BKL saskibaloi eta eskubaloi taldeak bi kiroletan dituen talde guztien aurkezpena egin du Antzizar kiroldegian. Haurretatik hasi eta helduetaraino, jokalari eta entrenatzaile guztiak aurkeztu dituzte gurasoen eta jarraitzaileen aurrean. Txalo eta ohiu artean egin diete harrera ikusleek eta gainerako jokalariek talde guztietako kideei, eta zuzendaritzak BKLren partidetara joateko deia egin du, orain arte bezala, jarraitzaileak izango baitira sarri taldeari hauspoa emango diotenak. Grisa eta gorria oinarri hartuta, ekipazio koloretsua dute aurten BKLko jokalariek, eta jantzi dotoreak soinean zituztela egin dute aurkezpena ere. Jokalari eta talde bakoitzari argazkia aterata, taldeko argazkia egin dute amaieran, eta ekitaldia bukatzeko mokadutxoa ere jan dute jokalari, teknikari, entrenatzaile, guraso eta jarraitzaile guztiek. Guztira 10 talde aurkeztu dituzte goizean, kategoria bakoitzetik mutilen talde bat eta nesken talde bat, haurretatik seniorretara. Denboraldia ia hastear dute gazteenek, eta seniorrek ia bigarren partida jokatu dute gaur, larunbata, Urretxun. Neskek datorren astean ekingo diote denboraldiari. Saskibaloi eskola, martxan Taldeak osatzeko oinarria sortu berria duten saskibaloi eskolan du BKL taldeak. Iaz jarri zuten martxan, eta 2.000. urtean jaiotako 80 gaztetxo aritu ziren. Haietatik, nesken eta mutilen talde bana sortu da. Aurten ere saskibaloi eskola martxan jartzeko asmoa dutela jakinarazi dute zuzendaritzatik, eta aurki irekiko dute izen emateko epea. Eskolaren helburua gazteei [...]
Trenasa enpresako langileek elkarretaratzea egin dute CAFen kanpoaldean, Beasaingo lantegiaren sarrera nagusiaren parean. Trenasa CAF enpresaren filiala da, eta langile batzordetik jakinarazi dutenez, euren lana “%100ean CAFen menpe dago”. Trenasako zuzendaritzak 58 familiari eragiten dion Enplegua Berregituratzeko Plana jarri zuen martxan martxoan, irailera arte iraungo zuena. Orain, ordea, luzatu egingo du plana, eta hori salateko neurri gehiago hartu behar izan dituztela azaldu dute: “Gure lana %100ean CAFen esku dago, eta gure zuzendaritzak ezer egiten ez duela ikusita erabaki dugu Beasaina etortzea”. Langile batzordeak bost puntuko proposamena aurkeztu dio Trenasako zuzendaritzari Enplegua Berregituratzeko Plana geldi dezan. Astean 35 orduko lanaldira hurbilduko den murrizketa proposatzen dute langileek, eta CAFek egiten dituen kofre guztiak Trenasan egin ditzala exigitzea eskatzen dio zuzendaritzari. Trenasako langileak CAFeko beste sekzio batzuetan berrantolatzeko aukera azter dezan ere eskatzen du langile batzordeak, eta 2013ko martxora arte baja inzentibatu boluntarioak onartu ditzala.
Partida gogorra izan da gaurkoa Ampo Ordiziarentzat. Gernikarrak indartsu etorri dira eta, batez ere bigarren zatian, bi taldeen arteko aldea nabarmena izan da: 16 eta 34 galdu dute ordiziarrek Altamiran. Gogotsu zeuden Axio Arañaren mutilak Gernikari aurre egiteko, baina bizkaitarrek merezita irabazi dute. Bigarren zatian, 0-25ekoa izan da Gernikakoek lortu duten aldea. Hasiera ona izan dute ordiziarrek, partida hasi eta segituan aurretik jarri baitira Krollen bi zigor kolperi esker (6-0). Itxura guztien arabera, Ampo Ordiziakoak izan behar ziren etxean historia egin behar zutenak, baina bizkaitarren lan onak ez die utzi. Zortzigarren minutuan 6-3koa etori da, Cusackek egindako drop bati esker, eta 12.minutuan etorri da seinako berdinketa, Cusackek berak egindako zigor kolpe batekin. Lehen zatia amaitu aurretik, aurretik ziren ordiziarrak (16-9), baina bigarren zatia hasi orduko berdindu dute berriz gernikarrek. 45. minututik aurrera bizkaitarren nagusitasuna areagotu egin da eta partida bukatzeko minutu baten faltan bonusa lortu dute. Azkenean, 18 puntuko aldearekin amaitu da partida. Jarrera kontua Axio Araña entrenatzaileak funtsezko jokalari batzuen jarrera faltari egotzi dio gaurko hutsa. Atsedenaldian gogorarazi die jokalariei aurkaria gaur egungo ligako talderik onena dela, eta aurretik joan arren “edozer” gerta zitekeela, eta asmatu du. Aizpurua jokalari gazteak eta Joanes Aierbe kapitainak egin duten lan ona ere [...]
