Iñaki Begiristain: «Sagardoa azkarrago dator aurten»
Legorretako Aulia sagardotegia irekita dago jabez aldatuta baina aurreko ohiturei segiz. Santa Lutzi egunean, abenduaren 13an, zabaldu zuten txotxeko sagardo garaia, Gipuzkoan lehendabizikoa, betiko legez. Iñaki Begiristain (Tolosa, 1973) nagusi berriaren gidaritzapean lehenengo sagardo ekoizpena puri-purian jartzen ari da, oraindik barriketan. Ikaztegietako Begiristain sagardotegiko arduraduna ere badena gustura dago lehen hilabeteko martxarekin. Bi etxeak aurrera eramatea hartu du erronka, baikoitzeko sagardoari izaera berezia emanda, hori bai. Aulia sagardotegia erosi duzue aurten. Aldaketarik egiteko aurreikuspenik ba al duzue? Inbertsioak egiteko garai txarra da, eta oraingoz lehengoari eutsiko diogu. Ahal den sagardorik onena egiten eta generoarekin ondo lan egiten saiatuko gara, eta aurrena behintzat inbertsioari buelta ematen. Aurreragoko planak baditugu, baina oraindik itxaron egin beharko dugu. Garai txarra dela aipatu duzu, baina jauzia egitera ausartu zarete. Bai. Badakigu lehendik ere Auliak ondo lan egin duela beti, iaz ere ondo lan egin zuen. Ikaztegietan ere iaz ondo lan egin genuen, eta, beno, jakinik aurten zaila izango dela iazko jende kopuruetara iristea, ikusi dugu aukera bi sagardotegiekin batera aritzeko. Krisia, beraz, ez da hain gordin iritsi sagardotegietara? Beno, hau ere jaitsita dago, ez da 2008koa. Baina nola denboraldiko gauza den, eta urte guztia zabalik ez den egoten, oraindik jendea ibiltzen da. Lehen urtean bost buelta [...]
Legorretako Aulia sagardotegia irekita dago jabez aldatuta baina aurreko ohiturei segiz. Santa Lutzi egunean, abenduaren 13an, zabaldu zuten txotxeko sagardo garaia, Gipuzkoan lehendabizikoa, betiko legez. Iñaki Begiristain (Tolosa, 1973) nagusi berriaren gidaritzapean lehenengo sagardo ekoizpena puri-purian jartzen ari da, oraindik barriketan. Ikaztegietako Begiristain sagardotegiko arduraduna ere badena gustura dago lehen hilabeteko martxarekin. Bi etxeak aurrera eramatea hartu du erronka, baikoitzeko sagardoari izaera berezia emanda, hori bai.
Aulia sagardotegia erosi duzue aurten. Aldaketarik egiteko aurreikuspenik ba al duzue?
Inbertsioak egiteko garai txarra da, eta oraingoz lehengoari eutsiko diogu. Ahal den sagardorik onena egiten eta generoarekin ondo lan egiten saiatuko gara, eta aurrena behintzat inbertsioari buelta ematen. Aurreragoko planak baditugu, baina oraindik itxaron egin beharko dugu.
Garai txarra dela aipatu duzu, baina jauzia egitera ausartu zarete.
Bai. Badakigu lehendik ere Auliak ondo lan egin duela beti, iaz ere ondo lan egin zuen. Ikaztegietan ere iaz ondo lan egin genuen, eta, beno, jakinik aurten zaila izango dela iazko jende kopuruetara iristea, ikusi dugu aukera bi sagardotegiekin batera aritzeko.
Krisia, beraz, ez da hain gordin iritsi sagardotegietara?
Beno, hau ere jaitsita dago, ez da 2008koa. Baina nola denboraldiko gauza den, eta urte guztia zabalik ez den egoten, oraindik jendea ibiltzen da. Lehen urtean bost buelta egiten zituenak orain hiru egingo ditu akaso, baina oraindik bere gantxo hori badauka.
Ireki zenutenetik hilabete joan da. Nolakoa izan da lehen kontaktua?
