Aranzadi elkarteak Goierrin 80 megalito ditu katalogatuta
Goierriko historiaurrea ezagutzeko aukerak asko erraztu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak, berriki. Gipuzkoako monumentu megalitikoen eta aztarnategien bilatzailea zabaldu du Interneten, doan eta edonoren eskura. Bost mila urte atzera eginda, orduko harrizko eraikuntza jakin guztien informazioa bildu du, bilatzeko aukera bat baino gehiago dituen aplikazio batean. Goierriren barrutian 80 megalito agertzen dira bilatzailean, Gipuzkoa osoan denera 250 bat. «Ezagutzen direnak» dira horiek, eta adituen iritzian beste «asko» egon litezke, ikertu gabeak eta aurkitu ez direnak tartean. Aitzitik, ustez hipotetikoki megalitotzat jotzen diren guztiak ere hala ez izatea baliteke. Zeraingo Txoritegiko «tumulua», adibidez. Behe Erdi Aroko eraikuntza da, ez Historiaurrekoa. Erakundeek, hala ere, megalitoen izaera eta babesa aitortzen diote. Adierazle desberdinen arabera egin liteke bilaketa. Kokapen geografikoaren araberakoa da bat, herrika edo eskualdeka. Eremu megalitikoka bereizita ikus litezke, edo megalito motaren arabera: trikuharria, tumulua, harrespila, zutarria edo harkutxa. Aroka edo sekuentzia kulturalka ere bila liteke. Neolito garaitik (K.a. III. milurtekoa) hasi eta Brontze Arorainokoak (K.a.1000) dira Goierriko megalitoak, tartean kalkolito edo Kupre Arokoak (K.a.2500 – K.a. 1200) direla. Gipuzkoako beste eskualde batzuetako egoerarekin alderatuta, ikerketarako gaia ugari geratzen da Goierrin. Kopuruaz gaindi, megalito bakoitza sakon aztertu beharra dagoelako ondorioak ateratzeko, indusketa arkeologikoak eginez, bidean. Metodologia modernoarekin ikertzen jarraitzea litzateke gakoa. Bilatzailea eguneratu [...]
Goierriko historiaurrea ezagutzeko aukerak asko erraztu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak, berriki. Gipuzkoako monumentu megalitikoen eta aztarnategien bilatzailea zabaldu du Interneten, doan eta edonoren eskura. Bost mila urte atzera eginda, orduko harrizko eraikuntza jakin guztien informazioa bildu du, bilatzeko aukera bat baino gehiago dituen aplikazio batean.
Goierriren barrutian 80 megalito agertzen dira bilatzailean, Gipuzkoa osoan denera 250 bat. «Ezagutzen direnak» dira horiek, eta adituen iritzian beste «asko» egon litezke, ikertu gabeak eta aurkitu ez direnak tartean. Aitzitik, ustez hipotetikoki megalitotzat jotzen diren guztiak ere hala ez izatea baliteke. Zeraingo Txoritegiko «tumulua», adibidez. Behe Erdi Aroko eraikuntza da, ez Historiaurrekoa. Erakundeek, hala ere, megalitoen izaera eta babesa aitortzen diote.
Adierazle desberdinen arabera egin liteke bilaketa. Kokapen geografikoaren araberakoa da bat, herrika edo eskualdeka. Eremu megalitikoka bereizita ikus litezke, edo megalito motaren arabera: trikuharria, tumulua, harrespila, zutarria edo harkutxa.
Aroka edo sekuentzia kulturalka ere bila liteke. Neolito garaitik (K.a. III. milurtekoa) hasi eta Brontze Arorainokoak (K.a.1000) dira Goierriko megalitoak, tartean kalkolito edo Kupre Arokoak (K.a.2500 – K.a. 1200) direla.
Gipuzkoako beste eskualde batzuetako egoerarekin alderatuta, ikerketarako gaia ugari geratzen da Goierrin. Kopuruaz gaindi, megalito bakoitza sakon aztertu beharra dagoelako ondorioak ateratzeko, indusketa arkeologikoak eginez, bidean.
Metodologia modernoarekin ikertzen jarraitzea litzateke gakoa. Bilatzailea eguneratu egingo du Aranzadik, berriak aurkitu ahala edo ikerketak garatutakoan informazioa gehituz.
Jendea erakartzeko tresna
Megalitoen bilatzaileak berebiziko funtzio praktikoa du. Orain arte hamarkadaz hamarkada osatuta eta berrituta argitaratu dituzten karta arkeologikoen ordain digitala da, aldian-aldian eta berehala eguneratzeko gaitasunarekin.
Egiteko didaktikoa ere bete nahi du, Aranzadi elkarteak jakinarazi duenez. «Interesa duen jendea trikuharrien eta beste monumentuen lekuetara joatea nahi dugu».
