Administrazioei «herritarren ongizatearen defentsan ausart izateko» eskatu diete Gipuzkoako Zero Zabor taldeetako kideek
Gipuzkoako Zero Zabor taldeek agerraldia egin dute Donostiako Hondarreta hondartzan. Gure eskualdean Urretxun eta Zumarragan, Legazpin, Seguran, Ormaiztegin, Legorretan, Ordizian eta Zaldibian sortu dira zero zabor filosofia sustatzen duten taldeak, eta hauek ere Donostiako hondartzan osatu zuten mosaikoan ikus daitezke.
Donostiako agerraldian, Gipuzkoa «bidegurutze batean» dagoela esan zuten: erabiltzen ditugun produktuen hondarrek arazo izaten segi behar duten ala aukera batean bihurtzen ditugun dago jokoan». Erraustegia ere hizpide izan zuten: «Errauste planta eraikiz gero, hamarkadak beharko dira inbertitutako ehunka milioi euroak ordaintzeko. Horrek errauste plantarentzat zaborra sortzera behartuko gintuzke epe horretan».
Hondakinak «zabor toxiko» bihurtzeak arazoa ez duela konpontzen azpimarratu zuten «gainera, errausketak ez du zaborra desagerrarazten. Erraustegitik urtero aterako liratekeen 100.000 tona zabor toxikoentzat zabortegiak beharko genituzke» borobildu zuten. Euren alternatiba «Europatik datorrena» dela esan zuten, «Arrazionalitatea eta konponbidea» aipatuz. Berrerabilpenaren eta birziklapenaren inguruan sektore ekonomiko oso bat eraiki daitekeela ere esan zuten. Azkenik, administrazioei «herritarren ongizatearen defentsan ausart izateko» eskatu diete Gipuzkoako Zero Zabor taldeetako kideek.
Azkenik, maiatzaren 11tik 13ra Donostian Europa mailako Zero Zabor mugimenduaren jardunaldiak egingo direla ezagutarazi zuten.