Zaborra gainezka
Sasieta zabortegia aurki beteko da, eta hori gertatzen denerako, aukerak aztertzen ari dira Goierriko udaletan. Batzuk errauste plantaren aldekoak dira eta beste batzuk, berriz, atez atekoaren aldekoak. Aurrenekoek birziklatzea borondatezkoa izan behar dela diote eta bigarrenek, berriz, derrigorrezkoa. Goierrin Sasieta Mankomunitatea arduratzen da zaborraren kudeaketaz, eta aurreko legealdian, herri gehienetako udalek, bosgarren edukiontzia jartzea erabaki zuten. Dena birziklatzeko aukera dago, baina borondatezkoa da. Horregatik, zenbaitzuek pauso bat gehiago eman behar dela uste dute: birziklatzea betebeharra izan behar dela. Jendea kontzientziatzeko eta birziklapena bultzatzeko Zero Zabor taldeak sortu dira Gipuzkoan. Goierrin, oraingoz, bakarra dago: Urretxu-Zumarragakoa. Urtarrilean hitzaldi bat egin zuten, eta Jon Estonba, Pablo Irizar eta Ander Kerejeta taldeko kideak oso gustura ageri dira izandako harrerarekin. 35 lagun azaldu ziren, eta taldea sendotzeko balio izan diete. Dagoeneko zortzi lagunek osatzen dute Zero Zabor taldea. «Orain, bosgarren edukiontzia jarri dute Zumarragan, eta ea guztion artean zaborra murriztea lortzen dugun», dio Estonbak. Dena den, bosgarren edukiontzia «partxe hutsa» dela uste dute. «Birziklatze tasa oso gutxi igotzen du. Gipuzkoa norabide bat hartzen ari da eta batzuk horri aurre egin nahi diete edukiontzi marroiarekin». Jendea edukiontzi marroia erabiltzera animatu nahi dute, baina erakundeei argi utzi nahi diete, bide hori bukatu dela, edukiontzi bidezko bilketak goia [...]
Sasieta zabortegia aurki beteko da, eta hori gertatzen denerako, aukerak aztertzen ari dira Goierriko udaletan.
Batzuk errauste plantaren aldekoak dira eta beste batzuk, berriz, atez atekoaren aldekoak. Aurrenekoek birziklatzea borondatezkoa izan behar dela diote eta bigarrenek, berriz, derrigorrezkoa.
Goierrin Sasieta Mankomunitatea arduratzen da zaborraren kudeaketaz, eta aurreko legealdian, herri gehienetako udalek, bosgarren edukiontzia jartzea erabaki zuten. Dena birziklatzeko aukera dago, baina borondatezkoa da. Horregatik, zenbaitzuek pauso bat gehiago eman behar dela uste dute: birziklatzea betebeharra izan behar dela. Jendea kontzientziatzeko eta birziklapena bultzatzeko Zero Zabor taldeak sortu dira Gipuzkoan. Goierrin, oraingoz, bakarra dago: Urretxu-Zumarragakoa.
Urtarrilean hitzaldi bat egin zuten, eta Jon Estonba, Pablo Irizar eta Ander Kerejeta taldeko kideak oso gustura ageri dira izandako harrerarekin. 35 lagun azaldu ziren, eta taldea sendotzeko balio izan diete. Dagoeneko zortzi lagunek osatzen dute Zero Zabor taldea. «Orain, bosgarren edukiontzia jarri dute Zumarragan, eta ea guztion artean zaborra murriztea lortzen dugun», dio Estonbak.
Dena den, bosgarren edukiontzia «partxe hutsa» dela uste dute. «Birziklatze tasa oso gutxi igotzen du. Gipuzkoa norabide bat hartzen ari da eta batzuk horri aurre egin nahi diete edukiontzi marroiarekin». Jendea edukiontzi marroia erabiltzera animatu nahi dute, baina erakundeei argi utzi nahi diete, bide hori bukatu dela, edukiontzi bidezko bilketak goia jo duelako. Era berean, bilketa mota horrekin zabortegiak eta errauste plantak beharrezkoak direla diote. «Baina Gipuzkoa txikia da eta inork ez du nahi zabortegirik edo errauste plantarik bere etxe ondoan», gaineratu du Kerejetak. Errauste plantak, airea kutsatzeaz gain, hauts toxikoentzat zabortegiak behar dituela gogorarazi dute.
Zero Zaborrekoak ez daude edukiontzien aurka, birziklatzea borondatezkoa izatearen aurka baizik. Atez atekoan birziklatzea derrigorrezkoa da eta, Zero Zaborrekoen datuen arabera, urtean 80 kilo materia organiko birziklatzen da biztanleko. Bosgarren edukiontziarekin, berriz, hamar kilo. Birzikatze datuak hobeak izateaz gain, atez ateko sistema merkeagoa dela diote. «Askoz gehiago birziklatzen denez, dirua ez da zabortegira bideratzen. Ongarria lortzen da, plastikoaren truke udalek dirua jasotzen dute…».