Informazio osatua eskaintzen du, horretarako, bilatzaileak. Monumentu megalitiko bakoitzak bere fitxa du: koordenadak, deskribapena, argazkiak, indusketa-lanen txostenaren laburpena nahiz megalitoaren egitura-planoak marraztuta ditu.
Ondare kulturala ezagutzeko txangoetan, erabilgarri suerta dadin PDF formatuan jaitsi eta inprima liteke fitxa, aplikaziotik.
Interneteko informazioa barneratzea lehenbiziko urratsa besterik ez litzateke. Hurrengoa, eta garrantzitsuena, megalito bakoitza bertatik bertara ikustea da.
DATUAK
- Megalitoak: 80. Goierriko eskualdearen luze-zabalean 80 egitura megalitiko daude, ezagutzen direnak. Aranzadiren sailkapenaren arabera, lau motatakoak daude: trikuharriak, tumuluak, zutarriak eta harkutxak. Harrespilarik ez dago Goierrin.
- Trikuharriak. 55
- Tumuluak. 15
- Zutarriak. 8
- Harkutxak. 2
Megalito eremuak
Eskualdean bederatzi estazio megalitiko daude. Batzuk oso-osorik Goierriren barruan dira; beste batzuek inguruko bailarak ere hartzen dituzte.
- Aizkorri. 10 megalito. Partzuergo Orokorra, Oñati.
- Altzania. 8. Idiazabal, Segura, Zegama, Partzuergo Orokorra.
- Aralar. 27. Enirio-Aralar, Zaldibia, Ataun, Amezketa.
- Aratz-Altsasu. 2. Partzuergo Orokorra.
- Ataun-Burunda. 14. Idiazabal, Ataun, Altsasu, Urdiain.
- Brinkola-Zegama. 9. Legazpi, Zerain, Zegama, Oñati.
- Iruarrieta. 7. Zumarraga, Azkoitia.
- Murumendi. 9. Beasain, Ezkio-Itsaso, Beizama .
- Satui-Arrolamendi. 4. Legazpi, Antzuola, Oñati.
ELKARRIZKETA
Manu Zeberio (Aranzadi zientzia elkarteko Historiaurrea atalaren zuzendaria):
«Goierriko megalitoak oso garrantzitsuak dira gure Historiaurrea ezagutzeko»
Gipuzkoako megalitoen bilatzailea sarean jarri duen Aranzadiko Historiaurrea ataleko zuzendaria Manu Zeberio. Goierrin megalito «asko» daudela dio, baina horietatik zehaztu gabeak ere bai. Lan eskerga egin dela aitortu du bailaran —Joxean Mujika arkeologoa aipatu du—, eta egitekoa badela.
Megalitoen bilatzailearen funtzioa lehendik aztertutako elementuen bilgune izatea da?
Printzipioz bai. Printzipioz diot, zeren urtero megalito gehiago aurkitzen dira. Momentuz, jarri ditugunak dira megalitoak direla pentsatzen dugunak. Egitura asko daude, eta batzuetan megalitoak direla ziur gaude, baina beste batzuk ez.
Adibidez?
Adibidez, Goierrin, bada tumulu bat, Txoritegi, Zerainen. Errealitatean ez da megalito bat. Baina, printzipioz, megalito bezala dauka babes izendapena, gure ustez ez den arren. Megalito guztietan begiratu behar da hala den ala ez baieztatzeko.
Megalito gehiago aurkitu ahala, beraz, eguneratzen joango da bilatzailea ere?
Bai. Bilatzailea tresna bat da. Helburu nagusia eguneratua egotea da. Orain arte argitaratu dira karta arkeologiko batzuk, Aranzaditik egindakoak. Adibidez, 1983an publikatu genuen lehenengoa, hamar urte geroago beste bat, eta horrela berrituz joan dira kartak. Baina kontua zen tresna eguneratua edukitzea.
Goierriko egiturei dagokienez, zer dago nabarmentzekorik?
Kontuan izan behar da Goierrin azaltzen direnak ezagutzen direnak direla. Beste batzuk egon litezke. Eta, alderantziz, megalito direla pentsatzen dugunak errealitatean agian ez dira. Industu gabe daudenak, akaso benetan ez dira. Horregatik, kontuan izan behar da agian beste batzuk daudela, ezezagunak momentuz. Beste lurraldeetan ere asko daude, baina guztiak dira ezagunak. Adibidez, Elgoibarren eta Bergaran, Karakate mendilerroan asko daude; seguraski ez dago gehiago aurkitzeko. Baina Goierri inguruan batzuk badaude aurkitu gabe. Hori kontuan izan behar da. Printzipioz, Goierri aldean asko daude.
