Gartxot: Konkistaren aurreko konkista
Herri xehearen ahotsa izaten zen bardoena. Herri xehearen kontuak, kondairak eta istorioak lau haizetara zabaltzen zituzten, herriz herri kantari ibilita. Gartxot Itzaltzuko bardoa izan zen, XII. Mendean sona handia hartu zuena. Haren historia ordea, gerora jakin dute askok, hein handi batean, haren omenez ateratako kantari, liburuari eta filmari esker. Asteburu honetan, Euskal Herriko historiaren zati den pertsonaia horren inguruan gehiago jakiteko aukera izango da, Ordizian. Aurten beteko dira 500 urte, Gaztelako indarrek Nafarroako erresumaren azken gotorlekua, Amaiurko gaztelua hartu zutenetik. Urteurren horri, hainbat ekimen antolatzeko aitzakia bihurtu da Euskal Herri osoan, eta baita Ordizian ere. Nafarroako historiaren inguruan jakinmin eta interes handia zuen herritar talde bat biltzen hasi zen iaz, Erdi Aroko feriaren inguruan zer edo zer antolatzeko asmoz. Jentilbaratza izena jarri zioten taldeari; «bat-batean etorri zitzaigun, azken batean Nafarroako erresumaren gazteluetako bat izan zelako, eta hemendik gertu, Ataunen zegoelako». Hitzaldi bat eta herri afaria egin zituzten orduan, eta herritarren erantzuna ona izan zen. Aurten, bosgarren mendeurrena dela eta, ekitaldi gehiago antolatzea darabilte buruan. Ekitaldi horietan aurrenekoa, astebururako prestatu duten hitzaldia izango da. Iban Toledo Jentilbaratza 1512-2012 taldeko kideak azaldu duenez, «Nafarroako konkistaren urteurrena dela eta, urte osora begirako ekintzak egin nahi ditugu, hau hasierako metxa pizteko izango da». Udalak [...]
Herri xehearen ahotsa izaten zen bardoena. Herri xehearen kontuak, kondairak eta istorioak lau haizetara zabaltzen zituzten, herriz herri kantari ibilita. Gartxot Itzaltzuko bardoa izan zen, XII. Mendean sona handia hartu zuena. Haren historia ordea, gerora jakin dute askok, hein handi batean, haren omenez ateratako kantari, liburuari eta filmari esker. Asteburu honetan, Euskal Herriko historiaren zati den pertsonaia horren inguruan gehiago jakiteko aukera izango da, Ordizian.
Aurten beteko dira 500 urte, Gaztelako indarrek Nafarroako erresumaren azken gotorlekua, Amaiurko gaztelua hartu zutenetik. Urteurren horri, hainbat ekimen antolatzeko aitzakia bihurtu da Euskal Herri osoan, eta baita Ordizian ere. Nafarroako historiaren inguruan jakinmin eta interes handia zuen herritar talde bat biltzen hasi zen iaz, Erdi Aroko feriaren inguruan zer edo zer antolatzeko asmoz. Jentilbaratza izena jarri zioten taldeari; «bat-batean etorri zitzaigun, azken batean Nafarroako erresumaren gazteluetako bat izan zelako, eta hemendik gertu, Ataunen zegoelako». Hitzaldi bat eta herri afaria egin zituzten orduan, eta herritarren erantzuna ona izan zen. Aurten, bosgarren mendeurrena dela eta, ekitaldi gehiago antolatzea darabilte buruan.
Ekitaldi horietan aurrenekoa, astebururako prestatu duten hitzaldia izango da. Iban Toledo Jentilbaratza 1512-2012 taldeko kideak azaldu duenez, «Nafarroako konkistaren urteurrena dela eta, urte osora begirako ekintzak egin nahi ditugu, hau hasierako metxa pizteko izango da». Udalak herri antzokian Gartxot filma eskaintzeko asmoa zuela jakin orduko hasi ziren martxan. Zuzendariarekin harremanetan jarri eta mahai-inguru bat antolatzea erabaki zuten. «Ikusi genuen marrazki bizidunen film horren atzean, historia bat eta ikerketa lan bat zegoela». Hori dela eta, Juanjo Elordi zuzendaria, Edorta Berruetabeña gidoigilea eta filmeko musika ekoizteaz arduratu den Aitor Furundarena musikaria gonbidatu dituzte. Saioa arratsaldeko 19:00etan izango da, Barrena jauregian. Gauean, 22:15ean, Gartxot filma eskainiko dute, herri antzokian. Igandean ere beste saio bat izango da, 16:45ean.