Kerejetak argi du zein izan behar den eztabaidaren muina. «%80 bereizi nahi al dugu? Orain arte gauzak oso gaizki egin dira: zaborra lur azpian sartu da edo su eman zaio. Helburua zaborrik ez sortzea izan beharko litzateke, baina eztabaida Euskal Herriko ohiko alderdikeriarekin nahastu, eta usteldu egin da».
Arazo larria da zaborrarena, zabortegiak gainezka baitaude, eta horregatik sortu dira orain Zero Zabor taldeak. Eztabaida kalera eraman nahi dute. «Orain arte egin diren kanpainekin ezinezkoa da jendeak bost edukiontziak erabiltzea».
Ez dute uste atez ateko sistemak herritarrei buruhauste handirik sortuko dienik, bizitzako gainontzeko esparruetan bezala, ohitura hartzea omen da kontua. «Ez dago urrutira joan beharrik: jendea joan dadila Antzuolara (Gipuzkoa) eta epaitu dezala. San Frantziskon, Bruselan, Italian… antzeko sistemak erabiltzen dituzte». Hori bai, zaborraren kontuan denen inplikazioa behar dela uste dute. «Behartu hitza itsusia da, baina nola lortu da autoan polikiago joatea edo autoa hartu aurretik ez edatea? Isunen bidez. Greenpeace, adibidez, horren alde dago».
Dena den, berrerabilpena bultzatzeaz gain, gutxiago kontsumitzearen aldeko apustua egiten du Zero Zabor taldeak. Supermerkatu handien kasuan adibidez, ahalik eta ontzi eta plastiko gutxien erabiltzera edo sortzera behartu behar liratekeela uste dute, « baina guk ere asko egin dezakegu. Gure kontsumo ohiturak aldatu behar ditugu. Hitzetatik ekintzetara pasatzea lortu nahi dugu».
Horretaz guztiaz gain, gutxi kontsumitu eta asko birziklatzea saritu behar da haien ustez, eta honekin guztiarekin ados daudenak eurekin lan egitera animatu nahi dituzte. Baikorrak dira Zero Zabor taldekoak. «Denborak, bereiztea dela bidea erakutsiko du. Ez dugu ezer asmatu. Beste toki askotan aspaldi hasi ziren honetan, eta atzerapenarekin gabiltza”.
Mikel Serrano bosgarren edukiontziaren alde
Goierriko herri askotan bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin zuten aurreko legealdian. Zumarragara orain heldu da, eta Mikel Serrano alkatea gustura ageri da. Argi utzi nahi du afera ez dela atez atekoaren eta errauste plantaren artekoa, bilketa sistemen artekoa baizik. «Atez atekoarekin ere errefusa sortzen da. Beharbada bost edukiontzien sistemarekin sortzen dena baino gutxiago, baina sortzen da». Serranoren ustez, jendea birziklapenaren garrantziaz kontzientziatzea da egin beharreko apustua. Kontzientziatze lan horretan pausoz pauso joatearen aldekoa da,inposiziorik gabe, jendearen parte hartzea bultzatuz. «Helburuak lortzen ez direla ikusten badugu, beharbada beste pauso bat eman beharko da. Baina pertsonek zer edo zer egitea lortzeko modu bakarra dago: nahi izatea». Zigorrak ez lukeela balioko uste du Zumarragako alkateak: «Egin nahi ez badu, ez du egingo. Denok dakigu, adibidez, taberna batzuetan ordu batzuetatik aurrera erre egiten dela».
Atez atekoaren aldekoek, sortzen den errefusarekin zer egin nahi duten ez dutela azaldu dio zumarragarrak. «Antzuolan %90 birziklatzen dutela aipatzen dutenean, ez dute kontuan hartzen zaborrak beste herri batzuetara eramaten dituztela». Atez atekoarekin beste zalantza bat ere badu Serranok: Busca Sagastizabal auzoko 50 etxebizitzako atarietan edo Urretxuko etxe orratzean nola egingo litzatekeen atez ateko bilketa, «eta hori, zaborra etxe barruan zenbat egunetan eduki behar den ahaztu gabe».
Aurreko legealdian, Sasieta Mankomunitateak, zabor bilketa sistema ezberdinei buruzko ikerketa egitea adostu zuela gogoratu du, «baina maiatzeko hauteskundeetan aldaketa eman zen eta orain dena goitik behera aldatu nahi da».