Indusketan eta ikerketa arkeologikoan zer egoera dagoela esango zenuke Goierrin?
Asko egin da. Goierri aldean Joxean Mujika beasaindarrak megalito asko ikertu ditu, lehen Aranzadin eta orain EHUn. Famatuenak Trikuaiztiko megalitoak, Mandubizelaia… Asko ikertu ditu. Goierriko megalitoak oso inportanteak dira gure historiaurrea ezagutzeko. Momentuz, metodologia modernoarekin batzuk ikertu dira, eta ikertu direnak oso garrantzitsuak dira.
Garrantzitsuak, zer alderditatik?
Alde batetik, metodologia modernoarekin ikertuta daudelako, eta, beste aldetik, kronologia aldetik oso zaharrak direlako. Trikuaiztikoak Gipuzkoako zaharrenetakoak dira dataz.
Bi mendi gune zabal izateak —Aizkorri eta Aralar— badu eragina kopuruan?
Aralarren asko daude. Mendilerro hori ez dago hain urbanizatua, eta normala da asko egotea.
Baieztatzeko eta lanerako gai dezente dago, beraz?
Bai, baina lan asko eginda dago. Eta egindako lana oso inportantea da.
GOIERRIKO MEGALITOAK
Goierriko megalito eremuak. Zerrenda
Aizkorri
Aizkorritxo. Trikuharria
Artzanburu. Trikuharria
Gorostiaran ekia. Tumulua
Gorostiaran mend. Trikuharria
Kalparmuñobarrena. Trikuhar.
Malla. Tumulua
Pagarreta. Trikuharria
Pagobakoitza. Trikuharria
San Adrian. Tumulua
Zorrotzarri. Zutarria
Altzania
Bidaarte I. Trikuharria
Bidaarte II. Tumulua
Etxegarate. Trikuharria
Garagartza. Trikuharria
Otsaarte. Trikuharria
Tartaloetxeta. Trikuharria
Trikamuñoota. Trikuharria
Zorroztarri. ñoota. Trikuharria
Aralar
Aranzadi. Trikuharria
Argarbi. Trikuharria
Arraztarangaña. Trikuharria
Arrubi. Zutarria
Atauru Gañe. Zutarria
Ausokoi. Trikuharria
Ausokoi II. Trikuharria
Erremedio. Trikuharria
Igaratza. Tumulua
Igaratza hegoa. Trikuharria
Igaratza III. Zutarria
Igaratza iparra. Trikuharria
Irazustako lepoa. Zutarria
Jentillarri. Trikuharria
Jentillarri. Zutarria
Labeo. Trikuharria
Larrondo. Trikuharria
Matxitxane. Trikuharria
Saltarri. Zutarria
Supitaitz. Zutarria
Txotxeta. Trikuharria
Uelogoena hegoa. Trikuharria
Ueologoena iparra. Trikuharria
Uidui. Trikuharria
Uidui II. Zutarria
Urritza. Trikuharria
Zearragoena. Trikuharria
Aratz – Altsasu
Arrobigaña. Trikuharria
Atxuko Aldai. Trikuharria
Ataun – Burunda
Aitxu. Trikuharria
Argonitz. Trikuharria
Atxurbi. Harkutxa
Balenkaleku heg. Trikuharria
Bernoa. Trikuharria
Igartza ekia. Tumulua
Igartza mendeb. Trikuharria
Intxusburu. Trikuharria
Larreluze. Trikuharria
Muñaan. Trikuharria
Napalatza. Trikuharria
Praalata. Trikuharria
Unanabi. Trikuharria
Urrezulko Armurea. Trikuharria
Brinkola – Zegama
Aizaleku. Trikuharria
Amutxanda. Trikuharria
Antolarre. Tumulua
Arratolagaña. Trikuharria
Irumugarrieta. Tumulua
Irumugarrieta II. Harkutxa
Oamendi. Trikuharria
Txoritegi. Tumulua
Urietagaña. Trikuharria
Iruarrieta
Aantzetako Gaina. Tumulua
Elorrieta. Tumulua
Iruarrieta. Trikuharria
Iruarrieta I. Trikuharria
Iruarrieta II. Trikuharria
Oleta. Tumulua
Pagobakarra. Tumulua
Murumendi
Basagain. Tumulua
Illaun. Tumulua
Larrarte. Trikuharria
Mandubi Zelaia. Trikuharria
Maramendi hegoa. Trikuharria
Maramendi ipar. Trikuharria
Trikuaizti I. Trikuharria
Trikuaizti II. Tumulua
Trikumuttegi. Trikuharria
Satui – Arrolamendi
Arrolamendi I. Tumulua
Arrolamendi II. Tumulua
Arrolamendi III. Tumulua
Jentiletxe. Tumulua