Taldekako TRX saioak abiarazi nahi dituzte Urretxuko Aldiri kiroldegian
Urretxuko Aldiri kiroldegian taldekako TRX ikastaroa eskaintzen hasiko dira. Zinta bat eta bi uztaiekin mskulazioa lantzeko aukera ematen duen aparailuari hots egiten zaio TRX, eta kiroldegiko arduradunen arabera, «lehen aldia izango da inguru honetan taldekako zerbitzu hau eskainiko dena».
2012 urterako hamar ikastaro eskainiko dituzte Aldirin: TRX suspentsio entrenamenduak, pilatesa, indoor txirrindularitza, yoga, mantentze gimnastika, aerobika, 3. adinekoentzako gimnasia arina, spin+power, power+gap, eta entrenamendu pertsonalak. Berrikuntza nagusia taldekako TRX zerbitzua izango da.
TRX izenekoa, esekidura bidezko entrenamenduak egitea ahalbidetzen duen entrenamendu sistema da. AEBtako armadaren entrenamendu sistemetan oinarritzen da, kiroldegiko arduradunen arabera. Indarra, malgutasuna, oreka eta arintasuna hobetzeko sistema gisa definitu dute, eta bi uztaiek eta hauek lotzen dituen zinta batek osatzen dute.
Talde bat sortu eta ikastaroa abiaraztea da kiroldegiko arduradunen asmoa. Hala ere, Urretxun sistema berria izanik, datorren astean ate irekien egun bat egingo dute kiroldegian, herritarrek TRXa doan frogatu dezaten. Asteazkenean, hilak 25, egingo dute hori, hiru saio desberdinetan: 8:00etan, 11:00etan eta 18:00etan. Hiru ordu hauetan, herritarrek kiroldegira joan eta TRXa ezagutzeko eta frogatzeko aukera izango dute. Jon Ander Elgarresta urretxuarrak gidatuko ditu bai egun hau eta baita ikastaroa ere, baldin eta taldea osatzeko adina jende batzen badute. Elgarrestak asteazkenean joatera animatu ditu herritarrak, «probatu dezatela. Gero, ikastaroa egiteko interesa dutenekin hitz egingo dugu». «Aukera asko» eskaintzen dituen entrenamendu sistema dela esan dute sustatzaileek. Ordutegiak ere aurreikusi dituzte ikastaro berrirako: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 8:00etatik 9:00etara eta 11:00etatik 12:00etara; eta astearteetan eta ostegunetan 18:00etatik 19:00etara.
Kiroldegiak eskaintzen dituen gainontzeko ikastaroetan ere, froga egun bat doan egiteko aukera eskaintzen dute kiroldegian. Interesa dutenek, kiroldegian bertan eska dezakete informazio gehiago.