Garia, lanaren haria
Euskal Jaietako artisau azokan garia da aurten gaia. Lekaio kultur elkartearen inguruan, erakusketaz arduratzen den batzordeak gariaren prozesu osoa garatu du, iazko azaroan hasita. Lurra prestatu, garia erein, zaindu, alperra pasatu, ebaki, jo, eta errotan eho. Ogia ere egin dute.
Urretxuko Mendizabal baserriko lurretan erein zuten garia. Lehenik, lurra laiarekin irauli zuen baserritar talde batek. Beste pusketa bat idi-goldeekin maneiatu zuten.
Santu Guztietatik San Martinera bitartean ekin zioten prestaketa lanari, azaroaren 1etik 11ra, ohiturak markatu bezala. «Taldeko baserritarrek eurek zaindu dute saila. Garbi esaten ziguten aurrez zer egin. Santa Lutzitarako erre egingo zela iragarri ziguten, eta bete zen», dio Xabi Lasak, taldeko kideak.
Otsailean alperra pasa zuten soroan. Martxotik maiatzera, «bakean» utzi eta gero, burua erne zitzaion gariari.
Ebaki igitaiekin eta segarekin egin zuten. Oloa eta garia bereizi, azaoak egin eta metatan pilatu, eta lehortzen utzi. Garia jo ondoren, alea Gabiriako Igeribar errotara eraman zuten. Han, Joxe Kruz Baztarrika errotariak esplikatu zien, bai errotaren zatiak zeintzuk diren, bai funtzionamendua, eta, noski, baita alea eho ere.
Azkenean, Mendizabal baserriko Ixiarrek ogia egin du, etxe ondoko sailean etorri den gariaren irinarekin.
Helburua, etnografia lana praktikan jartzea ez ezik, alderdi materiala eta ez materiala biltzea ere bada. Prozesu guztia bideoan grabatu dute, eta argazkiak ere egin dituzte. Maider Sudupek ikus-entzunezkoa muntatu du, 30 minutukoa. Urretxuko udaletxean aurkeztu zuten, ostiralean.
Grabaketaz gain, parte hartu duten baserritarrei ahozko elkarrizketak egin dizkiete. Lanketa bakoitzaren xehetasunak, hiztegia eta jakingarriak erregistratu dituzte horrela. Nekazariek beraiek bizi izandako langintza izanda, eta gaur egun desagertuta egon arren, ahanzturatik berreskuratu diete haiei ere lana.
Lekaio kultur elkartea artisau azokak antolatzen direnetik ari da urtero gai monografiko bat lantzen. 2004tik, plazan aurkezteaz gain, hiztegia atera izan dute. Ahozko grabaketak ere egin dituzte.
Iaz artilea landu zuten, aurreko urteetan, sagardogintza, gaztainak, garo metak egin… «Konturatu ginen tresna zaharrak, hitzak eta ofizioak berreskuratzen ari ginela, horrelako ekimenekin hasi ginenean. Ondare materiala eta ez materiala jasotzen ari gara», dio Lasak.
Artisau azoka eta erakusketa prestatzen duena «lan-talde ikaragarria» da, «indar handia» duena. Elkarteko kideez gain, baserritarrak eta parte hartu nahi duen oro ari da lanean. «Irekia da. Aurten bi lagun gehiago sartu dira. Balizko gaiak botatzen ditugu, eta baserritarrek edo adituek esaten dute egin litekeen ala ez, nola, zer fasetan…».
Garai batean Gipuzkoan zen Zaharkinak proiektuan oinarritu ziren. Zerainen eta Ezkio-Itsason, adibidez, burutu zituzten proiektuak. Baserrietatik tresna, erreminta eta osagai zaharrak jaso, katalogatu eta herriarentzat erakusketan jartzea zen Zaharkinaken helburua. «Guk, dena aldi berean bildu beharrean, urtean gai jakin bat hartzen dugu. Transmisio lan polita egin daiteke», argitu du Lasak.
Euskal Jaietako goizean, etzi, gariaren prozesuaren laburpena azalduko dute, plazan.
Urretxun eta Zumarragan, bertakoek gogoratzen dutenez, 1965ean erein zuten azkeneko aldiz garia. «Erratzuko Genarok erein zuela esan digute, orain 47 urte».
Mitologiatik eguneroko bizimodura, garia goierritarren oremahaian beti
Haundi banintzen, txikie banintzen, maiatzen buru nitzen; berrogeigarren egunerako oramahien ora nitzen», dio Goierriko esaera zahar batek. Gariari buruz ari da, zekale preziatuak sinesmen kolektiboan izan duen eraginaren adibide bat. Mitologian bertan aurki litezke erreferentziak. Ataunen, San Martin Txikik Muskiko kobara jo zuenean, Basajauni gari aleak galtzerdietan lapurtzeko asmoz, zera abestu omen zion begibakarrak: «Ja, jaaai! Baleekia artuko likenea: orr’irtete, arto eitte; orr’erorte, gari eitte; ta San Lorentzoota arbi eitte». Izan ere, San Lorentzok (abuztuaren 10a) «esku batean sua eta bestean ura» ditu, gari-buru helduak galsoroa galtzeko arriskua, uztailean ebaki, mutxirioetan metatxoak egin, eta bildu ezean.
Eguneroko bizimodurako ere erreferentzia garrantzitsua zen garia. «Garia jaulki bage daukie oraindio neska gazteok», dio beste esaera zahar batek, eskarmentu edo ‘buru kantsaziorik’ ez dutela izan bizitzan, Julian Alustiza ‘Aztiri’-k jaso zuenez. «Guraso geranok, hemen garia eta oloa ondo jaulkita», gehitu zuen.
Errotarako joan-etorriak eta labe-suen goxoa iradokitzen ditu, bestetik, gariaren prozesuak. «Gure errotak bederatzi kolpe kanporako egiten zituen, eta hamargarrena etxerako», zioen Gabiriako Igeribarko Angel Izagirrek. Errentak, lanak edo zerbitzuak ordaintzeko ere garia zuten diru, duela denbora asko ez, goierritarrek.