Euriak laburtu badu ere, 50. urtez bere ibilbidea egin du haurren danborradak
Euriak tartea egin dio Beasaingo haurren danborradari. 11:30ean elkartu dira eskola guztietako haurrez osatutako konpainiak geltoki aurrean. Handik atera dira, eta ibilbidea laburragoa egin dute eguraldi txarragatik. 12:00etan plazako arkuperako bidea ...
Euriak tartea egin dio Beasaingo haurren danborradari. 11:30ean elkartu dira eskola guztietako haurrez osatutako konpainiak geltoki aurrean. Handik atera dira, eta ibilbidea laburragoa egin dute eguraldi txarragatik. 12:00etan plazako arkuperako bidea hartu dute eta aterkiak azkeneko zatian baino ez dituzte ireki. Gaurkoan, berezitasun nabarmena izan du haurren danborradak. Beasaingo Loinazko San Martin kanonizatu zuten 1962. urtean, eta urte hartan egin zuten haurren danborrada aurreneko aldiz. Dagoeneko, 50 aldiz atera da, eta gaur garai bateko danborrada hura gogoratu nahi izan dute.












Desfilea plaza azpiko arkupeetara iritsi da, eta behin konpainia bakoitzak bere tokia hartu duenean, Beasaingo musikariek osatutako piezak jo dituzte ikasleek. Danborrak geratu direnean, omenaldia egin diete 1962. urteko haurren danborrada antolatu zuten hainbat katekistari eta boluntariori. Sardineraz jantzitako hiru dantzari txikiek aurreskua eskaini diete eta Koldo Agirre alkateak oroigarria banatu die. Aitortza berezia egin diote Maria Dolores Mendigureni, 1962 urteko haurren danborrada hura 50 urte beranduago irudikatzen lagundu dielako.
Orduko haurren danborradari buruzko argazkiak bildu ditu Beasaingo Udalak eta Usurben irekiko dute 19:00etan erakusketa.