Goierriko enpresak, elkartuta, mundura begira
Goierriko enpresa txikiak eta handiak elkarrekin ari dira lanean, ekonomia krisiaren ondorioz, munduan sortu den egoera berriari aurre egiteko asmoz. Lankidetza, elkarlana aukeratu dute tresnatzat. Lankidetzan ari dira Goierriko enpresa txikiak (Get), Goierriko enpresa handien beharrei erantzuteko trebatzen eta garatzen. Indar metaketa horretatik handiago eta lehiakorrago sentitzen direnez, munduko merkatuetara ere atera nahi dute, Get Goierri Basque Country markaren pean. Goiekiko Niko Errasti, Mikel Mujika eta Borja Urretabizkaia ari dira lankidetzari bidea errazten saiatzen. 2008az geroztik, ekonomia krisia urak astintzen hasi zenetik, Goierriko enpresak elkarlanean ari dira, Goiekik bideratuta. Niko Errasti, Mikel Mujika eta Borja Urretabizkaia, Goiekiko teknikariak dira, sare hori aurrera ateratzeko bidea errazten dabiltzanak. Bost talde edo foro dagoeneko martxan dira, eskualdera zein mundura begira. Krisialdiek ikasteko balio izaten omen dute. Krisiak zer aldatu du enpresen filosofian? Niko Errasti: Lehen, bakoitzaren beharretara zuzenduta aritzen ginen lanean. 2008an konturatu ginen gauzak aldatu egin zirela, eta enpresekiko erantzuna ere azkarragoa behar zela. Dudarik gabe, garai berrietara egokitzeko eta krisiari aurre egiteko, garbi ikusten genuen beste era batera jokatu behar genuela. Banaka jokatu beharrean, sarean jokatzeko aukera ikusi genuen. Enpresa txikiei deialdi bat egin genien, elkartu eta nahi zutenekin, lanean hasi ginen. Azken finean lankidetza sarea da, tresna, herraminta. Zeintzuk dira [...]
Goierriko enpresa txikiak eta handiak elkarrekin ari dira lanean, ekonomia krisiaren ondorioz, munduan sortu den egoera berriari aurre egiteko asmoz. Lankidetza, elkarlana aukeratu dute tresnatzat. Lankidetzan ari dira Goierriko enpresa txikiak (Get), Goierriko enpresa handien beharrei erantzuteko trebatzen eta garatzen. Indar metaketa horretatik handiago eta lehiakorrago sentitzen direnez, munduko merkatuetara ere atera nahi dute, Get Goierri Basque Country markaren pean. Goiekiko Niko Errasti, Mikel Mujika eta Borja Urretabizkaia ari dira lankidetzari bidea errazten saiatzen.
2008az geroztik, ekonomia krisia urak astintzen hasi zenetik, Goierriko enpresak elkarlanean ari dira, Goiekik bideratuta. Niko Errasti, Mikel Mujika eta Borja Urretabizkaia, Goiekiko teknikariak dira, sare hori aurrera ateratzeko bidea errazten dabiltzanak. Bost talde edo foro dagoeneko martxan dira, eskualdera zein mundura begira.
Krisialdiek ikasteko balio izaten omen dute. Krisiak zer aldatu du enpresen filosofian?
Niko Errasti: Lehen, bakoitzaren beharretara zuzenduta aritzen ginen lanean. 2008an konturatu ginen gauzak aldatu egin zirela, eta enpresekiko erantzuna ere azkarragoa behar zela. Dudarik gabe, garai berrietara egokitzeko eta krisiari aurre egiteko, garbi ikusten genuen beste era batera jokatu behar genuela. Banaka jokatu beharrean, sarean jokatzeko aukera ikusi genuen.
Enpresa txikiei deialdi bat egin genien, elkartu eta nahi zutenekin, lanean hasi ginen. Azken finean lankidetza sarea da, tresna, herraminta.
Zeintzuk dira tresna horren helburuak?
Errasti: Enpresa txikiak banaka-banaka nahiko zailtasunak dituztenez, batuta indartsuagoak dira eta eurak ere hala sentitzen dira. Helburua litzateke, batetik, enpresa horien gaitasuna areagotzea, bestetik garapena eta lehiakorragoak izatea.
