Udal gaietan herritarrek ere parte hartu dezaten prozesu bat abiarazi du Urretxuko Udalak. Laia bikoitza aukeratu dute parte hartzea islatzeko irudi gisa, «politika egiteko moduari buelta emateko» tresna irudikatu nahian.
Herenegun aurkeztu zieten proposamena Urretxuko eragileei eta norbanakoei. Udaletxeko ataria txiki gelditu zen. Oihane Zabaleta alkateak, parte hartzea «modan» dagoen hitza dela esan zuen, «agian, gehiegi erabiltzen dela», baina eurek parte hartze molde horretan «sinisten» dutela nabarmenduz. Herritarrak, udalaren «bezero» izatetik, udalak herritarrekin lan egitera igaro nahi dutela esan zuen. Eta parte hartzea horretarako tresna dela. Kanpainaren sinboloa, laia, herritarrek eurak «auzolan eta elkarlan» irudi gisa definitu zuten. «Zuekin ondo antolatuta, zuek ondo informatuz eta zuekin elkarlanean», udaleko politika publikoak «hobeto» kudeatuko dituztel esan zien alkateak herritarrei. Laia irudikatzen duen parte hartzea «politika egiteko modua aldatzeko» erabili nahi dutela esan zuen.
Apirilera arte iraungo du prozesuak. Lehen fasean, urtarrilean eta otsailean, herriko eragileekin bilduko dira, egoeraren diagnosi bat osatzeko. Jon Altolagirre zinegotziak azaldu zuenez, «egun ematen den parte hartze maila ezagutu nahi dugu», eta horretarako, eragileei galdetuko diete zuzenean. Bederatzi sektore banatu dituzte lehen fasean, «tradizioz parte hartzaileak direnak»: Berdintasuna, baserritarrak, kultura, gazteria, kirolak, euskalgintza, kultura, auzoak eta hirugarren adina. Arlo bakoitzaren barneko parte hartze mailari eta elkar ezagutzari begiratuko diote. Sektore hauetan lan egiten duten eragile askok «elkar ez dutela ezagutzen» esan zuten aurkezpenean, eta udalak hori ere «aldatu» nahi duela. Auzoetako elkarteak ere aipatu zituzten adibide gisa: «urteetan parte hartzeko ekimena izan dute, baina egun, joera hori nabarmen jeitsi da, jendeak oro har duen joera indibidualista dela eta». Bide horretan, parte hartzerako eta harremanetarako «gune natural» horiek indartzea «garrantzitsutzat» jo zuten.
Apustu estrategikoa
«Laiaren baloreak praktikan jartzea gustatuko litzaiguke», esan zuten, eragileek euren artean eta udalarekin sinergiak bilatzera begira. Eragileetako kideei «talde baten parte» izango direla esan zieten, udalean dituzten «erabaki guneak kaleratu» egin nahi dituztela iradokiz. Prozesu hau udalarentzako «apustu estrategikoa» dela esan zuten udal gobernuko ordezkariek, «ikuspegi efiziente batetik, udalak bere eguneroko lana herritarrengandik gertu egiten badu, baliabide publikoen erabilera ere modu arrazionalago batean ere egin ahalko du. Herritarren beharrak errazago identifikatu ahalko ditugu».
Bigarren fasea otsailetik martxora garatuko dute. Hemen, sektore guztiekin proposamen bilera bat egingo dute. Udalarekin zein harreman mota duten, eta udalak zein izan nahiko lukeen ere mahai gaineratuko dute bilera horietan. Martxo aldera sektore bakoitzeko eragileekin kontrastatuko dituzte proposamen horiek eta apirilera bitartean, azken aurkezpenak gauzatuko dituzte, prozesuari amaiera emanez.
Udal ordezkariek, «oso garrantzitsutzat» jo zuten herritarrak izatea prozesu honen «protagonista eta gidari».