Urriaren 21eko hauteskundeei begira EH Bilduren programa aurkezteko ekitaldia egin dute Ordizian. Julen Agirre (ezker abertzalea), Belen Maiza (EA) eta Mikel Leunda (Aralar) izan dira programa aurkeztu dutenak, eta hauteskunde hauek duten garrantzia, EH Bilduk hartuko dituen konrpomisoak eta koalizioaren ardatzak eta proposamenak azaldu dizkiete ordiziarrei. Agirreren arabera urriaren 21eko hauteskundeak “hauteskunde historikoak dira”, eta “ematen den testuinguru politiko eta ekonomikoan aparteko garrantzia hartzen dute”. Hori azpimarratzeko, lau arrazoi eman ditu Agirrek: “Soberanistek eta abertzaleok zer nolako indarra dugun erakusteko aukera” da hau Agirreren arabera. Alderdi tradizionalak koalizioaren “olatua” erortzen noiz hasiko den “zain” daudela ere gaineratu du Agirrek, baina EH Bilduk “biltzen jarraitzeko duen indarra” azpimarratu du ezker abertzaleko kideak. “Espainiako kateekin apurtzeko” garaia dela ere nabarmendu du Agirrek, “Espainia lurralde antolamendurako eredua krisi sakonean sartuta” dagoelako. Hala, “soberanian sakontzeko” deia egitendu EH Bilduk. Egungoa “eredu kapitalistaren krisia” dela ere aipatu du Agirrek Ordizian. Horren aurrean EH Bilduk epe motzera eta luzera begira dtuen “alternatibak” aipatu ditu, baina horretarako “botere instituzionala behar” dutela adirazi du ezker abertzaleko kideak. Indar hori, ordea, herritarrena dela esan du Agirrek, eta norbanako bakoitzaren esku dagoela krisi kapitalistari aurre egitea eta “bestelako ereduak eraikitzea”. EH Bilduk “gatazkaren konponbidean urratsak emateko” dituen aukerak aipatu ditu [...]
Kontsumo jasangarria bultzatzea helburu duen Ekobira azoka egin dute gaur Beasainen. Produktu ekologikoen ekoizleak, eskulangileak, material birziklatuarekin lan egiten dutenak eta energia berriztagarrien sektoreko enpresek parte hartu dute. Gernika pa...
San Migel jaiak baliatuz, lehen Basherri Eguna ari dira egiten gaur Lazkaon. Aterkipean bada ere, hainbat herritar gerturatu da goizean plazara, bertan zeuden animaliak ikusi, herriko nekazarien produktuak erosi eta ia askorentzat arrotzak diren lanbideak ezagutzera. Udaletxeko arkupeetan nekazaritzako tresna zaharrak jarri dituzte, eta tartean artoa nola txikitzen zen ikusteko aukera dago. Kultur etxean, berriz, herriko baserrin inguruko erakusketa dago, baserri bakoitzari buruzko datuekin eta duten ekoizpenari buruzko informazioarekin. Plazan herriko baserrietako produktuak daude, erdian animaliak eta estalpe azpian baratzeko produktuak. Eta hau guztia, baserritarren “lan etengabea eta garrantzitsua” aitortzeko, lazkaotarrek herriko baserrietan “zer nolako aniztasuna eta aberastasuna” dagoen jakin dezaten, herritarrek garaian garaiko produktuak erosteko aukera izan dezaten eta horiek erosteko ohitura har dezaten eta herriko baserrien inguruan herritarrei informazioa emateko.