Sarriegi eta Apalategi omendu dituzte Goierriko bertsolariek
Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategi bertsolari beasaindarrek omenaldia jaso zuten atzo, iaz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldun eta laugarren izan zirela eta Goierriko Bertso Eskolaren “uzta” direla ospatzeko. Bertso eskolaren urtek...
Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategi bertsolari beasaindarrek omenaldia jaso zuten atzo, iaz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldun eta laugarren izan zirela eta Goierriko Bertso Eskolaren “uzta” direla ospatzeko. Bertso eskolaren urteko festak eta Lazkaon egin den ‘Lazkao Txiki gogoan’ ekitaldiak bat egin dute, eta festa-egun boborila suertatu da eskualdeko bertsolaritzarentzat.
Lehenbizi, Lazkaon, aipamena egin zieten bi omenduei. Hango beste izarrak Joxe Migel Iztueta ‘Lazkao Txiki’ eta Andres Barandiaran izan ziren, lehena orain 19 urte hila, bigarrena hilabete eskas. Bertso eskolan dabiltzan ikasleek une oro lotu zituzten lehenagoko bertsolariak eta Gipuzkoako finalistak, bertso musikatuak, kantuak eta antzerkiak eskainita. Lazkaotxiki musika eskolako haurrek jarri zuten musika.
Festak Ataunen jarraitu zuen, sagardotegian bazkaria egin eta ondoren beste bertso sorta mardul bat entzuteko aukera izan baitzen. Sarriegiren eta Apalategiren garaiko kideak hasi ziren kantuan —Aiestaran, Eguren, Aranburu eta Elortza—, haien irakasle eta erakusle izandakoek segi zuten —Murua, Mendizabal, Euxebio Igartzabal eta Altzo Txiki—, eta ikasleek borobildu zuten saioa —Endika Igartzabal, Lopez eta Maiz—. Azkenik, gaur egun bertso eskolan dabiltzan beste zortzi neska-mutikok ere parte hartu zuten.
Goierriko Bertso Eskolaren izenean zurezko koadro bana eman zieten bi omenduei; Mikel Mendizabalek Sarriegiri, eta Joxe Mari Barandiaranek Apalategiri.
Argazkiak: Andoni Sarriegi, Aimar Maiz.

























