Bi kilo inguru angula handi askatu dituzte Agauntza ibaian, Ataunen
Gaur goizean bi bat kilo angula handiri jaregin diete Agauntza ibaian, Ataunen. Adituek jakitera eman dutenez 4.000 eta 5.000 ale artean askatu dituzte. Bi hilabetez Mutrikuko Akuikultura Eskolan eduki dituzte gizentzen, eta handik eraman dituzte Ataunera. Guztiek ez dute berdin neurtzen baina 15bat zentimetro dituzte, batez beste. Adituen nahia ahalik eta kopururik handiena aurrera ateratzea da. Goizeko hamarretan Ataungo San Martin plazan elkartu dira ekimenaren antolatzaileak, angulen arrantzaleak eta komunikabideak. Handik autoetan sartu eta San Gregorio aldera jo dute. Auzora iritsi aurretik gelditu dira guztiak, Agauntza ibaia igarotzen den leku batean. Han Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Ura ur agentziako eta Azti fundazioko ordezkariek adierazpenak egin dituzte. Goizeko hamaikak aldera, aurreikusitakoa baino apur bat beranduago iritsi dira angula handiak. Ibilgailu bati erantsitako atoian heldu dira, edukiontzi batean. Adituek esan dutenez “poliki ekarri dituzte, bidean ez hiltzeko”. 11:10ak aldera hasi dira Agauntza ibaian askatzen, eta 11:45ak inguruan bukatu dute lana teknikariek. Proiektu instituzional baten parte Ekimen hori proiektu instituzional baten parte da. Europan aingiren populazioak beherakada nabarmena izan du azken 25 urte hauetan. Horregatik, Europako Ministroen Kontseiluak arautegi bat publikatu zuen, estatuak beraien kudeaketa planak egitera behartuz. Euskal Autonomia Erkidegoan egin zuten kudeaketa plana, eta ondorioztatu zuten une hartan ez zutela [...]
Gaur goizean bi bat kilo angula handiri jaregin diete Agauntza ibaian, Ataunen. Adituek jakitera eman dutenez 4.000 eta 5.000 ale artean askatu dituzte. Bi hilabetez Mutrikuko Akuikultura Eskolan eduki dituzte gizentzen, eta handik eraman dituzte Ataunera. Guztiek ez dute berdin neurtzen baina 15bat zentimetro dituzte, batez beste. Adituen nahia ahalik eta kopururik handiena aurrera ateratzea da.
Goizeko hamarretan Ataungo San Martin plazan elkartu dira ekimenaren antolatzaileak, angulen arrantzaleak eta komunikabideak. Handik autoetan sartu eta San Gregorio aldera jo dute. Auzora iritsi aurretik gelditu dira guztiak, Agauntza ibaia igarotzen den leku batean. Han Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Ura ur agentziako eta Azti fundazioko ordezkariek adierazpenak egin dituzte. Goizeko hamaikak aldera, aurreikusitakoa baino apur bat beranduago iritsi dira angula handiak. Ibilgailu bati erantsitako atoian heldu dira, edukiontzi batean. Adituek esan dutenez “poliki ekarri dituzte, bidean ez hiltzeko”. 11:10ak aldera hasi dira Agauntza ibaian askatzen, eta 11:45ak inguruan bukatu dute lana teknikariek.
Proiektu instituzional baten parte
Ekimen hori proiektu instituzional baten parte da. Europan aingiren populazioak beherakada nabarmena izan du azken 25 urte hauetan. Horregatik, Europako Ministroen Kontseiluak arautegi bat publikatu zuen, estatuak beraien kudeaketa planak egitera behartuz. Euskal Autonomia Erkidegoan egin zuten kudeaketa plana, eta ondorioztatu zuten une hartan ez zutela nahikoa informazio arautegi komunitarioaren arabera espezien kontserbazioan eragiteko. Hala, aingirari buruzko ikerketa jarri zuten abian. Gipuzkoako Foru Aldundia, Azti fundazioa eta Uraren Euskal Agentzia ari dira besteak beste, lan horretan. Guztira hamar bat urte daramatzate zeregin horretan. Plan horren helburua Oria ibaiaren arroan birpopulaketa formula desberdinak ikertzea da, epe luzerako birsartze programa egokiena diseinatu ahal izateko. Guztira hiru formula jarri dituzte abian, eta hiru leku desberdinetan: Idiazabalgo Urtsuaran ibaian, Zegamako Oria ibaian eta Ataungo Agauntza ibaian.
2011ko ekainean hiru birpopulatze saioetako bat jarri zuten abian: Orbeldiko tranpan (Usurbilen) atzemandako angula handi basatiak Idiazabalgo Urtsuaran errekan askatu zituzten. Urtarrilaren 24an bigarren birpopulatze esperimentalari ekin zioten: bezperan Oria ibaian harrapatutako angulak berriz ere Oria ibaian askatu zituzten, baina 50 kilometro gorago, hau da, Zegaman. Guztira 3,2 kilo angula bota zituzten uretara. Beste 3,2 angula Mutrikura eraman zituzten gizentzera. Esti Diaz Aztiko ikerlariak jakitera eman duenez, horietatik batzuk hil egin ziren, eta beraz Ataungo Agauntza ibaian bi kilo inguru askatu dituzte.
Hiru ibaietan lortutako datuak konparatu egingo dituzte eta emaitzen arabera, hainbat pauta proposatuko dituzte birpopulatze orokorrago bati ekiteko. Sargazos Itsasotik historikoki Euskal Autonomia Erkidegoan zeuden aingiren %40a iristea da helburua, baina Diazen hitzetan “oraindik oso urruti gaude kopuru horietatik”.