Lazkao Txiki musika eskolan matrikula garaia ireki dute, ikasle izango diren berrientzat
Lazkao Txiki Musika Eskolak musika-hizkuntza eta tresnen eskaintza akademikoa ugaritu egin du, eta 2012-13 ikasturtean helduentzat ere solfeo klaseak emango ditu. Berritasunen artean, metal instrumentuen ikasketak txertatuko ditu, denera 16 tresna ikasteko modua ipiniz. Matrikulazio epea zabalik dute, bai Lazkaon, bai Ataunen eta Itsasondon ere, horietan ere Lazkaotxiki eskolak ematen duelako zerbitzua. Gaur egun ikasle direnek maiatzaren 2tik 14ra izan dute apuntatzeko aukera; berrientzako matrikulazioa atzo hasi zen, maiatzaren 28ra arte. Eskaintza berrian hiru tresna gehiago ikasi ahalko dira: tronpeta, tronboia eta bonbardinoa. Eskolak musika banda dauka, duela sei urte ekindako bide akademikoaren fruitu. «Metal tresnak ematea falta zitzaigun. Orain arte Lazkaoko Jundajo txarangakoek edo irakasleek jo izan dute bandan, baina gure nahia da bertako ikasleak aritzea. Ea posible den gutxieneko ikasle kopurua bildu eta irakaslea jartzea. Jendea animatu nahi dugu metal tresnekin ere has dadin», dio eskolako zuzendari Nerea Barandiaranek. Bestela, hizkuntza musikal edo solfeo arloan hiru multzotan has daitezke ikasle berriak: 4-12 urte artekoan, 12-18koan, edo hortik gorako larrien taldean, helduen korukoak barne. Denera hamasei musika-tresna dituzte, tartean kantua. Taldeak ere badira, ikasleentzat «oso motibagarria» den ekimena: trikitilariena, konboa, banda, biolin, gitarra, klarinete edota helduen abesbatzarena, esate baterako. Helduen abesbatza Azken talde horretakoek iaz osatu zuten Lazkaotxiki abesbatza. [...]
Lazkao Txiki Musika Eskolak musika-hizkuntza eta tresnen eskaintza akademikoa ugaritu egin du, eta 2012-13 ikasturtean helduentzat ere solfeo klaseak emango ditu. Berritasunen artean, metal instrumentuen ikasketak txertatuko ditu, denera 16 tresna ikasteko modua ipiniz.
Matrikulazio epea zabalik dute, bai Lazkaon, bai Ataunen eta Itsasondon ere, horietan ere Lazkaotxiki eskolak ematen duelako zerbitzua. Gaur egun ikasle direnek maiatzaren 2tik 14ra izan dute apuntatzeko aukera; berrientzako matrikulazioa atzo hasi zen, maiatzaren 28ra arte.
Eskaintza berrian hiru tresna gehiago ikasi ahalko dira: tronpeta, tronboia eta bonbardinoa. Eskolak musika banda dauka, duela sei urte ekindako bide akademikoaren fruitu. «Metal tresnak ematea falta zitzaigun. Orain arte Lazkaoko Jundajo txarangakoek edo irakasleek jo izan dute bandan, baina gure nahia da bertako ikasleak aritzea. Ea posible den gutxieneko ikasle kopurua bildu eta irakaslea jartzea. Jendea animatu nahi dugu metal tresnekin ere has dadin», dio eskolako zuzendari Nerea Barandiaranek.
Bestela, hizkuntza musikal edo solfeo arloan hiru multzotan has daitezke ikasle berriak: 4-12 urte artekoan, 12-18koan, edo hortik gorako larrien taldean, helduen korukoak barne. Denera hamasei musika-tresna dituzte, tartean kantua. Taldeak ere badira, ikasleentzat «oso motibagarria» den ekimena: trikitilariena, konboa, banda, biolin, gitarra, klarinete edota helduen abesbatzarena, esate baterako.
Helduen abesbatza
Azken talde horretakoek iaz osatu zuten Lazkaotxiki abesbatza. Jubilatuek osatzen dute, baina helduen koru bezala funtzionatzen du, Aitor Biain zuzendariaren gidaritzapean. Eskolaren egituraren barruan urtebete egin dute, eta balorazioa «oso positiboa» da, bai zuzendariak, bai koruko ordezkariek diotenez.
Urte honetan «aldaketa handiak» izan dituzte koruan, Pako Naldaizek eta Felix Ramosek adierazi dutenez. «Lehen familia bat bezala ohituta geunden. Gure ustez ondo aritzen ginen, baina orain beste gauza batzuk ikusten ditugu. Abesti berriak ikastea kostatzen da, baina jendea oso gustura dago, orokorrean», dio Naldaizek. 39 lagun dira koruan.
Ahots teknika landu dute, batik bat. «Errepertorio berria sartu dugu. Lehen beren ohitura euskal musika zen, eta orain erlijiosoa ere kantatzen dute; ingelesez ere bai. Lan txukuna egin dute, gogotsu eta animoso daude», aitortu du Biain zuzendariak.
Kurtso bukaera, beteta
Lazkaotxikiko musikariek ikasturte bukaera lantsua izango dute, nahiz eta ikasle askok urtean zeharreko ekitaldi ugarietan dagoeneko parte hartu duten. Hain zuzen, kide guztiek jende aurrean kontzertuak egitea da eskolaren egitekoetako bat, ikasketak osatzeko. Horretarako urte osoan banatzen dituzte ekitaldiak, «haur denak ateratzeko». Herrian antolatzen diren festa nahiz saio orokorretan ere presentzia izan ohi du, hala, eskolak, ia hilero emanaldiren batekin.
Berritasuna haur txikienen eskutik iritsiko da, maiatzaren 24an, osteguna (17:30, Arerian). Mozart txirula magikoaren bila ipuin musikatua eigngo dute 4-9 urte arteko haurrek, lehen aldiz. Ordubete inguruko saioan, lurralde askotako musika tradizioa txertatuko dute, herritar ororentzat eskainita.
«Txikienekin hutsune bat zegoen ekitaldiei dagokienez, noiz atera. Ikasturte bukaeran egingo da haiekin bakarrik saioa, lehen aldiz, protagonismoa emateko», dio Barandiaranek.
Musika «lau hormen artetik ateratzeko» kontzertu gehiago egingo dituzte, hilabetez.