Oro har nahiko ondo joan dela esan behar da. Bezeria jaitsi edo igo egin den esateko ez daukat aparteko daturik, lehenengo urtea da eta. Lehengo nagusiak esaten du betiko moduan dabilela. Ikusi egin behar. Joan denarekin, nahiko gustura gaude, bai.
Aulian bertan egin duzue sagardoa?
Bai, Legorretan dagoen sagardoa bertan egindakoa da. Dolarea eta behar diren tresna guztiak badaude. Bi sagardotegi independente balira bezala izango dira Aulia eta Begiristain, sagardo bakoitzak ditu bere ezaugarriak.
Nolakoa dator, bada?
Ikusten da sagardoa beste urte batzuetan baino azkarrago datorrela. Sagarra ere aurten lehenago heldu da; udan beroa egin du, iaz negurik ez zuen egin esate baterako, eta orduan dena azkarrago dator. Itxura aldetik, Ikaztegietan egin dugun sagar nahasketa eta Legorretan egin duguna, hau da, gazia, mikatza eta gezaren arteko diferentzia, izan da bi sagardotegietan gauza berdina ez edukitzea, diferentzia pixka bat egotea bilatzearren. Ikaztegietan sagar gazi gehiagorekin egin dugu, eta Legorretan sagar mikatz gehiagorekin. Orduan, Legorretako sagardoek kolore pitin bat gehixeago eta gorputz gehiago edukiko dute, eta Ikaztegietakoak argixeagoak izango dira. Bi estilo markatuko ditugu, jendeak ere aukeratu ahal izateko.
Sagar aldetik nola ibili zarete? Iaz bertako uzta oso urria izan zen.
Bai, aurten oso gutxi izan da bertako sagarra. Orduan, kanpora joan behar izan dugu, eta Bretainiatik eta Galiziatik ekarri dugu. Bertakoarekin kamioikada bat osatu dugu, 26 bat tona. Egia esan oso gutxi da, zeren urte on batean praktikoki behar dugun sagar guztia osa daiteke bertakoarekin.
Aulian zenbat litro atera zaizue?
100.000 litro bueltan. Aurreneko urtea da, eta ez dugu dena bete. Salmentak nola doazen ikusi nahi dugu, sobrante eduki baino nahiago izan dugu neurrian egin.
Zure ibilbidea orain arte Begiristain sagardotegiarekin lotuta izan da.
Ikasketaz ingeniaria naiz, baina beti gustatu izan zait sagardotegia, bizi guztian ibili naiz: ikasi eta denbora nuenean laguntzen, gaztea nintzenean zerbitzatzen, sagardoa egiten… Bizi guztiko harremana dut sagardotegiarekin. Karrera bukatutakoan lanean hasi nintzen Indarren, eta sagardotegian segi; azkenean erabaki beharra zegoen, bietan ezin zelako, eta sagardotegian gelditzea pentsatu nuen. 1998an hasi nintzen esklusiboki honetan.
Begiristain marka Gorenak-en duzue. Aulia ere hor satzeko asmorik?
Auliakoa aurten ez dugu sartu. Bodega berria da niretzat, eta aurrena ikusi nahi dut sagardoak zer bilakaera eramaten duen, sagardoa ea nola konportatzen den bodega horretan. Gorenak, besteak beste, kalitateko marka bat izanik, eskakizun eta araudi batzuk kunplitu beharra dakar; gainera, botilatzen den sagardo guztia Diputazioaren laboratoriotik pasatu beharra dago, kalitatea ziurtatzeko. Aurreneko urtean behintzat Legorretan ez naiz sartu Gorenaken, ikusi arte bodegak nola funtzionatzen duen, sagardoak zer jarrera daukan, edo gai naizen maila hori mantentzeko. Aurrera begira, gauzak ondo joaten badira, badaukat asmoa Aulia ere Gorenaken sartzeko.
Botilaratzen noiz hasiko zarete?
Urtarrilaren bukaeran edo otsailaren hasieran. Otsailetik aurrera izango dugu aurtengo sagardoa botiletan. Auliakoa ere marka eta izen berarekin aterako da.