Aritz Egea: “Lasterketa hau erreferentzia bat da mundu honetan”
Zegama-Aizkorri mendi maratoia igandean egingo da, eta hainbat goierritarrek hartuko dute parte bertan; hori dela eta, aste osoan zehar, Goierriko Hitzak parte hartzaile horietako batzuei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu webgunean. Lehena, Ari...

Zegama-Aizkorri mendi maratoia igandean egingo da, eta hainbat goierritarrek hartuko dute parte bertan; hori dela eta, aste osoan zehar, Goierriko Hitzak parte hartzaile horietako batzuei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu webgunean. Lehena, Aritz Egea urretxuarrari eginikoa da. Egeak lehen urtea du Zegama-Aizkorrin.
Lehen aldia al duzu lasterketan?
Bai, lehen aldiz egingo dut. Orain arte triatloietan aritu izan naiz, eta txipa aldatu nahi dut. Mendi probatan hasteko gogoz nenbilen, eta zorionez plaza lortu dut.
Nola ikusten duzu lasterketa?
Une honetan, beldur pixka batekin, bereziki distantziari dagokionez. Hala ere, ilusio handiarekin nago. Aurten hasi naiz mendian korrikan, eta egin dudan lasterketa luzeena 30 kilometrokoa izan da. Seigarren amaitu nuen, eta gustura. Nire burua ondo ikusten dut, pentsatzen nuena baina hobeto. Gorputza pixkat ohitzea falta zait, batez ere aldapa behera.
Helbururik jarri al diozu zure buruari?
Datorren urterako plaza ziurtatzea da dudan helburua, eta ea 5 ordutatik beherako denbora egiterik dudan.
Zer du berezia Zegama-Aizkorri lasterketak?
Lasterketa hau erreferentzia bat da mundu honetan. Ez dakit hainbesterainokoa den, baina triatloiean Hawaii bada, mendi lasterketen munduan Zegama-Aizkorri da erreferentzia, euskaldunontzako behintzat. Kanpoko jende on asko ere etortzen da.













