Irrien Lagunak klubaren aterpetxea ehundik gora lagunek bisitatu dute, Zerainen
Zeraingo Irrien Lagunak klubaren aterpetxea ehundik gora lagunek bisitatu dute dagoeneko. Momentuz, ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak dira bertan egonaldia egin dutenak. Zeraingo Harizti-Erdi aterpeko zein Irrien Lagunak klubeko kideek gogorarazi dute, familiek zein taldeek ere bisitatu dezaketela. Irrien Lagunak-ek eta Zeraingo aterpetxeak urrian jarri zuten abian ekimena. Ordutik klubeko kideek aterpetxeak eskaintzen dituen ekimenetan parte hartzen dute. Hala, Zeraingo Harizti-Erdira joateko erabakia hartzen dutenek naturaz eta Zerain Paisaia Kulturalaz gozatzeko aukera izateaz gain, egonaldian zehar, Irrien Lagunak-eko pertsonaiekin (besteak beste, Marikalanbre, Largabista eta Martinber) egoteko aukera izaten dute. Bi programazio Zeraingo Irrien Lagunak klubaren aterpetxean bi programazio bereiztu dituzte, bata familiei eta lagun taldeei zuzendutakoa eta bestea, ikastetxeei eta elkarteei. Astebukaeretan Euskal Herriko familiei eta taldeei beraien pertsonaiekin egun batzuk pasatzeko eta hainbat jardueretan parte hartzeko aukera ematen diete. «Horretarako, urte sasoi bakoitzean programazio desberdin bat proposatuko dugu, gurasoei, aiton-amonei eta haurrei egun batzuk familian eta modu ludikoan partekatzeko aukera emanez», diote Irrien Lagunko kideek. Astean zehar berriz, ikastetxeek zein elkarteek bi edo hiru eguneko egonaldia egiteko aukera dute. Egonaldian hainbat gai jorratzen dituzte, hala nola, ura, industrializazioa, Euskal Herriko historia, Erdi Aroa, egurraren eraldaketa, animaliak, udazkena, udaberria, herria eta zerbitzuak, birziklapena eta lanbideak. Ekimenaren sortzaileek aipatu dutenez aterpetxera joaten [...]
Zeraingo Irrien Lagunak klubaren aterpetxea ehundik gora lagunek bisitatu dute dagoeneko. Momentuz, ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak dira bertan egonaldia egin dutenak. Zeraingo Harizti-Erdi aterpeko zein Irrien Lagunak klubeko kideek gogorarazi dute, familiek zein taldeek ere bisitatu dezaketela.
Irrien Lagunak-ek eta Zeraingo aterpetxeak urrian jarri zuten abian ekimena. Ordutik klubeko kideek aterpetxeak eskaintzen dituen ekimenetan parte hartzen dute. Hala, Zeraingo Harizti-Erdira joateko erabakia hartzen dutenek naturaz eta Zerain Paisaia Kulturalaz gozatzeko aukera izateaz gain, egonaldian zehar, Irrien Lagunak-eko pertsonaiekin (besteak beste, Marikalanbre, Largabista eta Martinber) egoteko aukera izaten dute.
Bi programazio
Zeraingo Irrien Lagunak klubaren aterpetxean bi programazio bereiztu dituzte, bata familiei eta lagun taldeei zuzendutakoa eta bestea, ikastetxeei eta elkarteei.
Astebukaeretan Euskal Herriko familiei eta taldeei beraien pertsonaiekin egun batzuk pasatzeko eta hainbat jardueretan parte hartzeko aukera ematen diete. «Horretarako, urte sasoi bakoitzean programazio desberdin bat proposatuko dugu, gurasoei, aiton-amonei eta haurrei egun batzuk familian eta modu ludikoan partekatzeko aukera emanez», diote Irrien Lagunko kideek.
