Sara Cozar: «Zinearen eta euskararen alde apustu egin beharra daukagu»
Sara Cozar (Ordizia, 1980) aktorea lehenengo aldiz pelikula bateko protagonista izan da: Aitor Mazoren eta Patxo Telleriaren Bypass komedian. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta oso gustura daude jendearen harrerarekin. Asteburu honetan Ordizian ikusi ahal izango da filma eta Cozar bertan izango da. Umetatik atsegin al duzu antzeztea? Denborarekin, umetatik dudan zaletasuna dela konturatu naiz: Urdaneta ikastetxean, adibidez, antzerkia zegoen bakoitzean, han nengoen. Ahal banuen, protagonistaren rolean. Ondoren, institutuko antzerki taldean, Ordiziakoan… aritu nintzen. Gainontzeko gauzak ez nituen hain gogotsu egiten. Noiz egin zenuen lan lehenengo aldiz profesional moduan? Kasualitate edo zorte kontua izan zen. Ordiziako lagun bat eta biok casting batera joan ginen, aitzakia horrekin eguna Donostian pasatzeko. Abesteko eskatu zidaten eta burura etorri zitzaidan abesti bakarra Atxilipu izan zen. Inongo lotsarik gabe abestu eta dantzatu nuen. Goenkaleko zuzendariak bideoa ikusi zuen eta, berak niri esana, «nor ote da ero hau?» pentsatu zuen. Goenkalen lan egiteko deitu zidan. Zer moduzko esperientzia izan zen? 2001ean izan zen, 21 urte nituen. Publizitatea ikasten ari nintzen eta ustekabean iritsi zen, Atxilipu abestiari esker. Ostiralean deitu zidaten eta astelehenean bertan hasteko. Ama eta biok sofan eserita geunden eta oso harrituta gelditu ginen. Goenkale nire eskola izanda, erritmo oso bizian lan egiten baita. Telesail horri [...]
Sara Cozar (Ordizia, 1980) aktorea lehenengo aldiz pelikula bateko protagonista izan da: Aitor Mazoren eta Patxo Telleriaren Bypass komedian. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta oso gustura daude jendearen harrerarekin. Asteburu honetan Ordizian ikusi ahal izango da filma eta Cozar bertan izango da.
Umetatik atsegin al duzu antzeztea?
Denborarekin, umetatik dudan zaletasuna dela konturatu naiz: Urdaneta ikastetxean, adibidez, antzerkia zegoen bakoitzean, han nengoen. Ahal banuen, protagonistaren rolean. Ondoren, institutuko antzerki taldean, Ordiziakoan… aritu nintzen. Gainontzeko gauzak ez nituen hain gogotsu egiten.
Noiz egin zenuen lan lehenengo aldiz profesional moduan?
Kasualitate edo zorte kontua izan zen. Ordiziako lagun bat eta biok casting batera joan ginen, aitzakia horrekin eguna Donostian pasatzeko. Abesteko eskatu zidaten eta burura etorri zitzaidan abesti bakarra Atxilipu izan zen. Inongo lotsarik gabe abestu eta dantzatu nuen. Goenkaleko zuzendariak bideoa ikusi zuen eta, berak niri esana, «nor ote da ero hau?» pentsatu zuen. Goenkalen lan egiteko deitu zidan.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
2001ean izan zen, 21 urte nituen. Publizitatea ikasten ari nintzen eta ustekabean iritsi zen, Atxilipu abestiari esker. Ostiralean deitu zidaten eta astelehenean bertan hasteko. Ama eta biok sofan eserita geunden eta oso harrituta gelditu ginen. Goenkale nire eskola izanda, erritmo oso bizian lan egiten baita. Telesail horri esker, azkar lan egiteko ahalmena garatu nuen. Hasieran denbora asko behar nuen testuak ikasteko, baina handik gutxira berehala ikasten nituen. Bestalde, Goenkalen ikasi nuen une oro kamaren kokapena kontrolpean izaten. Zortzi denboraldi egin nituen bertan.
Mimi, zure pertsonaia, oso ezaguna zen.
