Itsasondoko ziklo-kros proba Superprestigiorako baliagarria izango da
Hemeretzi proba edukiko ditu hasi berri den Euskal Herriko ziklo-kros denboraldiak. Horietatik hiru Goierrin jokatuko dira. Legazpin, Itsasondon eta Ormaiztegin. Dagoeneko bi asteko ekinaldia darama neguko txirrindularitza sasoiak. Eskualdeko lasterketak abenduan jokatuko dira. Lehenbizikoa Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatuko du, abenduaren 2an, igandearekin. Iaz berreskuratu zuten Legazpiko proba, hamabost urteko gabezia asetzeko. Gipuzkoako txapelketa hartuz itzuli zen, gainera. Ziklo-kros probak antolatzen tradizio luzeagoa duten beste bi herrik ere ez dute huts egingo. Itsasondoko karrera abenduaren 8rako antolatu dute, larunbata. Espainiako Superprestigio txapelketarako baliagarria izango da, Euskal Herrian zirkuitu horretan kokatu dituzten lauretatik azkena —Laudio, Muskiz eta Elorrio dira besteak—. Pastelaren hozkada gozoena Ormaiztegin egin ahalko da aurten. Urte Zahar bezperan, hilaren 30ean, Euskadiko Ziklo-Kros Txapelketak jokatuko dira, adin maila guztietan. Ormaiztegin 42. ekitaldia izango du ziklo-krosak. Euskal Herriko ziklo-kros denboraldiko lasterketak Araban (4), Bizkaian (10) eta Gipuzkoan (5) jokatuko dira. Nazioarteko izaera hiruk dute: Karrantzak —urriaren 28an jokatu zen—, Asteasuk eta Igorrek. Ormaiztegin 50 urte lehenengo probatik Euskal Herriko ziklo-kros txapelketa Ormaiztegin jokatzeak badu osagai historikoa ere. Aurten 50 urte beteko dira herrian lehenbiziko aldiz ziklo-krosa antolatu zenetik. 1962ko abenduaren 2an jokatu zen lehenbiziko aldiz. «Federazioari eskatu genion ea Ormaiztegin egin dezakegun Euskadiko txapelketa, urteurrena dela eta. Baiezkoa eman digu», dio [...]
Hemeretzi proba edukiko ditu hasi berri den Euskal Herriko ziklo-kros denboraldiak. Horietatik hiru Goierrin jokatuko dira. Legazpin, Itsasondon eta Ormaiztegin. Dagoeneko bi asteko ekinaldia darama neguko txirrindularitza sasoiak. Eskualdeko lasterketak abenduan jokatuko dira.
Lehenbizikoa Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatuko du, abenduaren 2an, igandearekin. Iaz berreskuratu zuten Legazpiko proba, hamabost urteko gabezia asetzeko. Gipuzkoako txapelketa hartuz itzuli zen, gainera.
Ziklo-kros probak antolatzen tradizio luzeagoa duten beste bi herrik ere ez dute huts egingo. Itsasondoko karrera abenduaren 8rako antolatu dute, larunbata. Espainiako Superprestigio txapelketarako baliagarria izango da, Euskal Herrian zirkuitu horretan kokatu dituzten lauretatik azkena —Laudio, Muskiz eta Elorrio dira besteak—.
Pastelaren hozkada gozoena Ormaiztegin egin ahalko da aurten. Urte Zahar bezperan, hilaren 30ean, Euskadiko Ziklo-Kros Txapelketak jokatuko dira, adin maila guztietan. Ormaiztegin 42. ekitaldia izango du ziklo-krosak.
Euskal Herriko ziklo-kros denboraldiko lasterketak Araban (4), Bizkaian (10) eta Gipuzkoan (5) jokatuko dira. Nazioarteko izaera hiruk dute: Karrantzak —urriaren 28an jokatu zen—, Asteasuk eta Igorrek.

Egoitz Murgoitio, Itsasondon iaz. Aurten Superprestigioa irabazteko hautagai nagusia da. /Aimar Maiz
Ormaiztegin 50 urte lehenengo probatik
Euskal Herriko ziklo-kros txapelketa Ormaiztegin jokatzeak badu osagai historikoa ere. Aurten 50 urte beteko dira herrian lehenbiziko aldiz ziklo-krosa antolatu zenetik. 1962ko abenduaren 2an jokatu zen lehenbiziko aldiz.
«Federazioari eskatu genion ea Ormaiztegin egin dezakegun Euskadiko txapelketa, urteurrena dela eta. Baiezkoa eman digu», dio Angel Elortzak, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarte antolatzaileko kidea.
Geroztik zortzi urtetan soilik huts egin dute. Hiru aro izan ditu lasterketa horrek. Abenduaren 30ekoa 42. aldia izango da. «Euskal Herriko eta Estatuko ziklo-kros zaharrena da Ormaiztegikoa, martxan daudenetatik», gogoratu du Elortzak.
Mende erdia betetzea ospatzeko, lasterketa gorena prestatzeaz gain, beste ekitaldiren bat ere jarri nahi dute gaur egungo antolatzaileek. «Sortzaileei omenaldi bat egiteko asmoa badarabilgu. Juan Mari Leturia, Crispin Lasa eta Fausto Gurrutxaga izan ziren ziklo-krosarekin hasi zirenak, Baso Txulo soziedadetik. Bakarra bizi da», dio Elortzak.
Ormaiztegin 1992an ere jokatu zen Euskadiko txapelketa.
Euskal egutegia
Ziklo-kros probak
- Urriak 27. Lezama.
- Urriak 28. Karrantza (nazioartekoa).
- Azaroak 3. Laudio (Superprestigiokoa).
- Azaroak 4. Muskiz (Superpr).
- Azaroak 10. Arbulo.
- Azaroak 11. Elorrio (Superpr.)
- Azaroak 18. Zornotza.
- Azaroak 25. Ermua.
- Abenduak 1. Ametzaga.
- Abenduak 2. Telleriarte.
- Abenduak 6. Asteasu (nazioartekoa).
- Abenduak 8. Itsasondo (Superprestigiokoa).
- Abenduak 9. Igorre (nazioar.)
- Abenduak 16. Zeberio.
- Abenduak 23. Oñati.
- Abenduak 30. Ormaiztegi (Euskadiko txapelketak).
- Urtarrilak 5. Durana.
- Urtarrilak 19. Berriz.
- Urtarrilak 27. Ispaster.