Amaia Andres Berakoetxea: «Lortutako garaipen askorekin ez dut gozatzen jakin»
Ginmasio batean egiten du lan Amaia Andresek (Beasain, 1966). Prestatzaile pertsonalaren lanak kirol zentroaren kudeaketarekin uztartzen ditu. Lasarte-Oria atletismo klubeko eskola umeak entrenatzen ere aritzen da, Eskola Kirola programaren barruan. «Polita da. Orain beste aldean ari naiz lanean». Kirolaren fase guztiak ezagutu ditu, eta nabarmendu du orain ari dela gozatzen kirolarekin. «Kirolari profesionala nintzenean momentu askorekin ez nuela gozatu sentitzen dut, eta pena ematen dit. Lortutako garaipen askorekin ere ez dudala gozatzen jakin iruditzen zait. Oso zorrotza nintzen nire buruarekin». Amaia Andres puntako atleta izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. 800 metrokoan nabarmentzen zen, eta asko dira hamabost urteko kirol ibilbidean irabazitako txapelketak. Hernanin bizi da gaur egun, senarrarekin eta bi seme-alabekin. Beasaingo Loinazpe ikastetxean hasi zen atletismoa ezagutzen, garai hartako 7. mailan. «Beti aipatzen dut Loinazpen hasi nintzela, harro bainago horretaz. Kirola egiten eskolan hastea garrantzitsua da. Uste dut funtsezkoa dela heziketa fisikoko irakasleak egin dezakeen lana». Felipe Alfaro soinketa irakasleak begiz joa zuen ordurako, eta atletismoan hasi arteko bakerik ez zion eman. «Egoskorra izan zen nirekin. Niri saskibaloia gustatzen zitzaidan, baina berak esaten zidan hortik jai zegoela, eta korrika hasteko». Alfarok Ordiziako atletismo klubera eraman zuen, eta han, Josetxo Imazekin eta Txato Caballerorekin hasi zen entrenatzen. «Biak hilda [...]
Ginmasio batean egiten du lan Amaia Andresek (Beasain, 1966). Prestatzaile pertsonalaren lanak kirol zentroaren kudeaketarekin uztartzen ditu. Lasarte-Oria atletismo klubeko eskola umeak entrenatzen ere aritzen da, Eskola Kirola programaren barruan. «Polita da. Orain beste aldean ari naiz lanean». Kirolaren fase guztiak ezagutu ditu, eta nabarmendu du orain ari dela gozatzen kirolarekin. «Kirolari profesionala nintzenean momentu askorekin ez nuela gozatu sentitzen dut, eta pena ematen dit. Lortutako garaipen askorekin ere ez dudala gozatzen jakin iruditzen zait. Oso zorrotza nintzen nire buruarekin». Amaia Andres puntako atleta izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. 800 metrokoan nabarmentzen zen, eta asko dira hamabost urteko kirol ibilbidean irabazitako txapelketak. Hernanin bizi da gaur egun, senarrarekin eta bi seme-alabekin.
Beasaingo Loinazpe ikastetxean hasi zen atletismoa ezagutzen, garai hartako 7. mailan. «Beti aipatzen dut Loinazpen hasi nintzela, harro bainago horretaz. Kirola egiten eskolan hastea garrantzitsua da. Uste dut funtsezkoa dela heziketa fisikoko irakasleak egin dezakeen lana». Felipe Alfaro soinketa irakasleak begiz joa zuen ordurako, eta atletismoan hasi arteko bakerik ez zion eman. «Egoskorra izan zen nirekin. Niri saskibaloia gustatzen zitzaidan, baina berak esaten zidan hortik jai zegoela, eta korrika hasteko». Alfarok Ordiziako atletismo klubera eraman zuen, eta han, Josetxo Imazekin eta Txato Caballerorekin hasi zen entrenatzen. «Biak hilda daude. Oso ondo tratatzen ninduten. Gaur egun askoz ere profesionalizatuago dago dena, baina lehen ezberdina zen. Entrenatzera azaltzen ez bazinen, etxera joaten ziren zure bila. Orduan ez, baina orain ikusten dut haiek zer lan egiten zuten».
Altamira estadio zaharrean entrenatzen ziren, lurrezko pista batean. «Euri asko egiten zuen orduan, orain baino gehiago, eta 1. eta 2. kaleetan ezin zen ibili ere egin. Tartanik ez zegoen artean, eta iltzedun oinetakorik ere ez genuen». Aldagelak ere partekatu behar izaten zituzten, eta dutxatu, berriz, futbolekoen ondoren egin behar izaten zuten. Askotan «entrenamendu naturala» egiten zuten, Oiangu parkean barrena. Garai horretantxe hasi zen Amaia Andresen izena ezagun egiten. «Hamahiru urte nituela Espainia mailan bazuten nire aditzera. Ez dut uste hori erabat ona denik. Hamabost urterekin Espainiako selekzioko nagusiekin aritu nintzen Yugoslaviaren aurka. Parte hartu bai, baina etxera itzultzeko desiratzen egoten nintzen; ikasketak, lagunak… Zumarragako Golden diskotekara ere gustura joaten nintzen».