Kalera irteten nintzenean jendeak Mimi deitzen zidan, eta oraindik ere deitzen didate. 7.000 lan egingo ditut, 20 urteko pasatuko dira, eta Mimi izaten jarraituko dut. Hasieran oso gaizki neraman. Lotsa handia ematen zidan, batez ere Ordizian nengoenean: lagunekin nengoela haur bat autografo baten eske etortzen bazen, lurrak irentsia izateko gogoa sentitzen nuen. Baina ez naiz Mimitaz nazkatu, asko eman dit-eta.
Zeintzuk dituzu zure lanik gustukoenak?
Semearen eta alabaren artean hautatu beharra bezala da egindako lan bat aukeratzea. Telebistan Goenkale, Mugaldekoak, Qué vida mas triste, Mi querido Klikowsky… telesailetan lan egin dut. Kuttunenak Goenkale eta Mugaldekoak ditut. Azken hau oso esperientzia polita izan zen: arropa, beste garai bateko pertsonaiak eta hizkera… Dena den, Mimi dut pertsonaiarik maiteena. Ni Mimi naiz eta Mimi ni da. Antzerkiari dagokionez, nire antzezlan kuttunak Emakumeak izarapean eta Las mujeres de verdad tienen curvas dira. Zineari dagokionez, Bypass hautatuko dut, lehenengoz pelikula batean protagonista izateko aukera eskaini baitit. Dena den, Izarren argia ere berezia izan zen.
‘Bypass’ Donostiako Zinemaldian aurkeztu duzue. Zer nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia polita izan da. Nire kezka nagusia urduri jartzea zen, baina oso lasai egon nintzen. Elkarrizketa asko eman ditugu eta estreinaldia sekulakoa izan zen: zinema aretoa beteta zegoen, harrera oso ona izan du, kritikak oso onak izan dira…
Mundu osoan ezagunak diren aktoreekin hitz egiteko aukera izan al duzu?
Ez naiz batere mitomanoa. Sekula ez dut autograforik eskatu. Benicio del Tororengandik gertu egon nintzen, baina ez nintzen hurbildu. Ricardo Darin asko gustatzen zait eta, gertu suertatuz gero, berarengana joan eta gustatzen zaidala esatea pentsatu nuen. Azkenean, gertu izan nuen, baina ez nintzen ausartu.
Zein da zure ametsetako pertsonaia?
Aurreko mendeetako pertsonaiaren bat egin nahi dut. Bestalde, izaera gogorreko emakumeak gustatzen zaizkit. Mata Hari, adibidez. Ni neu ere izaera gogorrekoa naiz.
Zertan zabiltza egun?
Hil arte bizi antzezlanaren emanaldi asko ditugu urrian eta azaroan. Abenduan, berriz, Emaztegaiaren semea estreinatuko dugu. El hijo de la novia pelikula ospetsuaren antzerkirako bertsioa da. Iker Galartza, Kandido Uranga, Iñake Irastortza, Mikel Laskurain eta bostok gara aktoreak.
Ordizian egingo al duzu emanaldirik?
Hil arte bizi antzezlanarekin otsailean izan ginen eta Emaztegaiaren semea ere bertara eramatea espero dugu. Bestalde, asteburu honetan Bypass pelikula emango dute Ordizian. Asko eskertzen diet estreinatu eta berehala Ordiziara eramatea, eta ordiziarrei filma ikustera joatea gomendatzen diet. Ez dira damutuko. Bestela, dirua itzuliko diet. Komedia oso ona da eta, gainera, euskaraz. Orain arte Euskal Herrian ez da halakorik egin, eta ondo pasatzeko aukera paregabea da. Zinearen eta euskararen alde apustu egin beharra daukagu.
Krisirik nabaritzen al duzu?
Krisia sekulakoa da. Gure lanbidea beti krisian dago. Asko nabaritzen da, sekula baino gehiago, udalek ez baitute dirurik. Telebistan ere ez dago dirurik. Beste batzuetan aukerak egon badaude, baina ez dizute deitzen. Egun, berriz, apenas dago aukerarik. Itxaropenari eustea besterik ez zaigu gelditzen. Une txarra bizi dugu eta murrizketen aurka nago. Kulturak izaera ematen dio herri bati, eta ezin gara kulturaren aurka joan. Bestela, artaburuak izango gara. Ea gauzak hobetzen diren.