Zaborra kudeatzeko moduez hausnartzeko taldea sortu dute
Herenegun iluntzean Zumarragako eta Urretxuko Zero Zabor taldea aurkeztu zuten. Zaborraren kudeaketaren gainean hausnarketa egin, eta gaiari irtenbideak bilatzeko asmoz sotu dute taldea.
Zumarragako eta Urretxuko Zero Zabor taldea, zaborraren kudeaketarekin «kezkatuta» dauden hainbat herritarrek sortu dutela esan zuten. Beste irtenbide batzuk elkarrekin aztertzeko, eztabaidatzeko eta bilatzeko konpromisoarekin sortu dute taldea. Oñatiko Zero Zabor taldeko kideen laguntza izan zuten aurkezpenean. Hitzaldia eskaini zuten oñatiarrek, eta gaiak sortzen duen interesaren erakusle da, hitzaldian Urretxuko, Zumarragako, Legazpiko, Ordiziako eta Azkoitiako jendea egon izana.
Oñatiko taldetik, zaborra «arazo bat» dela esan zuten, «guk sortu dugu eta konponbidea guk bilatu behar diogu». Egungo lau edukiontzien sistemarekin, sortzen den zaborraren %25a birziklatzen dela esan zuten. Gai organikoak bereiztuta jasotzen dituen bosgarren edukiontziarekin, portzentaia hori %35era igo zuten. Gainontzekoa, zabortegietan lurperatzen dutela edo erraustegietan erretzen dutela adierazi zuten.
Zabortegiek «epe mugatua» dutela jakinarazi zuten, betetze mailaren araberakoa. Erraustegiek, berriz, zaborra erretzean atmosferara gai toxikoak jaurtitzeaz gain (dioxinak eta furanoak), «errauts toxikoa» sortzen dutela azaldu zuten. Errauts hori gordetzeko, aldi berean, segurtasun bereziko zabortegiak behar dituztela gehitu zuten. «Erraustegiekin, %100ean, gai toxikoak emititzea ezin da ekidin», esan zuten.
Goierriko zabor kopurua
Zubietan eraiki nahi duten erraustegiak 600 milioi euro kostatuko dela esan zuten, eta jarraitu zutenez, erraustegi hau diseinatu duen Resa enpresaren txosten baten arabera balizko erraustegi horretako «errauts toxikoa» Mutiloako Lurpe zabortegira eramango dutela aurreikusi dute: «Zubieta urruti geratu arren, gaiak gertutik eragingo digu».
Goierriko 22 herrietako biztanleek 2010. urtean sortu zuten zabor kopurua, «30 mila tonakoa» izan zela esan zuten, biztanleko 425 kilokoa: «hamar mila tona gaika banatu zituzten, eta gainontzekoa zabortegian lurperatu zuten». Beraz, Goierriko birziklatze maila %34an kokatu zuten.
Zaborra kudeatzeko alternatiba gisa, atez-ateko gaikako bilketa iradoki zuten. Usurbilgo datuak ekarri zituzten: «2008. urtean, ez zen gaikako bilketarik egiten, eta birziklatze maila %23koa zen. 2009an, gaikako bilketarekin hasita, kopuru hori %82ra igo zen». Antzuolan ere, atez-ateko gaikako bilketa jarri eta «sei hilabeteko epean, sortzen duten zaborraren %92a birziklatzera iritsi dira» gaineratu zuten. «Bilketa sistema honekin, oso errefus gutxi sortzen da». Herri batzuetan familiek konposta egin dezaten, gune bateratuak jarri dituztela gogoratu zuten, edota etxebizitzako sortzen den zabor kopuruaren araberako tasak kobratzea aurreikusi dutela.
«Atez ateko sistema ez da hemengo asmakuntza bat. Mundu osoko herrialdeetan erabiltzen dute». Egungo zabortegien ereduari, legez, ezin zaiola eutsi, eta herritarrek kontzientzi hartu behar dutela adierazi zuten Zaborra Zeroko kideek, zaborraren ibilbidea zirkularra izatera itzul dadin: «egungo eredua lineala da. Lehengaiak naturatik jaso, kontsumitu eta zabor bihurtzen ditugu. Eredu zirkularrean, baliabideak hartu, ekoiztu, erabili, bildu eta birziklatu egiten dira». Honi lotuta, lehengaiak erretzea «luxu bat» dela ondorioztatu zuten.
Bosgarren edukiontziaren eta atez ateko gaikako bilketaren arteko desberdintasunagatik galdetu zuen herritar batek. «Bosgarren edukiontziarekin, gaikako bilketa eta birziklapena norberaren borondatearen araberakoa da. Atez ateko gaikako bilketarekin, herritar guztiek derrigorrez birziklatu behar dute», erantzun zioten. Honela, zaborraren arazoa begien bistan jartzen dela gehitu zuten. «Egun, zaborra ezkutatu egiten dugu, baina arazoa erakutsi egin behar da».