Zumarragako alkateak birziklapenaren alde dagoela argi utzi nahidu, nahiz eta Zero Zaborrekoek, haien kanpainak behar bezain indartsuak ez direla aipatu. «Hori ez da hala. Zenbait gauzatan Sasietan aitzindariak izan gara, eta egun birziklatu nahi duenak zortzi edukiontzi ditu aukeran: bost nagusiak eta pilena, arroparena eta olioarena. Baina, errefusa beti egongo da eta errauste planta beharrezkoa da». Errauste plantaren tamaina da aztertu beharrekoa Serranoren ustez. Gainera, errauste plantak onurak ere badituela dio: energia sortzen du eta doaneko argindarra ere bai.
Bost edukiontzien eta atez atekoaren erdibideko sistema dute Itsasondon
Zaborra jasotzeko betiko edukiontziak kendu, eta errefusa biltzeko ontziak erabiltzen dituzte iazko ekainetik
Goierrira oraindik ez da atez atekoa heldu, baina Itsasondon bost edukiontzien eta atez atekoaren erdibideko sistema dute ezarrita iazko ekainetik. Zaborra biltzeko betiko edukiontzia kendu egin zuten, eta haren ordez, errefusa biltzeko ontziak erabiltzen dituzte. Ontziak, edukiontzien ondoan jarritako zutabeetan utzi behar dituzte itsasondoarrek, astean behin. Proiektuan parte hartzea borondatezkoa da baina, dagoeneko, herritarren %70ak bat egin dute sistemarekin, eta atxikitzea, poliki-poliki, gora doa.
Danel Etxeberria herritarrak urte asko daramatza organikoari irtenbide hobe bat ematearen alde borrokan. «Itsasondoko Udalaren ordezkaria izan naiz azken hamabi urteetan, eta pauso bat eman beharra defendatu dut. Baina hamar urteren ondoren, ditxosozko edukiontzi marroia azaldu da». 2009an azterketa bat egin zuten eta, 2013ra arte, zaborra biltzeko sisteman ordura arte bezala jarraitzea erabaki zuten. Itsasondon, tarte horretan, zer edo zer egin behar zela erabaki zuten: «Ez genuen dena hankaz gora jarri nahi, gauzak komunean eginez dena errazagoa baita. Hori dela eta, jendearen kontzientzia lantzeko balio duen eta, oztopoak jarriz, borondatezkoa den sistema ezarri dugu: edukiontzi arruntaren ordez, zintzilikarioak jarri ditugu».
Aurretik, hamaika bilera egin zituzten herritarrekin. Itsasondon 675 biztanle daude eta bileretara 100 bat lagun joan ziren. Edukiontzi berdeari sarraila jartzea edo zintzilikarioak jartzea proposatu zuten udal ordezkariek, eta zutabeen aldeko apustua egin zuten. Etxeberriaren ustez, pauso bat eman dute Itsaasondon, eta emaitzak hobetzea lortu dute. Hala ere, sistemak akatsak dituela esan du: «Hasieran fardelak ere jasotzen ziren, baina Itsasondo oso txikia da, eta kamioi bat 20 fardel bakarrik jasotzeko etortzea astakeria zen. Hori dela eta, beste edukiontzi bat jarri dugu fardelentzat. Horrek ere txartelarekin funtzionatzen du».
Itsasondoren kasuan, bigarren arazoa sistema boluntarioa izatea da. Izan ere, batzuetan, organikoaren edukiontzian organikoa ez den zer edo zer azaltzen da, eta ez dago jakiterik nor izan den.
Horregatik, eta horri aurre egiteko, zer egin aztertzen ari dira. «Gure sistema boluntarioa da, baina jendeari nahi duena egiten utzi behar zaio, ala derrigortu? Guk jendeari askatasuna eman diogu, baina dagoeneko gauzak gaizki egiten dituzten batzuk identifikatu ditugu, eta horiei zigorren bat ezarri beharko zaie, batzuek besteen lana zapuztea eta gainera tasa berbera ordaintzea onartezina baita», zehaztu du.
Itsasondoko sistema kontzientziatzeko eta jendeak gauzak hobeto egiteko ona dela azpimarratu du Etxeberriak, «baina %30ak ez du parte hartzen, gako batzuetan ez delako errefusik uzten». Zaborrak beste nonbaitera eramaten dituztela edo plastikoaren ontzira botatzen dituztela uste dute, eta herritari horiei zigorra jartzeko araudia ari dira prestatzen Sasietako teknikariekin batera.
Hori dena kontuan hartuta, Etxeberriarentzat atez atekoa da sistemarik onena: «Erabateko kontrola ahalbidetzen du, zabor guztia zutabeetan uzten baita: familia bakoitzak dagokion gakoan». Etorkizunera begira, ordea, baikor ageri da Etxeberria, «zaborrarekin ezin delako bakoitzak nahi duena egin, eta erakundeak horretaz jabetzen ari direlako». Birziklatzea posible bada, birziklatu egin behar dela defendatzen du itsasondoarrak, «derrigor». Itsasondon, bosgarren edukiontziaren eta atez atekoaren erdibideko sistemarekin, zaborren %92 birziklatzea lortu dute azken hilabeteetan.