Lazkao eta Ordizia arteko bidegorriko obrak berriz martxan
Lazkao eta Ordizia lotzen dituen bidegorriko obrak martxan dira berriz ere, hilabete batzutan geldirik egon eta gero. Lur kutsatuak aurkitu zituztelako geratu zituzten lanak. Ingurumen saileko teknikariek lurrak aztertu ondoren, CAF enpresak kutsatut...
Lazkao eta Ordizia lotzen dituen bidegorriko obrak martxan dira berriz ere, hilabete batzutan geldirik egon eta gero. Lur kutsatuak aurkitu zituztelako geratu zituzten lanak.
Ingurumen saileko teknikariek lurrak aztertu ondoren, CAF enpresak kutsatutako lurrak berriz ere lehen zeuden moduan uzteko ardura hartu du. Hori horrela izanda, lanen ardura duen Iturriotz Eraikuntzak enpresak lanekin jarraitzeko baimena jaso dute, eta langileak bidegorria egiten ari dira.
Bidegorria eta errepidea
Lazkao eta Ordizia lotuko dituen bidegorria Senpereko biribilgunean hasten da. Senperetik Lazkaibar aldera, Lazkaoko udalerriari dagokion zatian, bidegorria Agauntza ibaiaren alboan ari dira eraikitzen.
Bidegorriarekin batera Lazkaotik Ordizira doan bidea ere ibaiaren alboan eraikiko dute. Lanak amaitzen dituztenean, Senperetik Lazkaibar auzora bitartean 3,50 metroko zabalera duen espaloia eta 2,50 metroko bidegorria izango dira erabilgarri.
Beasain eta Ordiziako zatiak
Lazkaoko zatia osatutakoan, Lazkao eta Ordizia bidegorriz lotzeko beste bi zati faltako dira. Horietan lehena Beasaingo lurretan dago, eta bigarrena Ordiziakoetan. Ordiziako Udalak bere bidegorri sarea osatzeko bidean, egungo bidegorri sarea CAFeraino luzatzeko asmoa azaldu du dagoeneko. Aurtengo urtean ekingo dio Beasain alderako bidegorriari.