Astean hemeretzi lagunek erabiltzen dituzte Ataungo auto elektrikoak
Ataunen auto elektrikoen proiektua martxan jarri zutenetik urtebete pasa da dagoeneko. Bere garaian, nobedade handia izan zen, Gipuzkoako herririk luzeeneko mugikortasun ohiturak aldarazi nahi baitzituen egitasmoak. Hala, norbere autoaz eta garraio publikoaz gain, kotxe elektrikoak alokatzeko aukera izan dute ataundarrek azken hamabi hilabeteetan. Urtebete geroago, Ataungo auto elektrikoak aparkatzeko gunea hutsik ikus daiteke eguneko zenbait ordutan. Ataunen eskuragarri dauden bost autoak herritarrek hartuak baidituzte. San Martin auzoan espreski prestatutako estalpe batean egoten dira aparkatuta. Kotxe bakoitzak, aparkatzeko lekuaren aurrean kotxea kargatzeko makina bana dauka, hurrengo erabiltzailea etorri bitartean indarra hartzeko. Zerbitzua erabili nahi duenak, erabiltzaile txartela izanda, internet bidez egin dezake erreserba, autoa erabili nahi duen denbora tarterako. Think City markako autoak, Ataunen hartu eta inguruko herrietara enkarguren bat egitera joateko, edo urrutixeago lanera joateko ere erabiltzen dituzte ataundarrek. Kotxeak alokatzeko zerbitzua Sarecar enpresak kudeatzen du. Kotxeek erabiltzen dute energia berriz, Ennera Enpresak. Enpresa honek emandako datuen arabera 2011n kotxeek izan duten erabilera positiboki baloratu dute. Car Sharing sistema martxan jarri zenetik, Ataunen alokatzeko eskuragarri dauden bost autoek ez dute Co2-rik ingurumenera ixurtzen. Koldo Gutierrez Ennerako marketing arduradunak, proiektuaren balorazio «oso positiboa» egin du. Gutierrezek, lehenengo urtearen helburua proiektua martxan jarri eta probatzea zela adierazi du. «Teknologia berria da eta [...]
Ataunen auto elektrikoen proiektua martxan jarri zutenetik urtebete pasa da dagoeneko. Bere garaian, nobedade handia izan zen, Gipuzkoako herririk luzeeneko mugikortasun ohiturak aldarazi nahi baitzituen egitasmoak. Hala, norbere autoaz eta garraio publikoaz gain, kotxe elektrikoak alokatzeko aukera izan dute ataundarrek azken hamabi hilabeteetan.
Urtebete geroago, Ataungo auto elektrikoak aparkatzeko gunea hutsik ikus daiteke eguneko zenbait ordutan. Ataunen eskuragarri dauden bost autoak herritarrek hartuak baidituzte. San Martin auzoan espreski prestatutako estalpe batean egoten dira aparkatuta. Kotxe bakoitzak, aparkatzeko lekuaren aurrean kotxea kargatzeko makina bana dauka, hurrengo erabiltzailea etorri bitartean indarra hartzeko. Zerbitzua erabili nahi duenak, erabiltzaile txartela izanda, internet bidez egin dezake erreserba, autoa erabili nahi duen denbora tarterako. Think City markako autoak, Ataunen hartu eta inguruko herrietara enkarguren bat egitera joateko, edo urrutixeago lanera joateko ere erabiltzen dituzte ataundarrek.
Kotxeak alokatzeko zerbitzua Sarecar enpresak kudeatzen du. Kotxeek erabiltzen dute energia berriz, Ennera Enpresak. Enpresa honek emandako datuen arabera 2011n kotxeek izan duten erabilera positiboki baloratu dute. Car Sharing sistema martxan jarri zenetik, Ataunen alokatzeko eskuragarri dauden bost autoek ez dute Co2-rik ingurumenera ixurtzen.