Paraleloki, beraiengandik eskaera batzuk atera zirenez, enpresa traktoreen arteko beste bi foro ere badaude: enpresa traktoreen gerenteena eta giza balliabideena. Datorren urteari begira beste taldetxo bat ere sortu nahi da internazionalizazioaren inguruan.
Zeini deitzen diozue enpresa traktorea?
Borja Urretabizkaia: Enpresa traktore bezala, enpresa handiak eta ertainak sartzen ditugu. Enpresa txikiak trakzionatzen dituzten enpresak, azpikontratazio lanak ematen dituztenak. Askotan, produktu propioak dituztenak, munduan zehar dabiltzanak…
Enpresa txikiekin elkarlanean hasi zinetenean, zein egoerarekin egin zenuten topo? Zein kezka zituzten?
Batetik, enpresa txikiek ikusten zuten, orain arte, erosi egin zietela, eta beraiek fabrikatzeaz eta produkzitzeaz arduratzen zirela. Lana oso ondo egiten dakite enpresek, baina krisia hasi zenetik konturatzen hasi ziren eroste hori ez zela hain erraza, krisia zetorren, lana gutxitzen ari zela… eta orduan beste planteamendu batzuk egin behar zituztela: bat zen, saltzen ikastea, kanpora ateratzen ikastea. Sekula egin gabe zeuden eta komerzializazio planteamendu baten beharra ikusten zuten.
Beste aldetik, enpresa txikiak, beraiek elkartuta, enpresa handiei eskaintzeko izugarrizko potentziala zutela ikusten zuten. Bakoitza bere aldetik, enpresa handientzat ari zen lanean eta askotan konpetentzia ziren. Baina elkartasunaren bidez, potentziala eskaini nahi zien enpresa traktoreei. Zertarako? Balio erantsizko proiektu handiagoak eta interesgarriagoak hartzeko. Azken finean, nahiz eta eguneroko lanean lehiakideak izan, sarearen bitartez enpresa txikiak elkartzen dira, enpresa traktoreek planteatzen dituzten balio erantsizko proiektuei erantzuteko. Eta horretan hasi ginen, enpresa handien eta txikien arteko harremanak sortzen.
Erraza izan al zen hasierako harreman hori?
Niko Errasti: Lan potoloa izan zen. Alde batetik, enpresa txikiek zeuzkaten potentzialitateak, ezagutzak eta jakinduria guztia mahai gainean jartzea, eta beste aldetik, enpresa traktoreek hori dena sinistea, hori dena ikustea eta akordio batzuk lortzea. Akordioak zeintzuk ziren? ‘Irabazi eta irabazi’ esaten dena. Enpresa handiei interesatzen zaie enpresa txikiak lehiakorrak izatea eta enpresa txikiei ere interesatzen zaie enpresa handiak ondo joatea, munduan zehar ibiltzea eta eskari onak ekartzea.
Hamar bat proiektu baditugu elkarlan horretatik sortutakoak. Kanpotik ere etorri zaizkigu. Azken batean, koloraborazio proiektu hau, traktore-azpikontratista artean gauzatzen ari da.
Borja Urretabizkaia: Enpresa handiek planteatzen dizkigute behar batzuk dituztela, eta saiatzen gara enpresa txikien sare horren bitartez, traktoreek duten behar hori asetzen. Duela bi urte eta erdi hasi ginen eta dagoeneko 10 proiektu aurkeztu dizkigute.
Elkarlan horretatik elkar ezagutza handiagoa izango denez, emaitzak aberasgarriagoak al dira?
Urretabizkaia: Alde batetik lortzen dugu handiaren beharra asetzea, baina beste alde batetik, txikiak aurrerapausoak emateko aukera izatea. Ziurrenik bakarka ezingo lukete behar hori asetu baina adibidez, bost enpresen arteko sinergiak aprobetxatuz, bostek duten ezagutza aprobetxatuz, ase daiteke. Zentzu honetan, bientzako da aurrerapausoa.
