Demaneko langileek amaitu dute greba
Deman enpresako langileek urtarrilean hasi zuten greba mugagabea amaitu dutela jakinarazi dute prentsa ohar bitartez. Langileen batzordeak Autobar enpresarekin adostutako akordioak «gatazkaren amaiera» suposatzen duela jakinarazi dute. Bide batez, akordio honek, «grebalarien eskakizun garrantzitsuenak» jasotzen dituela azaldu dute.
Deman, produktu ezberdinak saltzen dituen makinen mantenuaz arduratzen den enpresa da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ditu ordezkaritzak. Gipuzkoaren kasuan, 40 bat langile ditu enpresak, eta Urnietan du egoitza nagusia. Goierrin, bezero ugari ditu metalaren arloko enpresetan: Aristrain, Indar, FLP, Bellota, CIE Automotive, Orkli, Plasnor, UZ, Arcelor Mittal, eta TTT, batzuk aipatzearren.
Pasa den urteko uztailean Autobar Spain multinazionalak erosi zuen enpresa, eta orduan hasi ziren enpresaren eta langileen arteko ezadostasunak.
Demanekin batera estatuan erositako beste enpresa batzuekin, fusio prozesu bat hasi zuen 2011ko irailean Autobar Spainek. Bateratze prozesu horren ondorioz, «estatuko lantegi guztietan lan baldintza berdinak inposatu zituzten, eta Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) ezarri ziguten Madrildik», salatu dute ELA sindikatutik, grebak iraun duen bitartean.
Eskatutakoa lortu dute
Demanen kasuan, eraginak nabarmenagoak ziren, ELAtik jakitera eman dutenez, «beste inon ez bezala, metaleko hitzarmena genuen indarrean, eta hitzarmen hori hobetzen zuen enpresa itun bat ere bai». Eskubide horien aldeko borroka da azken hilabeteetan aurrera eraman dutena. Bide batez, hamabi langileren kaleratzea ekidin dute, negoziaketa, Madrilen beharrean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kokatu zedin exijitzearekin batera.
Azkenean, apirilaren amaieran, hiru hilabeteko grebaren amaiera suposatu duen akordioa adostu zuten. ELAk adierazi duenez, «akordioak grebalarien eskakizun nagusiak» jasotzen ditu. Batetik, derrigorrezko kaleratzerik ez da izango. Enpresak, urte amaiera bitartean «lanaldiaren %20ko murrizketa jasotzen duen EEE bat onartu du», diote.
Bestetik, enpresak euskal negoziazio esparrua aitortu du. Hau da, «multinazionalak euskal delegazioen lan baldintzak Euskal Herriko ordezkari sindikalekin negoziatu behar direla onartu du», azaldu dute ELAtik.
Amaitzeko, Gipuzkoako Metaleko Hitzarmenean, zein Demaneko enpresa itunean jasotako lorpen sozial guztiak bermatzen dituen enpresa hitzarmen berri bat sinatu dute. Lortutako akordioak, 2013rako KPIaren soldata igoera bat ere jasotzen du bere baitan.