Lorteken eraikin berria, barrutik
Hamar egun beteko ditu gaur IK4-Lortek teknologia zentroak eraikin berrian. Uztailaren 16an ireki zuten hiru solairuko egoitza, Ordizian, Goierri Berrikuntza Gunean. Lortekek ia hamar urteko ibilbidea du —2002ko azaroan sortu zuten— lotura teknologien esparruko ikerkuntza eta garapenean. Zazpi milioi euroko inbertsioa egin dute. 50 langile ditu gaur egun, %65 goi mailako unibertsitate lizentziadunak, eta horietatik %20 doktoreak. Etorkizunean lan-taldea 90 edo 100 laguneraino haztea aurreikusten du. Goierriko eta inguruko enpresak —CAF, Arcelor Mittal, Fagor, Orkli, Ampo, Eredu, Orbea…— dira Lorteken bazkide. Kapitalaren «%100 pribatua» du, Jose Antonio Etxarri zuzendari orokorrak dioenez. Mondragon Taldekoa da, nahiz eta kooperatiba izan ez. Enpresen behar teknologikoak asetzeko zerbitzua eskaintzen du Lortekek, lotura teknologiak eta konexio prozesuak garatuz. Mota askotako soldadura teknikak garatzen dituzte, enpresentzat sistemak eta makina bereziak sortuz. Guztiz ekipatutako hiru pisu Lorteken eraikineko atalaurrean sartu orduko, zentroak garatutako piezen lagin bat ikusiko du bisitariak, showroom-ean. Beheko solairua da nagusia; han dago ikertzaileen areto luze argitsua. Tailerra eta laborategiak ondoan daude, espazio zabaletan antolatuak. Lehen pisuan bulegoak, eta bigarrenean zuzendaritza daude. Ikertzaileen bulegoa jakintza esparru askotako teknikarien lantokia da. Rosa Arregiren Sorkuntza eztanda irudia da nagusi, hondoko horman. «Lorteken filosofia islatzen du», dio Etxarrik: «Pertsona taldea, ideia eta ilusio asko dituztenak. Ideiak ernetzen [...]
Hamar egun beteko ditu gaur IK4-Lortek teknologia zentroak eraikin berrian. Uztailaren 16an ireki zuten hiru solairuko egoitza, Ordizian, Goierri Berrikuntza Gunean. Lortekek ia hamar urteko ibilbidea du —2002ko azaroan sortu zuten— lotura teknologien esparruko ikerkuntza eta garapenean.
Zazpi milioi euroko inbertsioa egin dute. 50 langile ditu gaur egun, %65 goi mailako unibertsitate lizentziadunak, eta horietatik %20 doktoreak. Etorkizunean lan-taldea 90 edo 100 laguneraino haztea aurreikusten du. Goierriko eta inguruko enpresak —CAF, Arcelor Mittal, Fagor, Orkli, Ampo, Eredu, Orbea…— dira Lorteken bazkide. Kapitalaren «%100 pribatua» du, Jose Antonio Etxarri zuzendari orokorrak dioenez. Mondragon Taldekoa da, nahiz eta kooperatiba izan ez.
Enpresen behar teknologikoak asetzeko zerbitzua eskaintzen du Lortekek, lotura teknologiak eta konexio prozesuak garatuz. Mota askotako soldadura teknikak garatzen dituzte, enpresentzat sistemak eta makina bereziak sortuz.
Guztiz ekipatutako hiru pisu
Lorteken eraikineko atalaurrean sartu orduko, zentroak garatutako piezen lagin bat ikusiko du bisitariak, showroom-ean. Beheko solairua da nagusia; han dago ikertzaileen areto luze argitsua. Tailerra eta laborategiak ondoan daude, espazio zabaletan antolatuak. Lehen pisuan bulegoak, eta bigarrenean zuzendaritza daude.
Ikertzaileen bulegoa jakintza esparru askotako teknikarien lantokia da. Rosa Arregiren Sorkuntza eztanda irudia da nagusi, hondoko horman. «Lorteken filosofia islatzen du», dio Etxarrik: «Pertsona taldea, ideia eta ilusio asko dituztenak. Ideiak ernetzen dira, eta batzuek fruitua ematen dute. Irteten ez direnak ez dira porrota, esperientzia baizik».