Errasti: Bere garaian ikusi zen, enpresa txikiak beraien proiektuak garatzeko zailtasunak zeuzkatela. Beharbada, enpresen arteko lankidetza aurrera eramaten bazen ere, garapen teknologikoa behar zuten. Orduan ingenieriak bilatzen hasi ginen eta Lortekekin harremanetan jarri ginen. Beraz, proiektuak behar duen garapen teknologikoa osatuaz erantzuten die enpresa traktoreei.
Adibide bat jartzearren: lehen lehiakideak, Palentziakoa edo Leongoa ziren. Orain, eguneroko lanetatik aparte proiektu hauetan lehiakideak zeintzuk dira? Alemaniarrak, finlandiarrak, norvegiarrak… azken finean, Alemanian eta Finlandian egiten diren produktuetara gerturatu eta hobetzen saiatzen gara. Egia esan, beste estadio eta maila batean ari gara lehiatzen. Horretarako, enpresak elkartu, beraien jakinduria mahai gainean jarri, garapen teknologikoa egin eta produktuak atera behar dira.
Adibidez, CAF enpresarekin ari gara proiektu batzuetan eta CAFi erantzuten diogu. CAF gainera pozik dago. CAFek hornitzaile bakarra Alemanian dauka eta guk egingo diogu produktu bat, berdintsua, baina hobetua eta garapen aurreratuagoarekin. Alde batetik, alemaniarrei egin nahi diegu konpetentzia, eta beste alde batetik, produktuak hobetu nahi ditugu. CAFentzat interesgarria da bi kilometrotan enpresa azpikontratista bat hori garatzen duena edukitzea Alemaniara joan gabe. Beste alde batetik nahi dugu, produktu horrekin mundura ateratzea. Ez da CAFi saltzeko bakarrik. CAFi saltzen diogu baina CAFi saltzetik aparte, beste enpresa asko daude munduan saltzeko aukerarekin eta merkatua zabaltzeko aukerarekin. Horrelako proiektuekin gaude.
Enpresarien artean ba al zegoen elkartasunerako pentsamolderik edo mentalitaterik?
Urretabizkaia: Proiektu guzti hauek alderdi teknikoa daukate baina paraleloki, sentsibilizazio lana ere egin behar da. Beraientzako berria da. Gure helburua da, Goiekin egiten denaz aparte, beraiek gai izatea beraien kabuz egiteko.
Errasti: Azken batean guk nahi duguna da, enpresak gaitzea. Gainera enpresak ez zeuden ohituta kultura honetara. Gu oso kultura lehiakorrean hezi gara. Ondoan zeuden enpresak elkar lehiatzen ari ziren. Gaur egun pixka bat, kultura hori aldatu egin behar da nahiz eta zenbait kasutan konpetentzia izan. Aurrerago joan nahi badugu, beste kultura bat eduki behar dugu: elkartzea, garapen handiagoak egiteko gai izateko eta elkartrukaketa horretatik lehiakortasunaren bidean aurrera pausoak emateko.
Lankidetza kultura ikasi dute eta zenbait enpresa elkartu dira zenbait proiektutarako. Traktoreekin lortu nahi izan dena zer da? Dibertsifikazioa. Produktu propio bat ateratzea eta bide horretan joatea. Hori enpresa txikientzat oso-oso inportantea da.
Kostatzen diren pausoak dira baina niri iruditzen zait jendea ari dela konturatzen, beste biderik ez dagoela.
Hiru urte hauetan enpresen jarreran aldaketarik ikusi al duzue?
Urretabizkaia: nik uste dut enpresa askori begiak ireki dizkiela guzti honek. Ikusten zen zerbait zen, baina beraiek ere begiak ireki dituzte. Gaur egungo egoera gainditzeko beraiek ere zerbait egin behar dute.
Errasti: Zoritxarrez, sortzaileak edo kreatiboak izaten hasten gara beharraren ondorioz. Baina sortzaileak egunero eta bizitza guztian izan beharko genuke. Azken finean da, bizirik egotea eta hori ahaztu egiten zaigu. Eguneroko lanean sartzen gara eta ez gara pentsatzen jartzen. Orain, zeinek jarri digu planteamendu guzti honetan? Beharrak.
