Goi tentsioko argindar linearen proiektuaren aurka manifestazioa egin dute
Goierriko 300 bat bizilagunek manifestazioa egin dute gaur eguerdian, Ordiziako plazatik Beasaingora. Goi tentsioko linearik ez goiburupean, REE Red Electrica de España enpresak Deikaztelutik (Nafarroa) Itsasora (Ezkio-Itsaso) eraiki nahi duen goi tentsioko argindar linearen aurka errefusa azaldu dute. Goierriko Goi Tentsioko Plataformak deitu du manifestazioa.
Eskualdeko herri askotako bizilagunak bertaratu dira, batez ere proiektua eragina izan dezakeen herrietakoak. Nafarroako talde bat ere bildu da protestara.
Bultzatzaileek bukaeran adierazi dutenez, “horrelako ekintzen bitartez” lortuko da “azkenean” proiektua geldiaraztea.
Beasaingo plazan irakurri dute agirian, eta bost aldarrikapen nagusi zabaldu dituzte. Lehena, proiektua geldiaraztearen garrantzia dela azaldu dute, “osasunean, jarduera sozio-ekonomikoan, turismoan eta babestutako ondarean izan dezakeen eraginagatik”. Proiektuak “inolako justifikaziorik” ez duela gaineratu dute.
Informazio falta gainditzeko aldarrikatu dute, bestetik. “Urtebete pasa bada jada, Nafarroako eta Gipuzkoako udaletxeetan proiektuaren aukera desberdinen ikerketa jaso genuenetik. Geroztik inolako informaziorik ez daukagu”, esan du Mutiloako alkate Iñaki Ugaldek, agiria berak irakurri baitu.
Deikaztelu-Itsaso linea eraiki ahal den ala ez Espainiako Gobernuak uda honetan erabaki behar zuen, aurreikuspenen arabera. Baina oraindik ezer ez da publikoki jakinarazi.
Topografoak lanean ari dira
Manifestazioren ondoren salatu dutenez, teknikariak dagoeneko lurra aztertzeko lanak eta ikerketak egiten hasiak dira. “Topografoak badabiltza neurketak egiten, batean eta bestean. Inolako baimenik eskatu gabe, horrek sortzen duen guztiarekin: aurreiritziak, zalantzak, kezkak eta galderak”.
Gaiarekiko “sentsibilizazioa” sortu nahi dute, informazioa zabalduz. Arlo ugaritako eragileek parte hartzeko eskatu zuten, “bai politika, bai kultura, osasun arloa, kirola eta beste hainbat arlotakoak”.
Gaurko manifestazioaren ondotik, aurrera begira “jarraitu” beharra dagoela aurreratu dute, “proiektua geldiaraztea lortu arte”. Goierriko plataformatik ekimen gehiago antolatu dituztela aurreratu dute. “Denon indarrarekin proiektua geldiaraztea lortuko dugu”, esanez bukatu da protesta-ekitaldia.