Sare zabalago baten barruan
Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena dela eta, Euskal Herri osoko hainbat elkarte eta ekimen batzen dituen Amaiur-Nafarroa Bizirik sarea sortu da; tartean dago Jentilbaratza taldea ere. Sare horrek, nazio mailako martxa bat antolatzeko asmoa du ekainaren 16rako, eta Ordiziako taldeak ere parte hartuko du bertan. Horrez gain ordea, urtean zehar beste hainbat ekimen antolatu nahi ditu Jentilbaratza taldeak, tartean irteerak, hitzaldiak eta erakusketaren bat.
Jentilbaratza taldeak, Euskal Herriko historiaren zati hori berreskuratu nahi du, ahazturan geldi ez dadin. «Jendeari esan nahi diogu hau ere Nafarroa izan zela, eta konkistatua izan zela. Badakigu orain batzuk akordioaren kontua saldu nahi dutela, baina hau benetako konkista bat izan zen». Gartxoten historia ere, «konkistaren aurreko konkista» izan zela esan liteke. Izan ere, nafar erresuma armaz hartu aurretik, kultur zapalkuntza edo asimilazioa hasi zen, eta filmak erakusten duen moduan.
Gartxot bardoak bertako hizkuntza eta istorioak zabaltzen zituela ikusita, Orreagako abadeak Gartxot deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du, fraide bihurtu eta latinez kanta dezan. Mikelotek ihes egitean hasiko da aita-semeen kontrako ehiza.
Aitor Furundarena:
«Gauza batzuk grabatu ditugu, baina ia soinu banda osoa Benitorena da»
Gartxot filmean parte hartu dutenen artean dago Aitor Furundarena musikaria. Filmearen soinu banda ekoizteaz arduratu da.
Filmaren soinu bandaz zu arduratu zara. Zein izan da zure lana?
Ez dakit izen zuzena nola den; soinu bandaren ekoizpena deituko nioke nik. Azkenean, musika jarri diot filmari, baina ez da nik egindakoa. Hasieratik garbi genuen Benito Lertxundiren musika behar zuela filmak, neurri handi batean, bere kanta bati esker egin zelako Gartxoten historia ezagun. Bere diskografia guztia hartu eta aukeraketa eta edizio lana egin dut, batez ere.
Eta grabaketarik ez al duzue egin?
Gauza konkretu batzuk bai, grabatu ditugu, baina esan liteke ia soinu banda osoa Benitorena [Lertxundi] dela. Ugarte anaien txalaparta doinu batzuk eta txirularekin eta albokarekin egindako kanta bat grabatu ditugu, baina horiek gehiago dira filmeko protagonistek jotzen dituzten instrumentuak, propio egindako soinu banda baino.
Nola sortu zen harremana egileekin?
Proiektu honetan hiru lagun aritu dira hasieratik, Edorta Barruetabeña, Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta. Hirurak ezagutzen nituen. Filmearen aurretik, laburmetraia egin genuen, eta haren aurretik, beste marrazki bizidun batzuk ere bai; elkarlanean aritu izan gara. Proiektu hau aurkeztu zidatenetik, plazerra hutsa izan da niretzat haiekin lan egitea.
Ezagutzen al zenuen Gartxoten historia, ala proiektu honi esker izan duzu haren berri?
Lehendik banuen Asiskok egindako komikia, eta Euskal Herriaren Nafarroako iturri hori ere betidanik interesatu izan zait. Istorioa ezagutzen nuen, baina lan honi esker asko sakondu ahal izan dut. Hau azkenean kondaira bat da, baina paradoxa handi bat du atzean, bigarren zentu askorekin. Gainera egileak adituak dira, eta elkarrizketa oso interesgarriak izan ditut beraiekin.