Lankidetza sarea, enpresetatik gizartera
Bost taldek edo forok osatzen dute lankidetza sarea: pyme edo enpresa txikien hiru foro (30 enpresa), eta enpresa traktoreen arteko bi foro, bat gerenteena eta bestea giza baliabideetakoa. Goierritik kanpo, munduan ez omen dago Goierrin sortu den enpresa txikien arteko lankidetza sarerik eta harrotasun handiz kontatzen dute Niko Errastik eta Borja Urretabizkaiak. Lortek, zentro teknologikoa, Goierri Lanbide Eskola eta Goierri Fundazioarekin elkarlanean ari dira dagoeneko baina ikuspegi orokorrago batekin aritu nahi dute. “Enpresetatik Goierri osora pasatu nahi dugu lan egiteko modu hau. Goierriko perspektiba hartu, Goierriko garapenean lan egiten dutenak elkartu. Hau dena guk bakarrik egiteak ez du zentzurik. Hau da dena konpartitu egin behar dugu, erakundeekin, mundu politikoarekin. Guk nahi duguna zer da? Gu bide bat egiten ari gara, behetik gora eta gure errealitatea mahai gaineran jartzen dugu eta guk egituratu nahi dugu, beste guztiekin. Hau abiapuntua izan dadila. Ireki, erantsi, moztu, kendu, garatu… hau irekita dago. Inportantea litzateke eskualdeko ikuspegi eta estrategia bat kontsentsuatzea eta bateratua edukitzea. Gure baliabideak ere direnak dira eta horiek ikuskatuta edukitzea, norabidea eta estrategia bateratua edukitzea, indarrak batzea, baliabideak arrazionalizatzea ekarriko luke, eta etekin gehiago ateratzeko aukera edukiko genuke. Irabaziak eskualdearentzat izango lirateke.”, diote Goiekiko teknikariek.
Krisia Goierrin
Krisialdi ekonomiko honetan Goierri irla bat dela esan izan da. Goierrin zein egoeratan daude enpresak?
Errasti: Goierri beste inguru batzuekin konparatzen badugu, Goierri ez dago hain gaizki, baina horrek ez du esan nahi krisirik ez dagoenik eta autokonplazientzia ona denik. Baina zer gertatzen da? Traktore enpresa garrantzitsu asko daudela, munduan zehar dabiltzanak, dibertsifikatuak eta internazionalizatuak. Horrek abantaila handiak sortzen ditu. Zergatik? Europa klasikoa ez da ari tiratzen, funtzionatzen, eskaerarik ez dago Europatik. Hemengo enpresa traktoreak Asian, Hego Amerikan eta abar zabalduta badaude, handik etortzen ari dira Europatik ez datozen eskariak. Horren bitartez ari dira hemengo enpresa handiak bizitzen eta enpresa txikiak, azpikontratazioak lana edukitzen. Enpresa horiek, munduan beste zenbait tokitan inplantatuta daude, plantak jarri dituzte, hemengoak mantentzeko.
Horretaz aparte zer gertatzen ari da? Lana beharbada badago, baina enpresa txikien arazo handienetakoa da momentu honetan, lana egiten ari direla, baina irabazi tarterik gabe. Adibidea oso garbia da: CAFek eskariak hartu ditu baina konpetentzia izugarriarekin. Eta konpetentzia izugarri horien aurka joateko prezioak moldatu eta jaitsi egin behar dira. Eskariak hartu bai baina prezio horretan egin behar dira. Hori da momentu honetan Goierrik daukan erronka. Lehen prezio batean produzitzen zirenak, orain osagai eta abantaila gehiagorekin, prezio merkeagoan egiteko gai izan behar gara. Azken finean, azpikontratistei ere etortzen ari zaie errealitatea. Lehenagoko gauza berdinak edo hobeak merkeago egiteko gaitasuna eduki behar dute.