Hamahiru urte Madrilen
Ordiziako lehen urte horiek «jolas baten modukoak» irudikatzen ditu, eta gogoan du inguruko jende askorengandik jasotako babesa. Gozatzen ari zen une horretan, ordea, bere garapena bi urtez eten zuen ebakuntza egin zioten. «Oinak kaboak nituen, eta korrika egiten nuenean mina ematen zidaten. Gaur egun ez diote inori ebakuntzarik egiten horregatik, baina niri egin zidaten». Asko kosta zitzaion errekuperatzea, eta oina jartzeko modu berri batera ohitu behar izan zuen. «Bi urte txar izan ziren, oinak igeltsuarekin… Hamabost hamasei urte nituen, eta artean, erabat hazteko nengoen».
Baina handik gutxira Madrilera joateko eskaintza egin zioten, Blume goi errendimenduko zentrora. Bizimodua goitik behera aldatu zitzaion. «Beste klub batzuen eskaintzak banituen, baina nik Ordiziarekin lehiatu nahi nuen. Gogorra izan zen momentu hura». 1984. urtea zen. Espainiako hiriburuan aurkitutakoaz ez du oroitzapen gozoegirik. «Han ez zegoen mimorik, ez zegoen talde sentimendurik. Orain gauzak aldatu dira, baina orduan pertsona modura ere ez zintuzten baloratzen. Emaitzek bakarrik balio zuten». Aldaketa handiegia izan zen Goierritik Madrilerako jauzia; goi mailako kirolariz inguratuta eta kirola elkarrizketa bakar. Itolarria sortzen zion horrek. «Baina zer da hau? Horixe galdetzen nion neure buruari». Herriminak jota gogoratzen ditu lehen hilabete horiek, baina denborarekin ohitu egin zen hango bizimodura. «Hamahiru urte egin nituen Madrilen. Ez da egongo jende asko horrenbeste iraun zuenik. Han entrenatuz eta lo eginez pasatu nituen lau urte, eta gainontzekoak, pisu batean, egunero Blumera joanez».
Urte horiek izan ziren emaitzen aldetik Andresen onenak, pista estalian batez ere. 800 metroko Espainiako Txapelketa dezentetan irabazi zuen, eta Munduko bi txapelketatan eta Europako hirutan ere parte hartu zuen, besteak beste. Bere kirol ibilbideko une gorena, ordea, 1992an izan zuen, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan. Bosgarren sailkapen proban bosgarren sailkatu, eta kanporatuta geratu zen. «Nik banekien ez nuela zereginik, lehia handia baitzegoen. Nire helburua nire marka egitea zen, eta ia lortu nuen. Amets bat bete nuen parte hartuta». Unerik hunkigarriena, berriz, Donostiako Belodromoan bizi izan zuen, Ainhoa Ostolaza Urnietako txirrindulariarekin aurrez aurre aritu zenean Euskadiko Sei Orduetan. «Oroitzapen oso ona dut. Belodromoa jendez gainezka, giro paregabea…».
Erabakia hartu beharra
Olinpiar Jokoen ondoren Madril uztea erabaki, eta Valentziako klubera joan zen. «Halaxe erabaki nuen. Profesionala nintzen, eta emakumeentzat dirua zeukan klub bakanetakoa zen». Baina bi urte eskas egin zituen han, bere buruak gehiago ezin zuela esan baitzion. «Erabakia, behintzat, neure kabuz hartu nuen, eta ez lesioek behartuta. Zeresan handia eman zuen. Sidneyko Olinpiar Jokoetara joateko aukera ere izan nezakeen, baina ezin nuen». 30 urterekin utzi zuen kirol bizitza profesionala, 1995ean.
Beasainen zen berriz, eta itzuli orduko, Gipuzkoako Atletismo Federazioak eskola kiroleko koordinatzaile postua eskaini zion. Herri lasterketa batzuetan ere parte hartu zuen urte haietan, baina konturatu zen ez zuela horietarako balio. «Oso lehiakorra nintzen». Gurasoak jubilatu zirenean, Beasain utzi eta Donostiara joan ziren, eta hortik aurrera Goierritik kanpo egin du bizimodua Amaia Andresek. «Orain, Beasaingo festetara urtero joaten naiz, eta Ordiziakoetara ere bai!». Atletismoak arrasto handia utzi du haren bizitzan: «Zaildu egin nau kirolak, eta nortasun jakin bat eman dit». Ezagun du hori.