Udal euskaltegiaren mende laurdena lagun artean ospatu dute Igartzan
Beasaingo udal euskaltegiak 25 urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori ospatzeko ekitaldi nagusia egin zuten atzo, Igartza jauregian. Txalapartarien doinuak ongi-etorria egiten ziela, ehun lagun inguru elkartu ziren hitzaldietarako aretoan. Ekitaldian, Mari Paz Martin euskaltegiko zuzendariak, Koldo Agirre alkateak, Aitor Larburu zinegotziak, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara arloko zuzendariak eta Joxerra Gartzia hizkuntzalariak parte hartu zuten. Beasaingo udal euskaltegiak 1987ko irailaren 1ean zabaldu zituen ateak; lau irakasle eta 103 ikasle zituen. Lehen urteak, egun kultur etxea dagoen eraikinean, udaletxearen ondoan egin zituen. Harrezkero ordea, udal euskaltegitik “4.000 eta 4.500 ikasle artean” pasa direla gogorarazi zuen Aitor Larburuk, eta egun, sei irakasle ari direla lanean. Mari Paz Martin euskaltegiko zuzendariak, Igartza eta euskaltegia alderatu zituen. “Horma hauek historiaren pasarte ugari gordetzen duten bezala, Beasaingo udal euskaltegiak ere hamaika bizipen, eta urtetan zehar euskararen alde egindako lana biltzen ditu bere oroimenean”. Hain zuzen ere, 25. urteurrenaren harira egin duten memoriaren liburua ekarri zuen gogora Martinek; izan ere, euskaltegiarekin lotura izan duten dozenaka lagunen testigantzak jaso dituzte bertan. Baina historiari ez ezik, etorkizunari ere begiratu nahi izan zion, eta hastear den 2012/13 ikasturterako prestatu duten logotipo berria ere aurkeztu zuen, “nik maite dut euskara” dioena, “hori baita hizkuntza bat ikasterakoan izan dezakegun [...]
Beasaingo udal euskaltegiak 25 urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori ospatzeko ekitaldi nagusia egin zuten atzo, Igartza jauregian. Txalapartarien doinuak ongi-etorria egiten ziela, ehun lagun inguru elkartu ziren hitzaldietarako aretoan. Ekitaldian, Mari Paz Martin euskaltegiko zuzendariak, Koldo Agirre alkateak, Aitor Larburu zinegotziak, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara arloko zuzendariak eta Joxerra Gartzia hizkuntzalariak parte hartu zuten.
Beasaingo udal euskaltegiak 1987ko irailaren 1ean zabaldu zituen ateak; lau irakasle eta 103 ikasle zituen. Lehen urteak, egun kultur etxea dagoen eraikinean, udaletxearen ondoan egin zituen. Harrezkero ordea, udal euskaltegitik “4.000 eta 4.500 ikasle artean” pasa direla gogorarazi zuen Aitor Larburuk, eta egun, sei irakasle ari direla lanean.
Mari Paz Martin euskaltegiko zuzendariak, Igartza eta euskaltegia alderatu zituen. “Horma hauek historiaren pasarte ugari gordetzen duten bezala, Beasaingo udal euskaltegiak ere hamaika bizipen, eta urtetan zehar euskararen alde egindako lana biltzen ditu bere oroimenean”. Hain zuzen ere, 25. urteurrenaren harira egin duten memoriaren liburua ekarri zuen gogora Martinek; izan ere, euskaltegiarekin lotura izan duten dozenaka lagunen testigantzak jaso dituzte bertan. Baina historiari ez ezik, etorkizunari ere begiratu nahi izan zion, eta hastear den 2012/13 ikasturterako prestatu duten logotipo berria ere aurkeztu zuen, “nik maite dut euskara” dioena, “hori baita hizkuntza bat ikasterakoan izan dezakegun motibaziorik handiena”.
Bere aldetik, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara arloko zuzendariak, udal euskaltegiak urte hauetan guztietan egindako lana eskertu nahi izan zuen. Baina eskerrak, irakasleei ez ezik, ikasleei ere eman zizkien, “egiten duten ahalegina ez baita nolanahikoa”.
Nola egin euskara gozagarri
Hasierako aurkezpen lanak eginda, Joxerra Gartzia hizkuntzalariak hartu zuen hitza. “Zer egin behar dugu guk euskara gozagarri izan dakigun?” galdera eginez hasi zuen saioa. Gartziaren arabera, hiru arlo daude. Batetik, euskararekiko maitasuna edo atxikimendua. “Saiatzen gara gure ikasleek maita dezaten euskara; hori egin behar dugun? bai, noski; maite, zaindu eta famatu”. Bigarrena zabalkundea da; “euskara zabaldu behar al dugu hiztun eta alor gehiagotara iritsi dadin? Bai, noski”. Zentzu horretan, azken 50 urteetan “asko irabazi” dela uste du Gartziak, eta “nahiko garbi” dagoela, “lege kaskarrak izanagatik, legeren bat egon den tokietan gehiago aurreratu dela ahaleginik egin ez den tokietan baino”.
Hizkuntzak bizirauteko beste baldintza bat, eguneratzea da. Zentzu horretan, euskara eguneratu dela eta “batasun prozesua ezinbestekoa” izan dela dio Gartziak. Anekdota moduan, ikastolen sorrera garaian Goierriko hainbat tokitan, euskara batuan sortzen zen ikas materiala goierrierara itzultzen aritzen zirela gogorarazi zuen. Hizkuntzak “noranahikoa” ere izan behar duela aipatu zuen, eta euskara “bide horretan” doala.
Hiru puntu horien diagnosia eginez, lehen puntutik, maitasunetik, “agian gehiegi” dugula uste du; izan ere, “hemen ez dago euskara maite ez duenik”. Bigarren puntuari dagokionean, berriz, zera esan zuen: “egin dena egin da, toki batzutan gehixeago, toki denetan gutxiegi, baina zer edo zer egin da”. Baina Gartziaren ustez, azken puntuan, erabilerari dagokionean dago gakoa. Izan ere, hizkuntza bat “erabili eta baliatze horretan dago, egotekotan, gozamena”.