Beste puntu bat, garrantzitsua, enpresa askok komentatzen digutena: txikiek lana badaukate, irabazi tarte gutxi, fakturatu egiten dute baina askotan arazo finantzieroak dituzte. Eta altxortegiko arazo handiak ere bai. Zenbait kasutan, inbertsioetarako aukerarik ez dago.
Urretabizkaia: Momentuz eusten ari dira, eta uste dut hobetzen hasten garenean, igoera horretan puntan ibiliko garela. Enpresa itxiera gutxi egon da eta langabeziari ere neurri batean eusten ari gara.
Errasti: Hemen, krisia noiz bukatuko den zain dagoenak, niretzat jai dauka. Hainbat jenderekin hitz egin ondoren, inork ez daki krisia noiz amaituko den, ekonomialari onenak ere ez. Baina nik ikusten dudana da, mundua berrantolatzen, berregituratzen ari dela. Guk gerenon errealitatea birplanteatu egin beharko dugu. Geronen bizitza, geronen egiteko era… dena.
“Sektore berrietara salto egitea komeni zaigu”
Beste helburu bat ere badute enpresa txikien foroek: “Zergatik ez guk daukagun jakinduarirekin, ezagutzarekin, daukagun urteetako esperientziarekin baita ere, dakiguna beste sektore batzuengana hurbildu? Sektore emergenteak eta sektore berriak deitzen dioguna”, dio Niko Errastik. Zein sektoretaz ari diren hizketan zehaztu du Borja Urretabizkaiak. “Ez da erraza asmatzen zein izango diren. Baina nazioarteko joerak zer dioten ikusita eta Goierriko errealitatea ikusita, energia ezinbesteko sektore bat da, guretzako lehentasunezkoa dena. Egia da energia oso zabala dela eta energia munduan lan ildo ezberdinak daudela. Ingurugiro sektorea, mugikortasuna… Beste bizpahiru sektoretan ere ari gara lanean, ezezagunagoak direnak, berriagoak direnak, baina guretzat interesgarriak direnak: biozientzia eta zientziaren industria adibidez. Hirugarren adinarekin lotutako beste sektore bat ere badago… Beharrezkoa ikusten dugu gure enpresek sektore berri horietara jotzea. Alde batetik, kanpoko merkatuetan sartzea beharrezkoa da baina sektore berrietan sartzea ere bai. Gaur egun lanean ari garen sektoreak oso sektore helduak dira, eta geroz eta zailagoa da balioerantsi asko edukitzea eta geroz eta zailagoa da konpetentziarengandik desberdintzea. Txina, India eta merkatu horien aurka joatea oso zaila da. Beraz, sektore berrietara salto txiki bat egitea komeni zaigu, hemengo ezagutza aprobetxatuz”.
Ildo horretatik, aztertzen ari dira zein negozio berriren aukera egon daitekeen, bai enpresa berriak sortzeko edo hemengo enpresak bertan sartzeko. “Berritzen ez bada, etorkizunari begira ez badugu amesten, hurrengo asteari begira bakarrik lana egiten badugu, ez goaz inora. Zentzu honetan ez badugu eboluzionatzen eta apustu bat egiten, arazoak edukiko ditugu. Beharrezkoa ikusten dugu sektore berrietara jotzea”, gaineratu dute.
Mundura begira Get Goierri Basque Country izenarekin
Goierriko Enpresa Txikien lankidetza sarearen ondorioa da Get Goierri Basque Country. Nondik nora iritsi zarete Get Goierrira?
Urretabizkaia: Enpresa txikien arteko batura horretatik Goierriko enpresa handiei erantzutea izan da lehenengo helburua. Baina era berean Goierritik kanpoko enpresei erantzuteko aukera ikusi dugu. Get Goierri Basque Country proiektua hortik sortu zen.
Errasti: Eboluzioa izan da: alde batetik gaitzea edo trebatzea, eta bestetik enpresa traktoreen beharrei erantzutea. Behin horra iritsita enpresa txikiek esan zuten: “uste genuen txikiak ginela baina elkartuta, badirudi, potentziala daukagula, eta azken finean gaitasuna daukagu balio erantsiko proiektuetan enpresa traktoreei erantzuteko. Eta enpresa traktoreak non dabiltza? Mundu guztian. Beraiek planteatu zuten, zergatik ez dugu traktoreen eta azpikontratisten arteko planteamendua zabaltzen eta mundura ateratzen? Munduan ere traktore asko daude erantzuteko. Zergatik ez gara joaten Frantziara, Alemaniara, Ingalaterrara edo edozein lekutara?
