Hogeita bosgarren urteurrenean, tontorretatik deiadarra
Goierrikoek bezala Gipuzkoa osoko eskola txikiek asteburu seinalatua izan dute. Herriko tontor batera igo, eta ikastetxeko komunitatea osatzen duten haur, guraso eta irakasle taldeek lau haizetara zabaldu dute mezua, Eskola txikiak bizirik, herri eta a...
Goierrikoek bezala Gipuzkoa osoko eskola txikiek asteburu seinalatua izan dute. Herriko tontor batera igo, eta ikastetxeko komunitatea osatzen duten haur, guraso eta irakasle taldeek lau haizetara zabaldu dute mezua, Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik. Ekainaren 3an Larraulen ospatuko den festa 25.a izango da, eta urteurrena ospatzeko deialdia egin dute.
Eskualdean dauden lau eskola txikietatik hirutakoek bat egin dute 25 urte, 25 tontor ekimenarekin. Gabiriako Balentzategi, Olaberriko Herri Eskola, eta Zeraingo Herri Eskola, Gipuzkoako eskola txikien koordinakunde kide diren neurrian, ordezkatu dituzte zentro horietako lagunek.
Gipuzkoako eskualde guztietan jarraitu dute eskema bera. Norbere herriko plazan elkartu, taldean mendira igo, eta herriaren izenarekin pankartaren atzean argazkia atera. Larraulen erakutsiko dituzte argazki guztiak.
Zeraingo ordezkariak larunbat goizean joan ziren, Txoritegiko Haitza mendira. Dozena bat lagun izan ziren, guraso eta haur. Gabiriako Balentzategiko taldeak herri-kaskotik bertan dagoen Kalbariota muinoa aukeratu zuen, hilerria kokatuta dagoen gaina, hasieran Murgilera joateko asmoa bazuten ere. 45 lagun joan ziren. Ikastetxearen mendeurrena ere gogoan izan zuten; aurtengo abenduan ehun urte beteko dira eskola kokatuta dagoen Oroitz-Ona eraikina ireki zutela.
Olaberriko gurasoek eta ikasleek iganderako utzi zuten txangoa. Irumugaetara joan ziren, Ataun, Lazkao eta Idiazabal arteko muga-lerrora. Une batez Olaberriko toki bihurtu zuten 30 herritarrek.