Euskalmeten arabera asteburuan 800 eta 400 metroen artean koka liteke elur-kota
Elurra eta tenperatura baxuak iragarri ditu Euskal Meteorologia Agentziak astebururako. Elurraren presentzia 800 eta 400 metroen arteko elur-kotetan kokatu dute, eta tenperaturen jaitsiera nabarmena izango dela ere iragarri dute.
Euskalmeten arabera, ziur aski, Europatik etorritako fronte hotz batek prezipitazioak eragingo ditu. Aipatutako prezipitazioak elur-moduan emango dira kota baxuetan; 600 metrotan kokatuko dira larunbateko (hilak 28) azken orduetan eta 400-500 metrotan igandean (hilak 29) zehar.
Larunbatean, gainera, zaparrada txiki-ertainak eman daitezke bereziki egunaren bigarren zatian zehar. Igandean, ostera, prezipitazioak ez dira hain garrantzitsuak izango (Gipuzkoan 5 l/m2ko meta daitezke gehienez). Larunbateko bigarren zatian eta igandeko lehen zatian zehar, trumoi-ekaitzak txingorrarekin eman litezke goialdeko aire hotzak eraginda. Laburbilduz, prezipitazioak izango dira nagusi asteburuan, batez ere larunbateko arratsalde eta gauean, eta elur-kotak 800 metrotatik 400-500 metrotara behera jaitsi liteke igandean zehar.
Euskalmeten iritziz, 1.000 metroko altueratik gora egoera aldatu egingo da, zonalde batzuetan 15-20 zentimetro elur pilatuko dela aurreikusi baitute.
Informazio-atal berria berria
Bestalde, gaurtik aurrera, Euskalmeteko webguneko erabiltzaileek Elurretarako iragarpena izeneko atal berezia izango dute eskura, www.euskalmet.euskadi.net helbidean. Bertan, txosten bat argitaratuko dute elur-kota 1.000 metrotik jaisten den bakoitzean. Kasu horietan webgunea 12 orduro eguneratuko dute.