Txerri hilketaren ondorengoak herritarrekin partekatuko ditu La Bellota elkarteak
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Legazpiko La Bellota extremadurar zentroak txerri hilketaren ondorengoak herritarrekin partekatuko ditu aurten ere. Larunbatean izango da hori, urtarrilak 21. Azken bost urteetan, Extremaduran txerri hilketak %30 ja...
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Legazpiko La Bellota extremadurar zentroak txerri hilketaren ondorengoak herritarrekin partekatuko ditu aurten ere. Larunbatean izango da hori, urtarrilak 21.
Azken bost urteetan, Extremaduran txerri hilketak %30 jaitsi diren arren, Legazpin oraindik ere mantentzen dute ohitura hori. Txerri hilketaren festa 12:00etan hasiko dute larunbatean. Elkarteak San Inazio auzoan duen egoitzan batuko dira horretarako.
Elkarteko bazkideez eta herri agintariez gain, herritar guztiei ere luzatu diete bertara joateko gonbidapena, izan ere, festa honen helburuetariko bat, euren ohitura garrantzitsu bat bezala definitu dutena ezagutzera ematea baita. Horretarako txerriaren hilketaren ondorengoak partekatuko dituzte herritarrekin, janari dastaketa forman. Xolomoa, txorixoak, buzkantzak, hirugiharra edota urdaia eskainiko dituzte. 100 kilo inguruko txerriarekin ospatuko dute festa, eta haragia laguntzeko migak ere prestatuko dituzte. Jangai hau lurralde desberdinetan, Badajozen edota Caceresen kasu, prestatzen duten moduetan dastatzeko aukera emango dute.
Hasieran bestela egiten bazuten ere, oraingoan ere txerria hilda eramango dute elkartera, eta festaren egunean bertan zatituko eta prestatuko dute, 9:00etan hasita.