Goierriko lau segalari Alemanian lehiatuko dira, taldekako jaialdian
Almitza segalari elkarteko 11 segalarik Salbitz hirian (Alemania) asteburu honetan jokatuko den sega jaialdi-lehiaketa batean parte hartuko dute. Ostegunean hasiko da jaialdia Saxoniako herri horretan, aurkezpen ekitaldiarekin, eta igandean bukatu. Ost...
Almitza segalari elkarteko 11 segalarik Salbitz hirian (Alemania) asteburu honetan jokatuko den sega jaialdi-lehiaketa batean parte hartuko dute. Ostegunean hasiko da jaialdia Saxoniako herri horretan, aurkezpen ekitaldiarekin, eta igandean bukatu. Ostirlean kanporaketak jokatuko dituzte, eta larunbatean finalak.
Launa segalariko taldeek parte hartuko dute, sega handiarekin. Horrez gain, sega txikiarekin —90 zentimetro edo gutxiagoko ezpataduna— modu librean ere jardungo dira, eta sega-pikatze txapelketa ere bada. Euskaldunek aizkora erakustaldia egingo dute.
Euskal Herriko taldearen barruan, lau goierritar ariko dira. Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra, Juan Mari Agirrezabala lazkaotarra eta Igor Esnaola legorretarra gizonezkoen maila nagusian lehiatuko dira, Bixente Mitxelenarekin batera.
Emakumezkoen taldean Arrate Garin legorretarra doa, Irati Astondoa bizkaitarra, Isabel Ansa gipuzkoarra eta Paula Xarron lapurtarra lagun dituela. Beste lau segalariko talde batek 60 urtetik gorakoen lehiaketan parte hartuko du.
Euskal ligaxkan izen-ematea
Bestetik, Almitzak sustatutako Euskal Herriko bakarkako IV. sega ligaxka, nazioarteko eran, ekainean eta uztailean zehar jokatuko da. Hiru jardunaldi izango ditu: Tolosan (ekainak 16), Etxalekun (23an) eta bukaera Zaldibian (uztailaren 22an).
Kirolarientzat izena emateko epea irekita dago, ekainaren 3ra arte (almitzasega@yahoo.es, 615 743 411, Tomax).
Adinka bereizita, hiru maila izango dira: 16 urte artekoak (neska zein mutil), 16-23 artekoak (bereiz), eta 23tik gorakoak.