Koldo Gutierrez Ennerako marketing arduradunak, proiektuaren balorazio «oso positiboa» egin du. Gutierrezek, lehenengo urtearen helburua proiektua martxan jarri eta probatzea zela adierazi du. «Teknologia berria da eta hasierako proba garaia pasa du; proiektua bideragarria dela garbi geratu da». Bataz beste, Ataungo kotxe elektrikoek astean hemeretzi erabiltzaile izan dituzte. Erabilerari dagokionean, erreserba bakoitzeko, bataz beste 63 kilometro egiteko erabili izan dira. Ataundarrek kotxe elektrikoa hartu izan duten bakoitzean, 4,5 euroko gastua egin dute.
Kotxea erabiltzen dutenen artean, Ennerak dituen datuen arabera, erabiltzaile batzuk «ohiko erabiltzaileak» dira. Autorik ez duen jendea eta autobusa erabili beharrean, kotxe elektrikoa hartzen duena da. Horiek, inguruko herrietara joateko erabiltzen dute autoa.
Beste erabiltzaile batzuk «noizbehinkakoak» dira; horiek kotxea zertarako erabiltzen duten jakitea zailakoa da Enneraren arabera, baina etxeko kotxea aparkatuta uzteko apustua egiten duten ataundarrak izan daitezke. Proiektuaren helburuetako bat, auto elektrikoak etxeko bigarren kotxea ordezkatzea zen, hain zuzen.
Proiektua martxan egon den urte bete honetan proiektuak izan ditzakeen akatsak aztertu dituzte Ennera eta Sarecarek. Honela proiektua bideragarriago izateko inguruko herrietan ere kotxeak kargatzeko guneak jartzea beharrezkoa dela ikusi dute. Honela, kotxe elektrikoen proiektua kudeatzen duen enpresak Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko udalekin lan egingo du herri horietan ere kotxe elektrikoen eskaintza martxan jartzeko. Herri horietan kotxe elektrikoak erabiltzeko aukera noiz izango den, ordea, ez du argitu Ennerak.
Kontsumo txikia
Sarecarrek emandako datuen arabera, auto horien kostua kilometroko 0,07 eurokoa izan da; ohiko autoekin alderatuta, %85eko deskontua egiten dela kaltulatu dute. Ohiko erregaiak erabiltzen dituzten autoek, kilometroko 0,48 euroko kosua izaten dute. Urtean 12.000 kilometro baino gutxiago egiten dituzten auto gidarientzat zerbitzu hori errentagarria dela ziurtatzen du Sarecarrek.
Sarecarrek auto horiei ikusten dien beste abantailetako bat, erabiltzaileek kotxeen aseguruaz eta kotxearen mantenuaz arduratu beharrik ez dutela da.
Proiektuak ekonomikoki eskaini dituen abantailez gain, Ataungo gizarteari eta ingurumenari ere ekarri dizkion abantailak ere nabarmendu dituzte proiektuaren arduradunek.
Duela urtebete, proiektua martxan jarri zutenean, etxeetako bigarren kotxearen ordez kotxe elektrikoa erabiltzea espero zuten, eta neurri batean helburu hori lortu dutelakoan daude.
Ohiko erabiltzaileak gustura
Kotxe horien erabiltzaileak gustora agertu dira Sarecarrek eskaintzen duen zerbitzuarekin. Erabiltzeko erraza dela nabarndu du horietako batek; «kargatzen jartzea da duen lan bakarra eta hori segituan egiten da». Proiektua hobetze aldera, erabiltzaile batzuk kotxeak kargatzeko lekuak beste herri batzuetan jartzeko beharra ikusten dute. «Beasainen edo Ordizian autoa kargatzeko aukera izatea komeni zaigu».
Ataunen bost kotxe alokatu daitezke; erabiltzaileek batzutan kotxe guztiak hartuta egoten direla eta zerbitzua erabili baino lehen pentsatu behar dela diote. Orokorrean, zerbitzua egun duela hilabete batzuk baino gehiago erabiltzen da. Lehenengo asteetan jendeak kotxea probatu egiten zuen; kuriositatez kotxearekin bueltatxo bat egiten zuen. Gaur egun, Ataungo paisaiaren zati dira kotxe elektrikoak.