Cheikh Lo: «Saltzea beharrezkoa dut bizitzeko, baina nire lehentasuna pertsonak dira»
Cheikh Lo (Senegal, 1983) aski ezaguna eta maitatua da Goierrin, eta baita Altsasu aldean ere. Bere pitxiak erosi ez dituen gutxi izango da inguruetan, eta bere jatortasuna medio, lagun asko egin ditu.
Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
Senegaldik pateraz irten nuen 2002 urte amaieran, nora nindoan zehazki jakin gabe, bizi hobe baten bila. Marokotik pasatuz, Algecirasa (Andaluzia) iritsi ginenean, Bilbora eta gero Markinara joan nintzen, bertan nuen lagun batekin bizitzen jartzeko. Orain, Altsasun bizi naiz.
Zerk harritu zintuen gehien hona iritsi zinean?
Arraza txuriak: denak berdinak zineten niretzat, eta oso zaila egiten zitzaidan jendea bereiztea. Oraindik ere ez naiz erabat ohitu jende zuria ikustera, baina hobeto bereizten zaituztet.
Eta orain zer inpresio duzu?
Jendea oso jatorra dela, behin harremana lortzen duzunean.
Eta zuk bereziki jendearekin lortzen duzun harremana, lortu egin duzu, ezta?
Bai. Nik bizitzeko saltzea beharrezko dut, baina nire lehentasuna pertsonak dira: eurekin dudan erlazioa eta laguntasuna.
Lagunak asko dituzu, eta opari bereziren bat ere egin dizute, ezta?
Bai. Zegamako Maite Txurruka, bere familia eta bere lagunak oso lagunak ditut. Behin nire familia bisitatzera joateko bidaia oparitu zidaten, zituzten Travel puntu batzuen bidez. Baina ez da bakarra, jende on asko dago hemen, eta jende askoren babesa eta maitasuna jaso dut.
Hemengo jendearengana gerturatzeko bide on bat izango da euskaraz zertxobait behintzat hitz egitea, ezta?
Bai, Seguran eta Zegaman batez ere. Altsasuko AEKn ikasi dut euskaraz, eta umeekin hitz eginez eta jendeari entzunda ere asko ikasi dut. Gainera loro bat bezalakoa naiz; ez naiz isildu ere egiten. Ikastea gustatzen zait, eta batez ere euskaraz; asko gustatzen zait hizkuntza hau. Horregatik, beti saiatzen naiz hala egiten didatenekin nik ere euskaraz hitz egiten.
Zer da Senegaldik faltan gehien ematen duzuna?
Lagunak, espeziadun janari bizixeagoa… baina batez ere familia. Berdin da zenbat denbora daramazun beraiengandik urrun; familia beti barru-barruan eramaten da. Azkenean han hazi eta hezi naiz, eta han dut nire iragana.