Astean zehar berriz, ikastetxeek zein elkarteek bi edo hiru eguneko egonaldia egiteko aukera dute. Egonaldian hainbat gai jorratzen dituzte, hala nola, ura, industrializazioa, Euskal Herriko historia, Erdi Aroa, egurraren eraldaketa, animaliak, udazkena, udaberria, herria eta zerbitzuak, birziklapena eta lanbideak. Ekimenaren sortzaileek aipatu dutenez aterpetxera joaten direnek gai horien artean nahi dutena hautatzeko aukera izaten dute.
Harizti-Erdi aterpetxean lantzen dituzten interesguneen helburua da Zeraingo herriaren eta eskualdearen ingurumen fisiko eta sozio-kulturalak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, haurrek beraien konpetentzia guztiak landu ditzaten laguntzea. «Hau da, testuinguru horretan konpetentzia komunikatiboak, kognitiboak, elkarbizitzari dagozkionak, nork bere buruari dagozkionak eta egiten eta ekiten ikasteari dagozkionak garatzeko aukera ematea», gehitu dute ekimenaren sortzaileek. Hori guztia Irrien Lagunak klubeko pertsonaiek lagunduta egingo dute. Hala, mendira txangoa egitean Largabista kapitaina beraiekin joango da edo Marikalanbrerekin esperimentuak egingo dituzte Zeraingo zerrategian.
Izen ematea
Bisita gidatua egin ahal izateko gutxienez hamabost laguneko taldea osatu behar da. Taldea aurrez antolatu dezak norberak. Familia edo norbanakoek izena eman eta taldea osatu arte itxarotea ere posible da.
Aterpetxean egonaldia egin nahi duenak, Zeraingo turismo bulegoko telefono zenbakira, 943 80 15 05ra, deitu behar du izena emateko. Nahi duenak turismobulegoa@zerain.com helbidera ere idatzi dezake.
HAURREN HEZKUNTZA OINARRI DUEN KLUBA
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Euskal Herriko haur eta heldu gehienek ezagutzen dituzte. Pirritxek Pupu eta Lore bikiak eduki zituenetik, ordea, familia handitu egin da. Haurren hezkuntzaz arduratzeko konpromisoa oinarri hartuta, Katxiporreta pailazo taldeak, Elkar argitaletxeak eta Berria egunkariak Irrien Laguna kluba sortu zuten duela urte bat.
Irrien Laguna Euskal Herriko haurrak eta beraien gurasoak eta hezitzaileak bilduko dituen talde edo komunitatea da. Hasiera-hasieratik ikuspegi hezitzailea du eta bere ardatza, Euskal Herriko haur guztiak ordezkatuko dituen Pupu eta Lore haurrak dira.
Pirritxen bikiei eta Euskal Herriko haur guztiei, koloretako mundua eraikitzen lagundu nahi die klubak, hainbat balore sustatuz, beti ere Euskal Herria, euskara eta irria oinarri hartuta.
Euskal Herrian pentsaera eta kultura desberdineko jendea bizi denez, aniztasuna balore bezala aldarrikatu nahi du klubak. Bizikidetzari buruzko kultura berritzailea sortzen ere lagundu nahi du «errespetuan eta elkarrizketan oinarritua, gure gizartean oinarrizko baloreak sustatzen joateko: berdintasuna, errespetua, elkarrizketa, elkartasuna eta askatasuna». Haurren artean ekologiaren baloreak sustatu nahi ditu «modu aktiboan», hala nola, ingurugiroa babestea, baliabideak eraginkortasunez erabiltzea, ekosistemak zaintzea eta birziklapenaren kultura sustatzea.
Hainbat euskarri
Aipatutako helburuak lortzen laguntzeko hainbat euskarri ditu klubak: webgunea, Irria aldizkaria (harpidetzaren bidez etxean jasotzeko aukera), Zeraingo aterpea, klubaren gunea, pertsonaien ikuskizunak eta Irrien Lagunak kultur elkartea.