Lotura teknologia da Lorteken ardura nagusia; arku bidezko soldadura, marruskadurazkoa, laserra, brazing-a, birkarga… Baina ez hori bakarrik; enpresen antolakuntza, bideragarritasuna nahiz nazioartekotze prozesuetan irtenbideak bilatzea du ere badu eginkizun. .
Egoitz Aldanondo teknikaria marruskadura-soldadurako tramankulu bat doitzen ari da tailerrean —solairu pilotua deitzen diote—. «Azken belaunaldiko soldadura da, oso berria. Metalezko bi pieza igurzketa bidez berotzen ditu arbazta berezi batek, minutuko 2.000 birara. Materia urtzera iritsi gabe, pasta antzeko unean ipini eta bat egiten ditu», dio.
Adibide bat besterik ez da. Praxair enpresak, adibidez, bere makinaria du pabiloiaren ertz batean, han frogak egin eta bere beharretarako zerbitzurako jar dezaten.
Alboko sailean, ebaluazio kontrolean, soldadura adimenduna probatzen ari dira, hainbat adierazle kontuan hartuta (anperajea, tentsioa, soldatze abiadura, tenperatura…) lotura onena nola erdiets litekeen jakiteko, kamera termografiko baten laguntzaz.
Laboratorioan —karakterizazio aretoa— mikroloturak garatzen ari dira, bateria elektrikoetarako. Ertz batean dute gelako altxorra, milioi bateko handitzea egiten duen mikroskopio elektronikoa. Han ziurtatzen dute garapenaren eta berrikuntzaren arteko lotura sendoa dela.
ELKARRIZKETA
Jose Antonio Etxarri (Lorteken zuzendari orokorra)
«Euskal Herrian pribilegiatu gara ikerkuntza landu delako»
Zer da IK4-Lortek enpresa?
Berrikuntza izaeradun zentro teknologikoa gara. Lotura teknologietan espezialista gara, baina materialen eremua, mekatronika edota mihiztadura osagaiak ere lantzen ditugu, gaitasun gehiagoren ondoan. Enpresa arloan, irtenbide osoak ematea da gure xedea, ikerketa eta garapeneko proiektu-txosten batetik, bideragarritasunera edo industrializaziora berera. Prozesu bat definitzen dugu, eta gero ezarri, bezeroaren instalakuntzetan.
Nola sortu zuten?
Orain ia hamar urte, Goierri Lanbide Eskolatik sortu zen hasieran. Lotura teknologietan berezituko zen zentro baten beharra ikusi zen, eta jakintza hori enpresetara igorriko zuena. Beren arloan munduan abangoardian dauden enpresak ditugu, eta lidertza hori produktuen lotura teknologietan mantentzen dugu.
Zer esparru estaltzen duzue?
Nagusiki, bi mailatako beharrak. Batetik, gure helburua eta egitekoa enprsak beren arloetan lider mantentzen laguntzea da, industri-ehunak iraun dezan. Jakintza igorri behar diegu horretarako, baina bestetik gu geu ere espeizalizatzen segi beharra dago, zerbait berria, desberdina eta abangoardista emateko.
Non lan egiten duzue gehien?
Autonomi Erkidegoan %75, beste %10-15 Espainian, eta gainontzekoa Europan. Europan, gehien bat, enpresekin edo beste zentroekin elkarkidetzan jarduten dugu, enpresa europarretara zuzeneko transferentzia egitera joan gabe. Hausnartzen ari gara, nazioartera zabaldu nahi duten bertako enpresei laguntzera joateko. Gure helburua berez ez da geu nazioartekotzea, horregatik soilik, enpresei laguntzea baizik, ezartzen diren tokian bertan babes teknologikoa emateko.
Balio erantsi handiena berrikuntzarena dena esan ohi da. Euskal Herrian nola dago sektore hori?
Euskadik zerbait ondo egin badu, nik uste ikerkuntzan, garapenean eta berrikuntzan egin duen apustua izan da. Desberdinak izateko. Ekarpenak egin beharra dago desberdin izateko, eta horiek ez dira sortzen zientzia zehaztugabeekin: landu, garatu, huts egin esperientzia hartzeko… hori egin beharra dago. Idiea horiek, behin gauzatutakoan, eratzen dute aurrerapena. Gaur egun, krisian gaude, bai, baina ez da beste toki batzuetan dagoena bezainbesteko krisia. Euskal Herrian benetako pribilegiatu gara, 30 urteotan I+G+Bn egin delako.