren erdian dagoen Beko Tallerra eraikina botatzeko 3.000 eurok, eta udaltzaingoarentzat bigarren eskuko autoa erosteko 12.000 eurok osatzen dute inbertsioen atala. Gipuzkoako Foru Aldunditik iritsiko diren diru laguntzekin finantzatuko dituzte inbertsio handienak, errotonda, bidegorri eta kiroldegikoari dagozkionak. Ostegun iluntzean aurkeztu zituzten ordenantza fiskalak eta udal sarrera-gastuen aurreikuspenak Azeari Andonegi alkateak eta Kepa Goenaga ogasuneko zinegotziak, herritarren aurrean. «Zuhurrak izan gara 2012rako aurrekontuetan, garaiak direnak direlako. Gutxien duenari laguntzak ziurtatzen saiatu gara, aldi berean udalaren egoera konpromisoan jarri gabe. Luxu iruditzen zaizkigun arloetan egin ditugu aldaketak», azaldu du Andonegik, ordenantza fiskalaren inguruan. [...]
Lazkaoko Udalak aurten baino %31,23 haziagoa izango du 2012ko aurrekontua: 7.545.333,75 euro denera. Urteko azkeneko udalbatzarrean, bihar 19:30ean, onartuko du Udalbatzak diru saila, 2011koa baino 1.795.933 euro gehiagokoa. Inbertsioen atalak jasango duen hazkundeak eragingo du aurrekontuaren handitzea.
Inbertsioetarako guztira 2.349.443,50 euro bideratuko ditu Lazkaok datorren urtean. Aurtengo ekitaldirako 410.000 euro zeuden bereizita helburu horretara. Saihesbidean, herriguneko bi sarrera-irteeratan eraikitzeko asmoa dagoen errotondek eramango dute puska handiena: Iturgaitzagan, Lazkaomendiko bidegurutzean, biribilgunea egiteko 1,4 milioi euro daude, eta Kanpandegiko errotondarako 350.000 euro.
Bidegorri sarea Ataun alderantz luzatzeko, berriz, Kanpandegi aldean 178.193,50 euroko inbertsioa egingo du Udalak. Joxemiel Barandiaran Kiroldegia berritzeko eta handitzeko hurrengo faserako 407.000 euro jarriko ditu udalak aurrekontutik.
Hiribarrenen bidegorriaren erdian dagoen Beko Tallerra eraikina botatzeko 3.000 eurok, eta udaltzaingoarentzat bigarren eskuko autoa erosteko 12.000 eurok osatzen dute inbertsioen atala.
Gipuzkoako Foru Aldunditik iritsiko diren diru laguntzekin finantzatuko dituzte inbertsio handienak, errotonda, bidegorri eta kiroldegikoari dagozkionak.
Ostegun iluntzean aurkeztu zituzten ordenantza fiskalak eta udal sarrera-gastuen aurreikuspenak Azeari Andonegi alkateak eta Kepa Goenaga ogasuneko zinegotziak, herritarren aurrean. «Zuhurrak izan gara 2012rako aurrekontuetan, garaiak direnak direlako. Gutxien duenari laguntzak ziurtatzen saiatu gara, aldi berean udalaren egoera konpromisoan jarri gabe. Luxu iruditzen zaizkigun arloetan egin ditugu aldaketak», azaldu du Andonegik, ordenantza fiskalaren inguruan. KPIren %2,8 igoko dira, orokorrean, udal tasa gehienak.
Laguntzak igo, udala estututa
Aurrekontuak «errealitatera egokitzen saiatu» da udal gobernua txostena prestatzerakoan, alkateak argitu duenez. «Laguntzak igo ditugu, eta gure eskutik kanpo daudenetan estutu dugu. Udal bezala geure burua estutu dugu adibidez, ekarpen hori beste gai batzuetara berbideratzeko».
Parte-hartzeari buruz, udal agintariek aitortu dute prozesua ez dela «nahi adinako parte-hartzailea» suertatu, asti murritzagatik eta «berriak garelako honetan». «Datorren urterako herrira gehiago zabalduko dugu», hitz eman du Goenagak. Aurrekontuak herritarrei azaltzeko aurkezpen publikoa lehendabiziko aldiz egin du Udalak. Batzar aretoan berrogei bat lazkaotar izan ziren aditzen.
Arloka banatuta, kapitulu bakoitzaren xehetasunak eman zituen Goenagak. Kiroletara 462.300 bideratuko dituzte, zati handiena energiarako (185.000) eta enpresa kudeatzailea kontratatzeko (132.700) dela. Kulturak 349.720 euro izango ditu: festetarako 109.300, diru laguntzetarako 53.670, euskaran 15.100, ekintzetarako 17.000, eta Areriarako 101.100.
Denbora librerako 122.700 euro daude, horietatik gaztelekua eta ludotekaren enpresa kudeatzailearentzat 79.500. Orobioneri 27.800 eta laguntzetan 13.700 banatuko dira. Administrazio orokorrean 253.349, gizarte zerbitzuetan 364.777, hondakinetarako 563.500, urarena 401.800, herri argiteria 150.000, herri bideak 70.400, ikastola 253.530, ingurumena 28.000, berdegune-zelaiak 160.500, brigada 19.050, udaltzaingoa 2.550, hirigintza 94.500, hilerria 3.000 dira beste sail batzuk.
Diru sail berriak eratu ditu udalak: merkataritza (5.100), berdintasuna (15.000), parte-hartzea (15.000) eta komunikazioa (21.600). Ezusteetarako —Goieki, Enirio Aralar Mankomunitatea, hiltegia…— 520.963,20 euro dira.
Aurrekontuak
Sarrerak
- Zuzeneko zergak. 1.347.000 €
- Zeharkako zergak. 100.000
- Tasak. 1.200.400
- Transferentzia arruntak. 2.471.800
- Ondare sarrera. 13.500
- Inbertsio salmentak. 249.900
- Kapital transferentziak. 2.161.733
- Finantza aktiboak. 1.000
- Finantza pasiboak. 0
GUZTIRA. 7.545.333,75
Gastuak
- Pertsonal gastuak. 1.257.850 €
- Gastuak eta ondasun arruntak. 3.055.727
- Finantza gastuak. 100
- Transferentzia arruntak. 514.550
- Inbertsio errealak. 2.349.444
- Kapital transferentziak. 125.300
- Epe labur finantzak. 1.000
- Finantza pasiboak. 241.363
GUZTIRA. 7.545.333,75