
Joseba Garmendia (Urretxu, 1968) Ekonomian eta Antropologian lizentziatua da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ekonomia irakaslea. Tarteka, hitzaldiak ere ematen ditu, batez ere krisia hasi zenean, egungo egoera hobeto ezagutzera emateko helburuarekin.
Zein dira gaur egungo krisiaren ezaugarriak?
Krisi honen ezaugarri garrantzitsuena, azken 70 urteetako larriena dela da. Sakonena eta luzeena da.
Non kokatzen da krisiaren hasiera?
Krisiaren hasiera Amerikar Estatu Batuetako bankuen subprime edo kalitate gutxiko hipotekei lotutako fenomenoan kokatzen da. AEBetako higiezinen burbuilak eztanda egin zuenean, mundu guztiko bankuetan eragin zuen. Nazioarteko Moneta Funtsaren arabera, lau bilioi dolarreko zuloa suposatu zuen munduko bankuen sarean.
Zer eragin izan zuen horrek gizartean?
Bankuek maileguen iturria itxi zuten, eta horrek, familietan eta enpresen errentagarritasunean eragin zuen batez ere. Neurri horrek, ekoizpena murriztea ekarri zuen, atzeraldi ekonomikoa, eta baita langabezia tasa handiak ere. Gainera, ondorio sozial oso kezkagarriak ere utzi ditu.
Zergatik da garrantzitsua krisiaren zergatia ezagutzea?
Nik emandakoa azalpen formala da, baina orokorrean, ez da ezagutzen krisi honen atzean dagoen guztia. 70. hamarkadako krisia eta gero, neoliberalismoa izan da azken 30 urteetan indarrean egon den politika ekonomikoa. Horrek, enpresek euren mozkinak igotzea ekarri du, baina soldatak murrizteari esker.
Zein izan da horren bilakaera azken 30 urte hauetan?
Neoliberalismoak bi fenomeno bultzatu ditu. Batetik, eta aipatu bezala, soldatak jaisten joan dira, baina aldi berean kontsumoa bultzatu due. Kontsumo hori gauzatzeko, familiak maileguak eskatzera behartuta egon dira eta sekulako zorrak pilatu dituzte. Bestetik, enpresariek eta kapitalista handiek lortu dituzten mozkinak, ekonomia errealean inbertitu beharrean, ekonomia espekulatibo batean inbertitu dituzte. Beste hainbat faktorek ere eraginda, finantza ekonomia, ekoizpen ekonomiatik banandu dela esan daiteke.
Krisiak gizarte alor ezberdinetan, ezberdin eragin du?
Noski. Emilio Botinek, adibidez, Santanderreko, Espainiako banketxe handieneko presidenteak, 50 milioi euro irabazi zituen 2009an. Atzeraldi ekonomikoan geunden garaia zen. Batzuk irabazi egiten dute, eta galtzaile handienak errurik gutxien dutenak izaten dira: langileak.
Krisi honek gizartea gehiago banatu du?
Errentari begiratuz gero bai. Hau da, azken 30 urteetan, eta hori garbi ikusten da estatistiketan, aberatsa aberatsagoa egin da eta txiroa txiroagoa. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako datuei begiratuta, 1980an langileen soldatak barne-produktu gordinaren %57 suposatzen zuen, 2007an, aldiz, %48. Hau da, bederatzi puntu jaitsi dira soldatak, eta hori, gero eta langile gehiago dagoela.
Boterean daudenek krisia herriari askatasuna murrizteko erabiltzen dutela pentsatzen duenik bada. Zer iritzi duzu zuk horren inguruan?
Shockaren teoria deitzen zaio horri. Eta bat nator, zentzu batean. Azkenean, botereak gizartea bere nahietara eduki behar duelako. Krisi honen galtzailea gizartearen %80 baino gehiago da, eta hori kontrolatu beharra dago. Horretarako sekulako bitartekoak dituzte gainera, komunikabideetatik hasita. Politikariak, adibidez, azken 30 urteetako politika ortodoxoaren gatibu dira, eta horrek beste atzeraldi batera eramango gaitu. Aurten izango da atzeraldi hori.
Krisia luzerako daukagu orduan?
Krisialdia langabeziaren tasak mugatzen du. Krisia lanpostuak galtzen direnean hasten da, eta lanpostu berriak sortzean hasiko gara krisitik irteten. Krisiaren aurreko langabezia tasara iristen garenean, edo langabeziarik ez dagoenean emango da gainditutzat krisi hau. Hortaz, parametro horiek aintzat hartuta, atzera begiratuko dugu. 70. hamarkadako krisiak bederatzi urte iraun zituela esaten da. Krisi hartan, atzeraldi teknikoa bezala ezagutzen dena eman zen urte betean. Hau da, barne produktu gordinaren zenbaki negatiboak hamabi hilabeteetan.
Eta hori orainaldira ekarrita?
Gure krisian, hego Euskal Herriko datuei begiratuta, 2009an eta 2010eko lehenengo erdian, 18 hilabeteko atzeraldia izan genuen. Ordutik, lanpostuak deuseztatzen joan dira eta 2012an beste atzeraldi batean sartuko gara. Baikorrenek diote sei hilabete iraungo dituela, ezkorrenek, berriz, hamabi hilabetez luzatuko dela baieztatzen dute. Hortaz, datuak kontuan hartuta, krisiak 2015-2017ra arte iraungo duela esan daiteke.
Gainontzean, nola ari dira kudeatzen politikariak krisiaren gaia Euskal Herrian?
Politikari batzuk konturatzen hasi dira gauzak aldatu egin behar ditugula. Baina beste batzuk, oraindik, politika ortodoxoarekin jarraitzen dute; eta horrek beste atzeraldi bat sortuko du, ekonomian adituak direnek behin eta berriz esaten duten bezala.
Eta horren aurrean zer egin daiteke?
Krisiarekin amaitzeko, batetik, beharrezkoa da zerga politika erabat aldatzea. Horrek esan nahi du presio fiskala igo behar zaiela errenta handienak dituztenei. Asko dutenek gehiago ordaindu behar dute, alegia. Horrek, baliabideak emango dizkio sektore publikoari ekonomia suspertzeko. Eta horri lotuta, beste gauza asko, babes soziala indartzetik hasita.
Ba al dauka zentzurik azpiegitura handietan inbertitzeak, osasunean eta hezkuntzan, adibidez, murrizketak ematen ari diren bitartean?
Ba ez. Adibidez, Abiadura Handiko Trena azpiegitura garestiena da. Ez dauka errentagarritasun sozialik, hiriburuak komunikatzeko bakarrik balioko duelako. Gainera defizitarioa izango da, eta nahiz eta orain, azpiegiturak eraikitzerakoan lanpostuak sortuko diren arren, gero ez ditu asko sortuko. Baina, hala ere, dauden baliabide guztiak ezin dira alor sozialera bakarrik bideratu; ekoizpen ekonomiara ere bideratu behar dira.
Ideiak sortu eta iraultzak eragiteko garai egokiak dira krisialdiak?
Bai. Bada garaia, neurri klasiko kenesianoak albo batera utzi eta beste eredu batzuen inguruan hausnartzen hasteko. Adibidez, lanaren eta aberastasunaren banaketaren inguruan, kontsumo arduratsuago bat, energia eredu iraunkor bat… Azken batean, beste gizarte baterantz jo behar dugu, orain arte neoliberalismoak bultzatu duen kontsumismo indibidualista horretatik ihes egiteko.