
Goierriko enpresatan grebara begira orain arte egin diren asanbladetan, langileen %91,35ak grebaren alde bozkatu du. Hala eman dute jakitera LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek.
Goierriko hainbat enpresatako bozketen emaitzak ere eman dituzte, grebak babes «zabala» izango duela erakusteko: CAFen langileen %96,86ak egin du grebaren alde, Indar-en %94ak, Jaso-Itsasondon %100ak, CIE-Legazpin %96,24ak, Bellotan %95,2ak, Carrefour-en %91,84ak, Orbegozon %96ak eta Irizar-en %86,9ak. Beste hainbat lekutan ere grebarekin bat egin dute, hala nola, Riza, Azkar, GKN, TTT Ejes, Aceralia edota UZ enpresetan.
Mikel Zabaleta ELA sindikatuko kideak datuak «historikotzat» definitu ditu, eta grebak jarraipen «arrakastatsua» izango duela aurreikusi du. «Jendea grebarekiko oso jarrera positiboa agertzen ari da. Eskualde honetako enpresen emaitzak ikaragarriak izaten ari dira», esan du. Urte askotan zehar grebak egin direnean «jarduna gelditu ez duten» hainbat enpresak ere martxoaren 29an ateak itxi egingo dituztela eman dute jakitera.
Zabaldu dituzten emaitzak ez dira enpresa jardunera mugatu: «Goierriko udaletxe eta eskola guztietan langileak greba orokorraren alde atera dira» esan dute. Leku horietako asanbladetan grebaren aldeko jarrera «gehiengo osoz» agertzen ari dela gehitu dute ELAko eta LABeko kideek.
Sindikatuetako datuen arabera, Goierrin, orain arte egindako asanbladetan 5.134 langilek hartu dute parte. 4.690 grebaren alde agertu dira; 331 aurka; eta txurian 113k bozkatu dute. Asanbladetan parte hartu duten langileen %91,35ak grebaren alde egin du.
Haizea Mendia LAB sindikatuko ordezkariak greba egunean egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Goizean Gipuzkoa mailako manifestazioa Donostian egingo dute. Goierritarrek 11:30ean Anoeta futbol zelai ondotik abiatuko den zutabean dute hitzordua. Hiru zutabe izango dira orotara, bidearen amaieran elkartuko direnak. Arratsaldean, berriz, Urretxun eta Zumarragan eta Beasainen manifestazioak egingo dituzte, 18:30ean. Areizaga-Kalebarren eta Zubimuzu plazetatik abiatuko dira mobilizazioak.
Zumarragako eta Urretxuko Bildu eta Aralar alderdiek, bestetik, «justizia sozialean oinarritutako bestelako eredu bat» aldarrikatu dute, grebarekin bat eginez. Salatu dutenez, «lan harremanen esparrua erabat liberalizatu dute eskubide sozialei eta laboralei eraso zuzena eginez eta negoziazio sindikala ezerezean utziz. Honek langileen lan baldintzetan ondorio latzak eta tamalgarriak izango ditu».