Zer eskaintza egiten duzue?
Urretabizkaia: Esperientzia berezia da Goierrikoa. Guk bailara saltzen dugu. Historikoki egon den ezagutza eta prozesu baten bitartez, lehiakorrak garen bailara bat. Bailara saltzen dugu, sekula ez dugu enpresataz hitz egiten. Kanpoko enpresetara joaten garenean, harritu egiten ditu horrek. Ohituago daude enpresa eta enpresa arteko harremanekin. Balioerantsi bat ere badugu: guk, 200 enpresa saltzen dizkiegu, batera. Zortea daukate gainera, zentralizatuta baitago hemengo sarearen bitartez. Abantaila handia da hori beraientzat.
Errasti: Forja, fundizioa, ebaketa, galdaragintza mekanizatua, tratamendua eta montajea eskaintzen du Goierrik, eta gainera bezeroaren etxean jartzen ditugu preziorik onenean. Hori dena, 15 kilometro inguruan egin dezakegu, Goierrin. Hori oso erakargarria da. Horregatik enpresa batzuk interesatuta etorri dira, gure eredua ezagutzera.
2011n, bi jardunaldi egin zenituzten nazioarteko hainbat enpresekin.
Errasti: Jardunaldian, suediarrak, frantziarrak, galestarrak eta belgiarrak etorri ziren. Enpresa handiak ziren askotan eta zaila izaten da enpresa bakar bat bisitatzera etortzea. Horregatik, lan planteamendu bateratu honek piztu du beran interesa. 15 kilometroko ingurunean, hori dena eskaintzeko aukera baldin badago, interesatzen zaie Goierriko enpresak ikustea eta baloratzea ea lehiakorrak diren ala ez jakiteko. Eskari batzuk izan ditugu kanpotik. Bat edo beste hartu dugu Suediatik. 15-20 langileko Goierriko enpresa txikiak Suediara zuzen-zuzenean esportatzen aritzea, izugarria da.
Europa aldean dago beraz etorkizuneko merkatua?
Urretabizkaia: Enpresa gehienentzako merkatu erakargarriena Frantzia da nire ustez. Gertutasunagatik eta ondo doan herrialde bat delako. Bertan daukagu eta edozein enpresarekin harremanak mantentzeko gertutasun horrek eragin egiten du. Oso gertuko merkatu bat da eta nik uste dut osagarritasun bat badagoela euren eta gure artean. Alemaniak-eta badituzte beste herrialde batzuk inguruan, Polonia adibidez, eta haiek askoz ere merkeagoak dira eta haiekin konpetentzia egitea zaila da. Frantziarrentzat lana egitea bideragarria da.
Errasti: Internalizazio planteamendu guzti honetan, merkatu berriak irekitze honetan, saiatzen ari gara gauza bat, gaurko egunean, ezinbestekoa dena: marka batekin ari gara kanpora ateratzen. Gure marka, Get Goierri Basque Country da. Hori indartu eta bultzatu egin nahi dugu. Horren barruan daude Goierriko enpresa txiki guztiak.
Urretabizkaia: Gure helburua litzateke, nazioarteko merkatuetan gure marka errekonozitzea. Oso zaila da. Baina lortzen baldin badugu, herrialde edo sektore konkretu batzuetan, zerbait bada.
Errasti: Honek atzetik, birplanteamendu bat ekarriko du: pentsa Get Goierri Basque Country beste dinamika bat, beste indar bat hartzen duela, munduan posizionatuta gaudela. Eskaintzak etorriko lirateke eta hori dena gestionatu egin beharko litzateke. Goiekin daukagun estruktura txikia izango litzateke baina horretarako foro guztien artean zer egin eta nola egin planteatu beharko litzateke.