Enrike Enparantza: «Orain arte probatu ez ditugun sistemak aztertzen ari gara, tartean atez atekoa»
Aldaketa garaia bizi dute Sasieta Mankomunitatean. Hilabete gutxian, eraikin berria estreinatu eta administrazio kontseilua aldatu dute; eta orain, etorkizunean zein bilketa sistema erabili aztertzen ari dira. Emaitzak uda aurretik izatea espero du Enrike Enparantza teknikariak. Sasieta zabortegia 2013an itxi egin beharko dela aipatu da. Zein da benetako egoera? Oraingo erritmoan jarraituz gero, zabortegiari gehienez ere hiru bat urte geldituko zaizkio. Garbi ikusten dena da ezin dela orain arte bezala jarraitu. Era batera edo bestera, baina aurrerapauso bat eman behar da, eta birziklatze maila igo. Behin epe hori iristen denean, zein izango da hurrengo pausoa? Alternatiba bilatzea ez dagokio Sasietari, Gipuzkoako Foru Aldundiari baizik. Aurreko legegintzaldian irtenbide baten alde egin zen, eta orain, hori berraztertzen ari dira; pentsatzen dut uda aurretik jakingo dugula nondik joko duten, eta horren arabera jokatu beharko dugu. Goierrin beste zabortegiren bat egitea planteatu al duzue? Hemen behintzat ez dago ezertarako tokirik, eta zabaltzeko aukerarik ere ez dago. Izatekotan, zerbait berria egin beharko litzateke. Baina hori ez dago gure esku. Goierrin bertan sistema ezberdinak probatu izan dira. Ze emaitza izan ditu bakoitzak? Duela gutxira arte lau edukiontzi zeuden, beira, papera, ontziak eta gainontzeko zaborra biltzeko. Gero, bazeuden beste edukiontzi berezi batzuk, arropak, pilak eta olioa jasotzeko. Hurrengo pausoa, zabor organikoa [...]
Aldaketa garaia bizi dute Sasieta Mankomunitatean. Hilabete gutxian, eraikin berria estreinatu eta administrazio kontseilua aldatu dute; eta orain, etorkizunean zein bilketa sistema erabili aztertzen ari dira. Emaitzak uda aurretik izatea espero du Enrike Enparantza teknikariak.
Sasieta zabortegia 2013an itxi egin beharko dela aipatu da. Zein da benetako egoera?
Oraingo erritmoan jarraituz gero, zabortegiari gehienez ere hiru bat urte geldituko zaizkio. Garbi ikusten dena da ezin dela orain arte bezala jarraitu. Era batera edo bestera, baina aurrerapauso bat eman behar da, eta birziklatze maila igo.
Behin epe hori iristen denean, zein izango da hurrengo pausoa?
Alternatiba bilatzea ez dagokio Sasietari, Gipuzkoako Foru Aldundiari baizik. Aurreko legegintzaldian irtenbide baten alde egin zen, eta orain, hori berraztertzen ari dira; pentsatzen dut uda aurretik jakingo dugula nondik joko duten, eta horren arabera jokatu beharko dugu.
Goierrin beste zabortegiren bat egitea planteatu al duzue?
Hemen behintzat ez dago ezertarako tokirik, eta zabaltzeko aukerarik ere ez dago. Izatekotan, zerbait berria egin beharko litzateke. Baina hori ez dago gure esku.
Goierrin bertan sistema ezberdinak probatu izan dira. Ze emaitza izan ditu bakoitzak?
Duela gutxira arte lau edukiontzi zeuden, beira, papera, ontziak eta gainontzeko zaborra biltzeko. Gero, bazeuden beste edukiontzi berezi batzuk, arropak, pilak eta olioa jasotzeko. Hurrengo pausoa, zabor organikoa bereizteko edukiontzi marroia jartzea izan zen. Sortzen dugun zaborraren zatirik handiena organikoa da, %40 inguru. Momentu honetan, zabor organikoa sailkatzen duen familia batek, %90 inguru birziklatzen du. Itsasondoko datua adibidez, hori da. Itsasondon derrigorrezkoa da, eta datua %92 ingurukoa da.
Edukiontzi marroiaren eta Itsasondoko ereduaren arteko aldea, beraz, borondatezkoa edo derrigorrezkoa izatean datza.
Hori da. Eta badaude beste herri batzuk oraindik edukiontzi marroia ere ez dutenak. Sasieta Mankomunitatean, birziklatzen den zabor kopurua, batez beste, %36koa da. Edukiontzi marroia duten herrietan %45era iristen da, eta Itsasondon datua %92koa da.
Beraz, jendearen borondatearen baitan utzita, herritarren zati handi batek ez du birziklatzen. Zer egin daiteke jende hori motibatzeko?
Gizartean hiru talde daude. Batetik, kontzientziatutako jendea dago; horiek sistema batekin edo bestearekin erantzungo dute. Beste heren batek, kontzientzia badu, eta pixka bat bultzatuz gero, parte hartuko du. Eta badago beste zati bat, heren bat edo, benetan zaila dena. Borondatezko sistemarekin portzentajea igotzeko zer egin daitekeen? Orain arte ordaintzen dugun tasa, denontzat bera da, birziklatu edo ez. Tasa horiek aldatuz gero, eta birziklatzen ez dutenei zigor bat jarriko bagenie, erdibidean dagoen jende hori dena birziklatzera igaroko litzateke.
Baina jendearen aldetik gero eta kontzientzia handiagoa dago, ezta?
Bai. Urtez urte birziklatze maila gora doa, baina nahiko igoera motela da. Borondatezko sistema horrekin, tope batera iristen gara. Iritsi gaitezke %50era, edo gehienez ere %55era, tasena aldatuz gero. Baina hortik gora ez da asko igoko.
Sasieta Mankomunitatearen administrazio kontseilua duela gutxi berritu da. Bilduko ordezkariek adibidez, beste eredu baten alde egiten dute.
Aurreko legealdian onartu zen sistema ezberdinak aztertzeko ikerketa bat egitea, eta hori martxan dago. Nik uste uda aurretik izango ditugula azterketa horren emaitzak. Horrekin gero, herri bakoitzak erabakiko du zein sistema jarri nahi duen.
Azterketa horretan, ze beste sistema aztertu dituzue?
Azterketa horretan, orain arte hemen ezarri ez diren sistemak aztertzen ari gara; batez ere, atez ateko bilketa. Baina izen horren barruan modalitate ezberdinak daude. Izan daiteke erabat purua, edukiontzirik gabe; baina izan daiteke Usurbilen bezala, edukiontzi bat mantenduta, edo bizpahiru mantenduta. Guk uste dugu, atez atekoa jartzekotan, gutxienez organikoa eta errefusa kuboen bidez bildu beharko liratekeela. Gero, hortik aurrera, nahi duzuna. Horrekin batera, hondakinen gutxitze plan bat ere planteatzen ari gara.