Euskadi Turismo saria Ordiziako azokarentzat
Aurten 5oo urte bete dituen Ordiziako azokak jaso du 2012ko Euskadi Turismo saria. Atzo arratsaldean egin zen sari banaketa ekitaldia Getariako Balentziaga museoan, Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua eta Maria Pilar Zorrilla Turismo sailburuordea buru zirela. Ordiziatik ordezkaritza zabala joan zen atzoko ekitaldira. Igor Eguren alkateak, Leire Arandia D’elikatuz zentroko arduradunak eta Ixiar Etxeberria azokako saltzaileak “ilusio handiz” hartu zuten saria Undaren eskutik. “Ohore handia da horrelako sari bat jasotzea, batik bat, tradizioari eta lehen sektoreari eman zaiolako”. Ekitaldian egin zuen hitzalditxoan azokako ekoizleak eta emakume baserritarrak izan zituen gogoan Egurenek: “Haiengatik izan ez balitz, azokak ez luke iraungo”. Alkatearen beste adierazpen batek, berriz, bildutakoen algarak piztu zituen: “500 urte barru, ordiziarrak, berriz ere hemen izango gara horrelako beste sari bat jasotzen. Horretan ari gara”. Urteetako lanaren emaitza Ordiziako Azokaren errekonozimendua ez da kasualitatez iritsi. Urteetako lana dago horren atzean. Ordiziako Azokak paper garrantzitsua betetzen du Goierriko eskaintza turistikoan. Goierrik turismo gastronomikoaren alde egin duen apustuaren zutabeetariko bat baita azoka, Idiazabal Gaztarekin batera. Baina gastronomiaz gain, Goierrik badu bisitariari, zein bertakoei zer eskaini, Ordizia eta Segurako Erdi Aroko hiribilduetan, Aralar eta Aizkorriko parke naturaletan… Goierri eskualdea ezagutzera datozenentzat harrera gunea bilakatu da Ordiziako D’elikatuz Interpretazio Zentroa. Bertan turismo bulegoaz [...]
Aurten 5oo urte bete dituen Ordiziako azokak jaso du 2012ko Euskadi Turismo saria. Atzo arratsaldean egin zen sari banaketa ekitaldia Getariako Balentziaga museoan, Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua eta Maria Pilar Zorrilla Turismo sailburuordea buru zirela. Ordiziatik ordezkaritza zabala joan zen atzoko ekitaldira.
Igor Eguren alkateak, Leire Arandia D’elikatuz zentroko arduradunak eta Ixiar Etxeberria azokako saltzaileak “ilusio handiz” hartu zuten saria Undaren eskutik. “Ohore handia da horrelako sari bat jasotzea, batik bat, tradizioari eta lehen sektoreari eman zaiolako”. Ekitaldian egin zuen hitzalditxoan azokako ekoizleak eta emakume baserritarrak izan zituen gogoan Egurenek: “Haiengatik izan ez balitz, azokak ez luke iraungo”. Alkatearen beste adierazpen batek, berriz, bildutakoen algarak piztu zituen: “500 urte barru, ordiziarrak, berriz ere hemen izango gara horrelako beste sari bat jasotzen. Horretan ari gara”.
Urteetako lanaren emaitza
Ordiziako Azokaren errekonozimendua ez da kasualitatez iritsi. Urteetako lana dago horren atzean. Ordiziako Azokak paper garrantzitsua betetzen du Goierriko eskaintza turistikoan. Goierrik turismo gastronomikoaren alde egin duen apustuaren zutabeetariko bat baita azoka, Idiazabal Gaztarekin batera. Baina gastronomiaz gain, Goierrik badu bisitariari, zein bertakoei zer eskaini, Ordizia eta Segurako Erdi Aroko hiribilduetan, Aralar eta Aizkorriko parke naturaletan…
Goierri eskualdea ezagutzera datozenentzat harrera gunea bilakatu da Ordiziako D’elikatuz Interpretazio Zentroa. Bertan turismo bulegoaz gainera, elikadura, gastronomia, osasuna eta bertako produktuen sustapenerako guneak baitaude. Bertatik, turismo eskaintza osoa eskaintzen zaie bisitariei. Ordiziako kasko historikoko bisita eskaintzeaz gain, Goierri eskualdean barna egin daitezkeen egun osoko ibilaldi tematikoak baititu bere zerbitzuen artean: Ordiziako azoka eta bere ibilbidea, Idiazabal Gaztarena, Goierri Erdi Aroan…
Gainera, D’elikatuz Azoka batzordearen parte da. Batzorde horrek azokaren dinamizazioan buru-belarri lan egin du azken urteetan. Azokaren V. mendeurreneko ekintza plana garatzeaz gain, beste ekintza asko garatu dituzte batzordetik: Azokaren irudi eta webgune berria (www.ordiziakoazoka.com), Ni ere azokara proiektua (azokan erosi nahi dutenek eta bertaratu ezin dutenek internet bidez baserritarren produktuak eskuratzeko aukera), plazako zaborren birziklapena…
Horrela, 1512tik ospatzen den Ordiziako Azokak 500 urte eta gero erreferente izaten jarraitzen du, topagune. Bere esentziaren indarra galdu gabe.